Mendialdeko Azoka eginen dute Goizuetan, azaroaren 8an

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 16a, 00:00
Artisau eta nekazarien postuak paratuko dituzte azokan. Argazkia: Felix Loiarte

Herriko nekazari eta artisauei luzatu diete parte hartzeko deia; eta postua paratzeko, zabalik dago izenemate epea: udaletxean, edo 948 51 40 06.

Bertan behera geratu da Feri Eguna Goizuetan, baina azokarik ez da faltako, azaroan: Mendialdeko Azoka eginen dute hilaren 8an, eta eskualdeko nekazari eta artisauek paratuko dituzte postuak, bertan.

Hori horrela, azokan parte hartzeko deia luzatu die Goizuetako Udalak, herritarrei. Postua paratzeko, zabalik daukate izena emateko epea, herriko nekazari eta artisauek, urriaren 23ra arte: 948 51 40 06 telefonora deitu behar dute, edo Goizuetako udaletxera jo. Goizuetarrek ba­karrik ez, Mendialdeko gainerako nekazari eta artisauek ere badute aukera, postua paratzeko: Arano, Areso, Leitza, Larraun eta Lekunberrikoek.

Nekazari eta artisauen azoka izanen da, beraz; eta beraien ekoizpen eta produktuak saltzeko aukera izanen dute bertan. Salmenta postuak egonen dira soilik, eta aziendarik ez da izanen Mendialdeko Azokan.

Udalak jakinarazi dute, bestalde, pre­bentzio eta babes neurriak hartuko direla azokan, COVID-19aren aurka: norabide bakarreko zirkuitua markatuko dute, aforoa mugatua izanen da momentu bakoitzean, gel hidroalkoholikoa egonen da eta eskuak garbitu beharko dituzte bisitariek, eta musukoa jantzita eramatea derrigorrezkoa izanen da, besteak beste.
Joan den astean iragarri zu­en Feri Batzordeak, aurten ez dela Feri Egunik izanen; baina bertako nekazari eta artisauei erakusleiho bat eman nahi izan die Goizuetako Udalak, Cederna Garalurrekin batera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!