Saskibaloia

Garaipenik gabe, aurrenekoaren bila

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 17a, 00:00

Mundarroko mutilek astean zehar 50-81 galdu zuten Atlético San Sebastianen aurka eta bigarren taldeek Liga hasiko dute.

Astigarragako Mundarro eta Hernaniko taldeek ez dute nahi bezala, garaipenekin, hasi denboraldia eta asteburu honetan aurrenekoak lortu nahi dituzte, denak etxetik kanpo. Ez da erraza izango. Hori bai, Liga gehiago hasiko dira eta Mundarro eta Hernaniko bigarren taldeek lehenengo jardunaldia izango dute senior hirugarren mailan. Jubenil eta kadete taldeek oraindik ere zain egon beharko dute denboraldia hasi baino lehen.

Honela, senior nesken lehen mailan, Mundarrok Mons- -eko kiroldegian jokatuko du CD Internacionalen kontra. Hori, bihar izango da eguerdiko 12:00etan. Partidu bakarra jokatu du taldeak, orain arte, eta galdu egin zuen. Aurkariak bi partidu jokatu eta biak irabazi ditu, liderra da eta zaila izango da garaipena lortzea.

Egoera berean aurkitzen da Hernani, senior gizonezkoen lehenengo mailan. Zarautzera egingo dute bisita, bihar arratsaldez. 18:15etan hasiko da partidua eta pasa den asteko partidua bertan behera geratu eta gero bi puntu batu nahi dituzte. Paper gainean, Zarautz maila pareko taldea da eta oreka espero da markagailuan.

Oreka hori asteartean falta izan zen Mundarro eta Atlético San Sebastianen artean. Donostiarrak jaun eta jabe izan ziren eta 50-81 gainditu zituzten astigartarrak, Aieten jokatu zen partiduan. Hiru partidutan hiru porrot izan dituzte moreek. Asteburu honetan ez dute jokatuko.

Bai Mundarroko eta bai Hernaniko bigarren taldeek gaur hasiko dute denboraldia hirugarren mailan. 16:00etan hernaniarrak Mons-en ariko dira Internacionalen kontra eta astigartarrek, 16:15etan, Arrasaten jokatuko dute Mondragon Unibertsitatearen kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!