Partidurik galdu gabe jarraitzen dute Xuban Iturbek eta Markel Urdangarinek, Epleko bikoteari irabazita

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 13a, 00:00
Xuban Iturbe sakea egiteko prest, Markel Urdangarin atzean duela, larunbateko partiduan.

22-13 nagusitu ziren kadete hernaniar eta astigartarra, Gipuzkoako Txapelketan. Urkizuk eta Labakak, berriz, galdu egin zuten nagusietan; eta baita Zurutuza eta Legarreta goizuetarrek ere, Mendialdeko Txapelketan, buruz buru.

Partidu gutxi jokatu dituzte asteburu honetan, Urumea bailarako esku pelotariek; eta emaitza gazi-gozoak lortu dituzte, jo­katutakoetan. Kadeteetan lortu zuten emaitzarik onena, hirugarren mailan, Xuban Iturbe hernaniarrak eta Markel Urdangarin astigartarrak. 22-13 irabazi zuten larunbatean, Epleren kontra; eta partidurik galdu gabe jarraitzen dute, Gipuzkoako Txa­pelketan. Hortaz, beraien multzoko lider dira, ligaxka bukatzeko bi partidu falta direnean.

Larunbateko jaialdiko beste partiduan, ordea, ezin izan zuten garaipena lortu Iñigo Urkizuk eta Iñigo Labakak, nagusien lehenengo mailan. Partidu ona jokatu zuten hernaniarrek, bai­na Tolosako bikotea nagusitu zitzaien azkenean, partidu estuan (20-22). Hori horrela, hernaniarrek zailagoa daukate orain, hurrengo fasera sailkatzea; eta mailari eustea izango dute helburu, ligaxka bukatzeko hiru partidu falta direnean.

Mendialdeko Txapelketan ezin, Zurutuzak eta Legarretak
Ez da asteburu ona izan bailarako esku pelotarientzat, Mendialdeko Txapelketan ere: buruz buruko bi partidu jokatu dituzte goizuetarrek, txapelketaren bosgarren jardunaldian; eta biak ala biak galdu dituzte. Leitzan aritu zen Zurutuza, larunbat goizean, Aurrerako Lekuonaren kontra; eta 11-18 galdu zuen goizuetarrak. Legarretak, berriz, Le­kunberrin jokatu zuen igande goizean, Larraungo Ijurkoren kontra, eta ez zuen aukerarik izan: 6-18 galdu zuen.

Eta Baztango Torneoan ere aritu dira bailarakoak, asteburu honetan. Zehazki, zortzi esku pelotari hernaniar aritu dira Elizondon, binaka; eta emaitza onak lortu dituzte: lau partidutik hiru irabazi dituzte. Kerejetak eta Oiagak, 18-4 irabazi zioten Epleko bikoteari; Macicior eta Oses 18-9 nagusitu ziren, Epleren kontra; eta Apaolazak eta Etxarrik ere 18-9 irabazi zuten, Ataunen kontra. Mendiablek eta Zabalak jaso zuten porrota bakarra, Lesakaren kontra (16-18).  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!