Bi pala partidu jokatuko dira bihar kiroldegian

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 10a, 00:00

11:00etan hasiko dira jokatzen neska jubenilak eta ondoren neska nagusien txanda izango da.

Hernaniko palistak lau partidu jokatuko dituzte asteburuan zehar. Horietako bi, gaur, etxetik kanpo izango dira, eta beste bi, bihar, kiroldegiko frontoian. Aste honetan mutilek atsedena dute eta beraz partidu denak neskenak izango dira.

Kanpoan hasiko dute asteburua hernaniarrek. Gaur, goizeko 10:30etan, Ataungo Auzoeta frontoian etxeko taldea eta Hernani 2 neurtuko dira gomazko paletan, nagusien bigarren mailan. 30 minutu beranduago, 11:00etan, Anoetako Alkartasunan, lehenengo mailako neska nagusietan, Su-Berri 1 eta Hernani 2 taldeak nor baino nor ariko dira.

Hernanin jokatuko dira igandeko bi partiduak. 11:00etan, lehenengoak kantxaratzen neska jubenilak izango dira eta hernaniarren arteko lehia egongo da; Hernani 1, Hernani 3ren aurka. Ondoren, neska nagusien lehenengo mailakoa jokatuko da eta hemen Hernani 1 eta Su- -Berri 2 neurtuko dira. Partidu hau koronabirusagatik atzeratu zen bere garaian.

Koronabirusagatik, asteburu honetan, atzeratu dena Intxurren aurka jokatu beharrekoa izan da.

Eta azkenik, atzo Astigarragako frontoian Mundarroko eta Hernani 4 taldeen artean partidua jokatu zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!