Eider Silva eta Iñaki Lazkano

«'Mont Blanc' mendia igotzea izugarria izan zen, gehien gustatu zaigun mendia izan da»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 10a, 00:00

Eider Silva eta Iñaki Lazkano Mont Blanc mendiko tontorrean, 4.808 metroko gaiaeran, ikurrina eskutan dutela.

Alpeetako gailurrik altuena konkistatu zuten Eider Silva hernaniarrak eta Iñaki Lazkano astigartarrak, irailean. «Hurrengo helburua 7000 metroko altuera duen tontorra egitea da».

Nondik dator zuen zaletasuna mendiarekin? Noiz hasi zineten horrelako mendi altuak igotzen? 
E.S.: Niri beti naturarekin kontaktuan egotea gustatu izan zait. Egia da horrelako kirolak ez ditudala betidanik praktikatu, baina urteek aurrera egin ahala mendiarekiko interesa piztu zitzaidan.

I.L.: Nire familiak beti izan du mendiarekin lotura, eta mendiarekiko zaletasuna transmititu didate betidanik. Horregatik, gurasoekin asko joaten nintzen mendira txikitan. Eta aurrerago, helduagoa nintzenean, haratago joatea erabaki nuen. Eiderrekin batera erabaki nuen modu lehiakorragoan hastea mendian, eta duela 4 urte federatu ginen. Aurrera egiteko entrenamendu espezifikoak egiten hasi ginen, eta horrela jarraitu genuen pixkanaka, helburu zehatzak jarriz. 

Zuen ikasketak loturarik al dute mendizaletasunarekin?
E.S.: Zehazki mendiarekin ez du lotura zuzenik, baina biek kiroleko gradua ikasi genuen eta hortaz, kirola eta mendia sustatzen duen ikasketak badira, Gasteizen egin genituenak. 

Bidaiatzea ere gustuko duzue, ezta?
I.L.: Bai, posible dugunean hara eta hona mugitzen gara. Euskal Herrian oso mendi politak ditugu, baina guk altura bilatzen dugu eta hemengo mendiek gure helburu hori pixka bat mugatzen dute. 

Zein herrialdetan egon zarete?
E.S.: Mendiak egitera joan garenetan Nepal da egon garen leku esanguratsuena, baina Frantzian, Suitzan eta Italian ere egon gara mendiak igotzen. Horretaz gain, beste bidaia mota batzuk ere egin ditugu: Erresuma Batura, Filipinetara… Aukera dugun guztietan saiatzen gara abentura berriak prestatzen, eta asko gustatzen zaigu bidaiatzea.

Eider Silva hernaniarra, 'Weissmies'-eko ziman, Suitzan, 4.023 metroko garaieran.

«Hau ez bakarkako kirola, taldekoa da. Soka batekin lotuta goaz eta biek elkarrekin funtzionatzen dugu beti: batek laguntza behar badu, besteak tirako dio, eta alderantziz»


Zein da igo duzuen azken mendia?

I.L.: Abuztuan Pirinioetan entrenatu genuen eta gero Italiara joan ginen, Gran Paradisora (4061m). Azken hau aklimatatzen erabili genuen, gero Mont Blanc igoko genuelako. Eta azkenean, egin genuen, irailean lortu genuen tontorrera heltzea. 4808 metro ditu eta sekulako esperientzia izan zen. Gehien hunkitu gaituen mendia izan da, zalantzarik gabe; oso gogorra, baina betegarria.

Bi babesleku daude Mont Blanc igotzeko. Lehena 3100 metro inguruan dago, eta bestea, berriz,  4.000 metrotara. Normalean jendea azken honetatik abiatzen da zimara, desnibel gutxiago dagoelako, baina guk lehenengotik igo genuen, zuzenean. Aste osoan eguraldi txarra egin zuen, eta ez genekien igotzeko aukerarik izango genuen ala ez. Baina egun batean, goizeko 05:00etan esnatu eta 3 ordu elurretan egin ondoren, bapatean eguzkia irten zen eta espero ez genuen arren, egun horretan bertan gailurrera igotzea lortu genuen. Desnibel haundia dago beheko babeslekutik, 1600 metro inguru, baina tontorrera igotzeko helburua bete genuen. 

Kuriositatez… Hernani eta Astigarragako mendiak ere igotzen dituzue? 
E.S.: Egia esan ez ditugu igotzen. Lehen esan dugu moduan, altura bilatzea  gustatzen zaigu guri. Hala ere, orain, koronabirusa dela eta, inguruko mendiak erabili ditugu erresistentzia entrenatzeko. 

Egoeraren batean zuen burua arriskuan ikusi al  duzue? Horrela bada, noiz eta non?
E.S.: Mendiak ahalik eta hoberen prestatzen saiatzen gara. Aurreikuspenak begiratzen ditugu webgune ezberdinetan, eta horrelako egoera zailetarako egunero entrenatzen dugu. GPSa eta horrelako gailuen funtzionamendua ere ikasten dugu, arazorik izan ezean, nondik jo jakiteko. Hala ere, egia da mendiak berak beti dituela arriskuak. Izotz plakak edota esposizio haundiko guneak topatuz gero, beti kontu haundiarekin pasa behar dira. Baina kirol hau eginez gero arrisku hauek egongo direla jakin behar duzu, eta horren aurrean arduraz jokatu.
I.L.: Badaude paso batzuk, zure burua ehuneko ehunean hori ondo egiteko prestatzen baduzu ere, arriskua izan ditzaketenak. Kuriositate moduan, kontatu dezaket joan den udaran gertatutako zerbait: Cervino mendia (4.478m) egitera nindoala, bi egun lehenago arroka batetik soka tinko bat puskatu zela kontatu zidaten, eta bi pertsona hil ziren amildegitik behera joanda. Buruari bueltan ematen dizkiozu, baina Eiderrek esan duen moduan, mendizale batek kontuan hartu beharreko gauzak dira hauek. 

«Euskal Herrian dauden mendizaleak dira guretzat erreferenteak, eta hemen dagoen mendizaletasuna ere. Zortzi milako mendiak igo dituzten euskaldunen izen asko daude, eta mirestekoa da hori»

Iñaki Lazkano Cervino mendiko gailurrean, pioleta eskutan duela, 4.478 metroko mendiko konkista ospatuz.


Biek bakarrik egiten dituzue espedizioak, ala beste batzuekin edo taldean egiten dituzue?

E.S.: Binaka joatea gustatzen zaigu. Talde ona osatzen dugu eta nahiago dugu biok bakarrik joan. Pirinioetara joaten garenean ohitura dugu lagunen batekin joateko, baina orokorrean, irteera guztiak bakarrik egiten ditugu. 

I.L.: Kanpin denda eramaten dugu eta normalean ez dugu babeslekuetan lo egiten. Ez zaigu gustatzen jende askorekin topo egitea, nahiago dugulako lasai egon eta mendiaren lasaitasunaz gozatu. Horregatik joaten gara gehienbat neguan, udan jende asko egoten delako. 

Zeintzuk dira zuen erreferenteak?
I.L.: Euskal Herriko mendizaletasunarekin geratzen garela esango nuke, hemengo mendizaleekin. Izan ere, beti egon izan dira erreferenteak hemen. Zortzi milako mendiak igo dituzten euskaldunen izen asko daude, guretzat erreferenteak direnak. Eta guk, euskaldun moduan, orokorrean Euskal Herrian mendiarekin dagoen lotura hori miresten dugu. 

Zein erronka berri dituzue buruan?
I.L.: Duela 4 urte erronka gogorragoetan hasi ginenean helburu bat jarri nion nire buruari: Cervino mendia, Mont Blanc, eta Himalaiako 6.000 metroko mendi bat igotzea. 4 urte beranduago helburu hori bete dut eta beraz, ziklo hori itxi dut. Hurrengoa 7.000 metroko mendi bat igotzea izango litzateke; hau da, 1.000 metro gehiago irabaztea. Horregatik, bi erronka ditut buruan: Aconcagua, Argentinan (6.962m), eta Lenin, Kirgizistanen (7.134m).

E.S.: Nik ez ditut hain mendi potenteak egin, baina Mont Blanc egitea lortu nuen, eta 4.000 metroko hainbat mendi igo ditut. Gustatuko litzaidake Cervino igotzea eta Iñakirekin batera Argentinara joan eta Aconcagua egitea. 

Horrelako mendi altuak igotzeko, zer prestaketa egin behar da aurretik? 
E.S.: Esperientziarekin gauzak barneratu egiten dira, eta espedizio bakoitzarekin gauza berriak ikasten dira. Guk hemengo mendietan ikasi genuen lehenik, eta gero Pirinioetara joaten hasi ginen  neguan. Bertan teknika ezberdinak ikasi genituen, pioletekin nola frenatu jakiteko, esaterako. Eta hori ikasi ondoren, pixkanaka altuera gehiago dituzten mendiak egiten hasi ginen.

Mendietako desnibelari da­gokionean, alde fisikoa eta erresistentzia lantzea ezinbestekoa da. Mendian dena aldapa da, eta hortaz, asko entrenatu behar da. Bestela… ez zoaz inora! Guk astean zehar entrenamendu orokorrak egiten ditugu, denbora gutxiago dugulako. Eta asteburuetan, berriz, entrenamendu espezifikoagoak egiten ditugu; desnibel gehiago duten mendiak egiten ditugu eta altuera gehiago bilatzen dugu. Bestalde, aipatu beharra dugu, neguan elurretan entrenatzea ezinbestekoa dela. Altueran beti elurra egongo da; eta horregatik, neguan joanez gero, egoera horietan aurkituko duguna simulatuko da.

Lazkano eta Silva, Suitzako 'Nadelhorn' mendiko tontorrean, 4.327 metrotara.


Zein da gehien gomendatuko zenuketen mendia edo espedizioa?

I.L.: Orain arte egin dugun altuena da gehien hunkitu gaituena, zalantzarik gabe: Mont Blanc. Lurzoru ezberdinak konbinatzen ditu: harriarte batzuetatik hasten zara, harizta batzuetatik pasatzen zara gero, eta soka batzuetatik igaro ondoren glaziar batean agertzen zara. Eta azkenik, bukaeran, gailurrera heltzeko azkeneko metroetan, harizta fin batzuetatik pasa behar duzu, eta izotz dezente dago. Inpaktu haundia izan zen, eta asko gustatu zitzaigun, tramu ezberdin asko dituelako. 

Baliabide ekonomiko haundia behar da horrelako tontorrak igotzeko?
E.S.: Materialaren aldetik, inbertsioa haundia egin behar da hasieran. Baina beharrezkoa den zerbait da eta ondo zainduz gero, denbora luzerako izango da baliagarria. 
I.L.: Guzti horri gehitu behar zaio herrialde batzuetako parke naturaletara sartzeko baimenen kostua. Himalaian eta Aconcaguan, esaterako, prezioek gora egin dute. Eta horretaz gain, gu normalean furgonetan mugitzen gara, baina hegazkina hartuz gero ere desplazamenduaren gastuak ere kontuan hartu behar dira. Egia esanik, kostu dezente du horrelako mendiak egitea: materiala, gasolina, baimenak… guzti hori aintzat hartu behar da.

Mendizaletasuna areagotzen ari da azken urteotan. Zer iritzi duzue gaur egungo egoeraz? 
Bai, azken urteotan telebistan geroz eta ohikoagoak dira horrelako albisteak. Everesteko tontorra konkistatzeko egiten diren jende ilarak, eta horrelako beste asko... Aglomerazioak ikusten dira eta guk ikusi dugunagatik behintzat, erreskateek ere gora egin dute. Oso ondo prestatutako  jendea ikusi dugu mendian, baina baita prestatu gabeko beste asko ere... eta hori oso garrantzitsua da; kontu haundia izan behar da horrekin.

Udan Pirinoetara ez gara asko joaten, jende asko ibiltzen delako bertan, eta saihestu egiten dugu hori. Mont Blancera ere denboraldi amaieran joan ginen, nahita, eta oso gustura bizi genuen esperientzia. Nahiko jende gutxi zegoen, eta gozatzeko aukera izan genuen, gailurrean ere. Mendiak duen xarma galdu egiten da jende askorekin, eta guk behintzat, azken espedizio horretan, lasai egotea lortu genuen.

Zein da zuen hurrengo abentura?
Koronabirusaren kontu guzti hau ez dakigu noiz hobetuko den. Mugak noiz irekiko diren ere ez dakigu... eta horren zai gaude.  Beraz, gauza asko dira kontuan hartu behar direnak. Baina egoerak uzten badu, gure asmoa Himalaiara bueltatzea da. Oso esperientzia ona izan genuen bertan eta berriz zapaltzeko gogo haundia dugu. 6.500 metro inguruko mendiren bat egin nahi dugu; gure helburua altuera irabazten joatea da eta beraz, Himalaiara bueltatzea da aproposena.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!