Zaintza lanak demokratizatzeari begira, bi eguneko jardunaldiak egingo dituzte Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 12a, 00:00
Emaginek eskualdeko zaintza lanei buruz osatu duen ikerketa laneko irudi bat.

Beterri-Buruntzaldeako Udalek eta Emaginek antolatu dituzte, eta urriaren 23an eta 24an izango dira, Milagrosan eta Biterin. Parte hartzeko, izena eman behar da, 'emagin.eus' web orrian edo 943 59 09 02 telefonoan.

Zaintza lanei buruzko jardunaldiak egingo dituzte eskualde mailan, Beterri-Buruntzaldean, da­torren astean. Udalek eta Ema­gi­nek elkarlanean antolatuta, bi eguneko jardunaldiak izango dira, urriaren 23an eta 24an; eta Hernanin egingo dituzte biak: ostiralekoa Milagrosan, eta larunbatekoa Biterin.

Zehazki, zaintza lanak demokratizatzeari begirako saioak izango dira, hitzaldi, aurkezpen, mahai inguru eta eztabaidekin. Aforoa mugatua izango denez, beharrezkoa da izena ematea, aldez aurretik. Horretarako, telefonoz deitu daiteke 943 59 09 02 zenbakira, edo emagin.eus web orrian egin daiteke, formulario hau beteta. Izena eman daiteke bi egunetarako, edo egun bakarrerako. Haurren zaintzarako zerbitzua ere izango da aukeran.

Argitara, eskualdeko zaintza erregimenaren diagnostikoa

Ostiralean egingo diete harrera, jardundietako partehartzaileei, arratsaldeko 17:30etan Milagrosan. Eta ordu erdi beranduago hasiko da aurreneko saioa: hitzaldia eskainiko du Matxalen Legarretak, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak: Zaintzak erdigunera. Zertaz ari gara?

Ondoren, 19:00etan hasita, eskualdera ekarriko dute zaintza lanen gaia. Izan ere, Beterri-Bu­runtzaldeako zaintza erregi­me­naren diagnostikoa eta ekin­tza­rako proposamena prestatu du Emaginek, eta Milagrosan aurkeztuko du, jardunaldietan.

178 orrialdeko txosten mardula osatu du Emaginek, gaiaren inguruan, Zaintza lanen demokratizaziorantz izenburupe­an. Txosten osoa, dagoeneko ikusgai dago interneten, emagin.eus web orrian, jardunaldiei buruzko albistean bertan.

«Zaintza la­nak demokratizatzeko proze­su­an lagungarri izatea nahi du­­gu; eraldaketaren pizgarria, be­rregituratze baterako oina­rrizko tresna, eta eztabaida soziala sustatzeko erreminta», diote. Buruntzaldeako herrietan (Astigarragan, Hernanin, Urnietan, Lasarte-Orian, Andoainen eta Usurbilen), zaintza lanak nola antolatzen diren aztertu dute, eta «zaintza erregimena aldatzen hasteko, ekintzarako tresna bat sortu», na­barmendu dutenez.

Zehazki, ikertu dute eskualdeko zaintzaileen egoera, eta dauden baliabideak; eta proposamena garatu dute, identifikatu dituzten beharrei «erantzun bateratua» emateko.

Zaintza lanei buruzko herri eztabaida, larunbatean

Larunbateko saioa, berriz, goize­ko 10:00etan hasiko dute, Biteri kultur etxean. Mahai inguru batekin ekingo diote, eta bertan hartuko dute parte, lau kolektibotako ordezkariek: Radars Barcelona, Maitelan, Trabajadoras No Domesticadas eta Herrilab.

Eta jardunaldiak bukatzeko, herri eztabaidarako tartea egingo dute, eguerdiko 12:30etan hasita. Herri lanen demokratizazioa izango da eztabaidarako gaia, hain justu; eta horri begira, herri konpromisoak hartzea bilatuko dute, guztien artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!