39 lagunek eman zuten odola Hernaniko hitzorduan, eta 14 auzotarrek Ereñotzun

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 12a, 00:00
Auzotar bat odola ematen, Ereñotzuko hitzorduan, joan den asteazkenean.

Aurreko astean izan zuten odola emateko aukera, eta guztira 53 estrakzio izan ziren.

Joan den astean izan zuten hitzordua, Ereñotzuko eta Hernaniko odol emaileek, eta guztira, 53 estrakzio egin zituzten. Hernaniarrek, asteartean izan zuten hileroko zita, Goiz Eguzkin; eta oraingoan, 39 herritar gerturatu ziren, aurrez ordua eskatuta, odola ematera.

Ereñotzun, berriz, asteazkenean izan zuten odola emateko aukera, eta 14 auzotar izan ziren, Auzo Etxera hurbildu zirenak; apirileko hitzorduan baino bost gutxiago.

Hernaniko Odol Emaileen Elkartetik jakinarazi dute, bestalde, elkartearen Gabonetako loteria eskuragarri dagoela, Portalondo estankoan eta Kutixi kafetegian; eta azaroko odol ematean ere izango dela erosteko aukera, Goiz Eguzkin bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!