Laneratzen laguntzea helburu duen Hazilan programan izena eman daiteke

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 14a, 00:00
Urigain etxean eman daiteke izena, eta bertan egingo dute formakuntza faseko orientazio atala.

Gazte enplegua sustatzeko proiektua da, eta Beterri-Buruntzako Udalek eraman dute aurrera. Urriaren 22a da ekimenaren hasiera data.

Beterri-Buruntzako Udalek aurrera eramaten ari diren programa da Hazilan, eta 20-44 urte bitarteko gazte kualifikatuei zuzenduta dago. Helburu nagusia «laneratzen laguntzea» da, eta urriaren 22an izango da ekimenaren hasiera data.

Garapenek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea), proiektuko kide diren hogei garapen agentziekin batera, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Europako Gizarte Funtsarekin (%50eko finantziazioarekin) elkarlanean jarri zuen abian 2016-2021 aldian, Hazilan laneratze-proiektua. Profil zehatz bati bideratutakoa da programa hau. Alegia,  «langabetuen artean, 20-44 urte bitarteko gazte kualifikatuak, unibertsitate tituludunak edo goi mailako ikasketak dituztenak» dira proiektuaren erronka nagusia.

Proiektuak enpresen premia errealen identifikazioa du oinarri. Premia horien arabera, pertsona kualifikatu batzuk hautatu eta baliabideak eta prestakuntza jasoko dituzte, enpresa-proiektuarekin motibatuta eta inplikatuta egongo den talde batean sartzeko beharrezkoak direnak. Hazilanek metodologia berritzailea dakar, gaitasun pertsonalen eta enpresa-proiektuaren araberako ibilbide pertsonalizatu batekin. Batetik, konpetentzia pertsonalak eta profesionalak lantzen dira eta, bestetik, aukera eskaintzen da lanpostuari lotutako prestakuntza espezializatua jasotzeko, enpresan praktikak egiteko edota enpresako proiektuak garatzen parte hartzeko.

Lehenengo formakuntza fase bat egingo da, bi ataletan banatua. Lehena, 80 orduko orientazio fasea, Andoaingo Urigain etxean; eta bigarrena, Lanbideko ikastaroa, La academian, Donostian. Horren ondoren, 200 orduko praktikaldia egingo da enpresetan.

 

Izena emateko, bi aukera

Proiektuan izena emateko interesa dutenek, bi bide dituzte. Telefonoz egin dezakete, 943 30 08 30 (394 telefono luzapenarekin), edo aurrez aurre, Andoaineko Urigain etxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!