Xabier Mikel Azparren astigartarra bosgarren, Valenciaga Memorialean

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 13a, 00:00
Jon Barrenetxea eta Xabier Mikel Azparren, igandean. Argazkia: 'helmuga.cloud'

Onenekin batera ibili zen astigartarra, baina ezin izan zuen eutsi Arrateko igoeran. 40garren izan zen Ander Amonarriz. 

Azkeneko lasterketak ari dira jokatzen aste hauetan, errepideko txirrindularitzaren denboraldi­an.­ Baina proba garrantzitsuak dira, oraindik ere, lehiatzen ari direnak. Horietako bat da Valenciaga Memoriala, Eibarren jokatu zena igandean. 
Eta afizionatu mailako ziklista onenen artean, eguraldi petralarekin, aurre-au­rrean ibili zen Xabier Mi­kel Azparren: bos­garren sailkatu zen, Arrateko gaineko helmugan. Pro­tagonista izan zen astigartarra, gainera. Berak jo zuen aurreneko eraso serioa, Ixuan gora, eta aurrena pasa zen gainetik. Berriro elkartu zen tropela aldapa behera, eta San Migueleko mendatera bidean egin zuen ihes astigartarrak, berriro, Jon Barrenetxearekin eta Xabier Isasarekin batera. 
Tartea egin zuten hirurek, eta aurrean hasi zuten azkeneko igoera, Arratera bidean. Isasa atzean utzi zuten Azparrenek eta Barrenetxeak, baina atzetik iritsi zen Pelayo Sanchez, eta bere erasoak jokoz kanpo utzi zuen astigartarra. Azkenean, Barrenetxea nagusitu zen helmugan, eta beste bi txirrindularik ere gainditu zuten Azparren, atzetik iritsita: Miguel Angel Ballesterosek eta Abner Gonzalezek. Biak sartu ziren po­diumean, azkeneko bihurgu­neetako batean arazoren bat izan zuelako Sanchezek. Barrenetxea irabazlea baino 12 segundu beranduago sartu zen Xabier Mikel Azparren, eta Unai Iribar taldekidea izan zen hurrengoa. Haientzako lanean aritu zen Ander Amonarriz hernaniarra, bien taldekidea Laboral Kutxa taldean. 40garren helmugaratu zen Amonarriz, hiru minutu eta erdira. 
Bigarren sail­katu ziren taldeka, eta mendiko sailkapene­an ere bigarren izan zen Xabier Mikel Azparren.

Kadeteak, Segurako Sarian
Kadete mailako txirrindulariak ere atera ziren errepidera, larunbat arratsaldean. Segurako Saria jokatu zuten, eta bertan izan ziren bailarako hiru ziklista. 27garren sailkatu zen Unax Urretabizkaia hernaniarra, Yago Aguirre taldekide eta irabazlea baino 1:03 beranduago helmugaratuta. 56garren izan zen Tasio Semperena, eta 78garren Aner Zilbeti, biak ere hiru minutura.
Datorren asteburuan, zita ba­na izango dute Gipuzkoako errepideetan, juniorrek eta kadeteek. Mendaron ariko dira juniorrak, larunbatean arratsaldeko 16:00etan, Javier Ezenarro Memorialean. Eta Lazkaon daukate hitzordua kadeteek, larunbatean goizeko 10:00etan, Hesparru Proba lehiatzeko.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!