Hernani eta Mundarroko futbol talde desberdinek asteburu honetan hasiko dute denboraldi ofiziala

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 17a, 00:00

Denboraldi berezi honetan Hernaniko Ohorezko mailakoek gaur, 16:30etan, Añorga hartuko dute Zubipen. Mundarro bihar Zestoan ariko da.

Futbola, kirol erregea, asteburu honetan jarriko da martxan Gipuzkoan eta Hernani eta Mundarroko talde desberdinak prest daude aurredenboraldia osatu eta gero. Hernaniko Erregional Ohorezko mailako taldeak Añorgaren aurka jokatuko du gaur, 16:30etan, Zubipen eta Mundarrok bihar ekingo dio denboraldiari, Zestoako Iraetan, 16:30etan, Gorengo mailan. Hernaniko bigarren taldeak ere bihar jokatuko du maila horretan, Tolosan, 11:00etan.

Euskal Ligako neskak beranduago hasiko dira, azaroaren hasieran, baina Erregionalak bihar, Touring izango dute aurrez aurre, 10:00etan, Zubipen.

Ohorezko Jubenil mailako taldeak asteburu honetan hasiko dira; Real Unionen kontra  Irunen, gaur 16:00etan, astigartarrak eta Zubipen, Beasainen aurka, hernaniarrak bihar 12:15etan. 

Hernaniko ohorezko kadeteek, neska eta mutilak, Añorga izango dute aurkari. Neskak gaur, 10:30etan jokatuko dute Rezolan eta mutilek leku berean, bihar, 12:00etan hasiko dute partidua. Mundarroko mutil jubenilek Beti Ona hartuko dute etxean, gaur, 10:00etan eta neskak Cesar Beniton Intxaurdi, izango dute aurrez aurre 09:30etan..

 

Protokolo desberdinak lekuen arabera

Herri eta Udal bakoitzak protokolo desberdinak dituzte eta horrek zuzenean taldeei eragiten die. Hori horrela, Hernanin eta Astigarragan desberdinak dira protokoloak. Unai Munduate entrenatzaile hernaniarrak dio beraiek orain ari direla finkatzen. «Hasiera batean ikusleen %30a sartu daiteke Zubipera. Horrek suposatzen du etortzen den ia jende guztia sartu ahalko dela. Hori bai, beti ere neurri bereziak errespetatuz distantzia eta protokoloei dagokionez».

Mundarroren egoera desberdina da. Beñat Iñurritegi entrenatzaileak azaldu duenez  Zarkumendegin aurredenboraldian jenderik ez da egon. «Instalakuntza bakoitzak eta udalek beraien protokoloak dituzte. Oraingoz Liga ikuslerik gabe hasiko dugu, baina gustatuko litzaiguke zaletuek hurbiltzeko aukera izatea».

 

«Lehendabiziko helburua aurreneko fasean 3 aurrenekotan geratzea da»

 

Pasa den urteko taldea mantentzen du eta gainera «hiru postu indartu nahi genituen eta lortu dugu» dio Unai Munduate entrenatzaileak.

 

Hernani- Ohorezko Erregionala

Hernaniko mutilen talde nagusiak  gaur hasiko du denboraldia, 16:30etan Zubipen, Añorgaren aurka. Unai Munduatek jarraituko du entrenatzaile moduan eta urtea nola ikusten duen azaldu digu. «Aurten Liga desberdina da, bere alde onekin eta txarrekin. Bi multzo egin dira, hamar talderekin bakoitzean, eta helburua lehenengo hiruen artean geratzea da, igoera fasea jokatzeko». Sei talde horietatik lehenengoa igoko da Hirugarren mailara eta bigarren sailkatuak promozioa jokatu beharko luke. 

«Bi liga izango dira. Aurrenekoa 18 partidukoa eta gero hamar partidukoa. Bigarren fase hori talde denek zero punturekin hasiko dugu. Laugarren postutik atzera sailkatzen direnak jaitsiera postuak jokatuko dituzte».

Taldea mantentzen du Hernanik eta pasa den urtean Liga geratu zenean Anaitasuna eta Eibarrengandik puntu bakarrera zeuden. «Pena izan zen, gainera Zubipen irabazi egin genien eta zuzenean igotzeko aukerak genituen. Azkoitiko taldea igo zen. Hala ere, horrek ez du atzera bueltarik, aurrera begiratu behar dugu». Eta aurrerako begirada horretan ilusio haundia dute hernaniarrek. «Pasa den urteko ia jokalari denak mantentzen ditugu. Hiru postu indartu nahi genituen eta lortu dugu taldera ekartzea postu horietarako nahi genituenak. Konpetentzi haundiagoa du postu bakoitzak eta horrek mesede egingo digu. Alde horretatik gustora gaude. Denak jarraitzen dute. Beheko taldetik ere igo ditugu mutilak».

Orain emaitzak ikusi beharko dira. «Talde orekatua dugu eta orain egin behar dudan kudeaketa izango da garrantzitsuena».

 

«Txapelketak zure lekuan jartzen zaitu eta talde gehienak  desberdinak izanda ezinezkoa da jakitea nola ibiliko garen»

 

Mundarroko talde nagusia Gorengo mailan ariko da Beñat Iñurrietaren agindupean, beste urte betez. «Berrogeialdia pasa behar izan dute eta horren ondorioz sei mutilek utzi egin dute, hala ere kopurua mantendu dugu taldean».

 

Astigarraga- Gorengoa

Beñat Iñurritegik lau urte daramatza Mundarroko lehenengo taldeko entrenatzaile modura eta bihar denboraldi berri bat hasiko du Zestoan. Partidua Zestoan, Iraetan jokatuko dute, Getariako Ketaren aurka, 16:30etatik aurrera. Iñurrietak dioen bezala «denboraldi desberdina».

Gorengo preferente maila hiru multzotan banatu da. Aurreko urteetan bi multzotan zeuden banatuta eta Mundarro bigarren multzoan zegoen. «Beste bi multzoak  hamabikoak dira eta gurea hamaika taldez dago osatuta. Lehendabiziko biak, sei guztira, bigarren fasera sailkatuko dira eta hor igoera jokatuko da itzuli batera. Bi taldek lortuko dute mailaz igotzea. Amaitzerik ez balego, hiru lehenengoak triangular batean erabakiko litzateke. Besteekin zer gertatuko den oraindik ez dago argi» dio Beñatek.

Liga hogei partidurekin hasiko da. «Entrenatzen hasi eta bigarren astean berrogeialdia pasa behar izan genuen, hori iralaren 14tik aurrera izan zen. Horren ondorioz sei jokalarik utzi dute taldea. Ikasten eta lanean ari dira eta ikusi dute ezin dutela arrisku hori artu. Sei baja horiek bigarren taldetik igotakoekin, bueltan itzuli diren birekin eta kanpotik etorritako batekin bete ditugu.  Kopuru aldetik mantendu dugu jende nahikoa eta alde horretatik pozik gaude. Hori bai, entrenatzeko ez dugu denbora askorik izan. Jarraian entrenatzeko hilabete bat eskas izan dugu. Gainera kontuan hartu behar da aurretik sei hilabete egon ginela geldirik».

Egokitzea, beste erremediorik ez da geratzen Mundarron. Gainera pasa den urtetik ia talde gehienak aldatu dira eta multzoan hiru-lau talde dira berdinak. «Aurredenboraldian jokatu ditugu partidu batzuk. Zelaiko sentsazioak berreskuratzea izan da helburua. Erdoilduta egoten da gorputza eta berriz puntuan jartzeko erabili ditugu partidu horiek. Ez da gaizki joan. Txispa hartzen egon dira. Aurkituko duguna denboraldian zehar desberdina izango da zentzu guztietan. Urnieta, Hernani, Ostadar eta gu gara multzoan errepikatzen dugun bakarrak».

Helburuak finkatzea ezinezkoa dela dio Beñatek. «Txapelketak jartzen zaitu zure lekuan. Ez dakigu zer eragin eduki duen geldialdiak taldeetan eta seguru positiboak egongo direla eta horrek ere eragin haundia izan dezake. Denboraldi arraroa eta desberdina izango da. Urte zaila izango da futbolarentzat, ez- hoikoa».

Mundarrok duen abantaila da egitura mantentzen dela azken urteetatik. «Jokalariak ezagutzen didate, nik beraiei ere bai aspalditik eta horrek konfidantza sortzen du».

 

«Gure bederatziko multzoa oso gogorra da, bost aurkari
lehiakorrekin, baina helburua lau aurrenekotan geratzea da»

 

Lehendabiziko lauak igoera fasea jokatuko dute eta denboraldia azaroaren 1ean hasiko dute Hernaniko neskak Athletic-en aurka Lezaman.

 

Hernani- Euskal Liga

Euskal Ligako neskak gehiago itxaron beharko dute denboraldia hasteko. Azaroaren 1ean hasiko dute txapelketa eta entrenatzaile lanetan ariko da bigarren urtez jarraian Fernando Molina argentinarra. Ilusioz gainezka dago, nahiz eta hasiera benetan zaila izan. «Lezaman eta Athletic-en aurka egingo dugu debuta aurtengo Ligan. Pentsa nolako erronka dugun aurrean».

Pasa den denboraldia bertan behera geratu zen eta Reala igo zen mailaz. Aurten egitura aldatu da eta bederatzi taldetako bi multzotan banatu da Liga. Hernaniri multzo gogorra suertatu zaio zozketan. «Lehenengo lau sailkatuak igoera fasera sartuko dira eta hurrengo bost sailkatuak jeitsiera fasea jokatuko dute» dio Molinak.

Helburua argi du argentinarrak. «Lau aurreneko postuetan sailkatzea da. Multzo bakoitzetik lau taldek zortzikotea osatuko dugu». Entrenamenduak abuztuko lehenengo hamabostaldian hasi zituzten. «Gero atsedena hartu genuen eta berriz hasi genituen saioak irailean».  Luze egiten da itxarotea, baina aurredenboraldian lagunarteko partiduak jokatu dituzte eta entrenatzailea pozik agertu da taldeak eman duen mailarekin. «Tolosa, Eibar, Osasuna... maila altuko taldeen aurka neurtu ditugu indarrak. Azken larunbatean Eibar eta Osasunaren aurka triangularra jokatu genuen Zubipen. Berdindu egin genuen Eibarren aurka eta irabazteko partiduan, sei aukera garbi edukita».

Pasa den urtetik jokalari gehienak mantendu dituzte, nahiz eta bi neska Erasmusekin kanpoan egon. «Garrantzitsuak dira eta abenduan ea bueltatzen diren, zain gaude. Bigarren taldetik jokalariak igo dira, Paula aurrelaria maila onean dabil; Añorgatik Sara etorri da; Intxaurditik Janet; eta berriz futbolean hasi den Irati Galdeano defentsa sasoian jartzen ari da».

Oinarri sendoak dituela aurreratzen du entrenatzaileak. «Atezainak, Maialenek maila oso altua du, Olaia, Leire... futbolari interesagarriak ditugu oinarri sendoa ematen digutenak eta ilusioa pizten dutenak».

Athletic-en partidua dute buruan. «Ilusio haundia dugu eta helburuak goian jartzen ditugu. Epe ertainean igoera fasera sartzea. Bederatzi taldeetatik sei indartsuak dira, zozketan ez dugu zorterik izan, baina barrenean egon nahi dugu. Athletic, Eibar, Leioako Emakumeak, Goierri-Gorri, Elorrio... bost talde horiek indartsuak dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!