Osasuntsu dago mendizaletasuna, Urumea bailaran. Eta orain arte antolatu izan diren irteerei, berriak gehituko zaizkie, bi mendi talderen sorrerarekin: Arainburu Goizuetan, eta Zipotza Astigarragan. Biek, datorren astean egingo dute estreinako irteera, asteburuan.
Urriaren 24an egingo du estreinako irteera, larunbatarekin, Arainburu Mendi Taldeak; eta Goizuetako inguruetan izango da. Plazan elkartuko dira, goizeko 08:45etan, eta kotxez joango dira goiko zentralera. Bertatik abiatuko dira oinez, eta Sasaingo errekari buelta zirkularra emango diote.
Goiko zentraletik abiatuta, Sasaingo errekari buelta zirkularra emango diote goizuetarrek:
6,7 kilometroko ibilbidea izango da, erraza, 273 metroko desnibelarekin.
6,7 kilometrokoa izango da ibilbidea, zailtasun berezirik gabekoa, 273 metroko desnibelarekin. 13:00ak aldera egingo dute buelta, herrira. Irteeran parte hartzeko, beharrezkoa izango da izena ematea, aldez aurretik, Goizuetako Estankoan. Urriaren 22a izango da azkeneko eguna. Mugatua izango da partehartzaile kopurua.
Otsailetik esperoan, aurreneko irteera egiteko
Ez da atzo goizeko kontua, Arainburu Mendi Taldearen sorrera. Izan ere, urtarrilean hasi ziren taldea osatzeko bilerak egiten, eta otsailean eratu zuten; baina Koronabirusaren eraginez, orain arte ezin izan dute irteerarik egin. Urriaren 24an egingo dute aurrenekoa, zortzi hilabete esperoan egon ondoren.
Orain urtebete jarri zuten, mendi taldearen hazia. Joan den urteko urrian, irteera antolatu zuten, Kultur Agendaren barruan: Abañotik abiatu, Aranotik igaro, eta Goizuetan bukatu zuten, Hernani eta Goizueta lotzen dituen oinezko bidearen zati bat eginez; eta historiako hainbat pasarte ezagutzeko aukera ere izan zuten, ibilbidean zehar, Jose Jabier Etxeberriaren azalpenekin. 27 lagun elkartu ziren orduan, eta egindakoarekin gustora, irteera gehiago antolatu eta mendi taldea sortzeko gogoa piztu zitzaien.
Hori horrela, urtarrilean egin zuten aurreneko bilera, mendi taldea osatzeko asmoz; eta otsailerako eratu zuten: Arainburu jarri zioten izena, Goizuetako mendirik altuenaren omenez. Mandoegi (1.046 metro) ezagunena izanagatik, altuagoa da Arainburu, 1.054 metrorekin. Arantza aldera dago Arainburu, Mendaur mendilerroan, Loitzateren segidan. Zubietarekin egiten du muga Goizuetak, Arainburun; Beintza-Labaienekin pixka bat lehenago, Loitzate inguruan; eta Arantzarekin aurrerago, Komizko Gaina edo Ibintzan. Handik gertu dago Ekaitza tontorra, eta baita Mendaur ere.
Taldea aurkeztu eta aurreneko irteera egiteko hitzordua, Zipotza Mendi Taldeak
Urriaren 24an ekingo badiote goizuetarrek, hurrengo egunean jarriko dira martxan, astigartarrak. Igandean jarri du hitzordua Zipotza Mendi Taldeak, taldea bera aurkeztu, izango duen funtzionamendua azaldu, eta aurreneko irteera egiteko.
Goizeko 09:30etan elkartuko dira, Zipotza elkartean; eta bertatik abiatuko dira oinez. Izan ere, Arainburuk bezala, herriko inguruetan egingo du aurreneko irteera, Zipotzak ere. Zehazki, PR-GI 209 izeneko ibilbidea osatuko dute, Astigarragako inguruetan buelta zirkularra osatzen duena. 12 kilometro dira, eta herrigunetik abiatuta, Santiomendira eta Astigarragako Bentetara igoko dira, inguruko paisaiaz gozatzeko. Lau ordu inguruko iraupena izango du, gutxi gorabehera, eta bukaeran, gainera, hamaiketakoa eskainiko die Zipotza elkarteak, partehartzaile guztiei.
Bi herritar hasi ziren mendi taldea sortzeko ideiarekin lanean, eta Zipotzaren baitan osatu dute, «Zipotza bizirik dagoelako, eta ohitura onekin jarraitu nahi dugulako. Gogotsu gaude, eta uste dugu indarra hartuko duela. Mendiaz gozatzeko irrikaz gaude herritarrak», nabarmendu dute.
Asmoa da, hilean behin antolatzea irteerak, Euskal Herriko mendiak ezagutzeko. Zipotzan elkartuko dira beti, eta bertara bueltatuko dira ondoren, «tabernari eta elkarteari indarra eta garrantzia emateko asmoz», jakinarazi dutenez. Larunbatetan edo igandeetan egingo dituzte irteerak: «horien berri emango dugu Kronikan, sare sozialetan, WhatsApp bidez, eta Zipotzan».
PR-GI 209 izeneko ibilbidea osatuko dute astigartarrek, herriko erdigunetik abiatu, eta Santiomendira eta Bentetara igota. 12 kilometro dira, eta lau orduko iraupena aurreikusi dute.
Eta irteera horiekin, lau helburu nagusi markatu dituzte, Zipotza Mendi Taldetik: «harreman berriak sortzea, Euskal Herriko mendiak ezagutzea, kirola sustatzea, eta mendiko kirol ezberdinak ezagutzeko aukera izatea», nabarmendu dute.