Martxan da Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak dinamika

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 8a, 00:00

Eskualdeko sortzaileen topagune eta elkar harremantzeko gune izan nahi du. Urriaren 15ean egingo dute aurkezpena, Hernanin.

COVID-19aren ondorioz bizitzen ari diren «egoera ziurgabeak mu­giarazita», Buruntzaldeako Gazte Sortzaileak dinamika jarri dute martxan, «kultura eraikitzea maite dugun zenbait gaztek». Itxialdiaren aurretik ere, «bakartuta modu prekarioan» biziraun dutela diote, «nekatuta, kolektiboki zapaltzen gaituzten gaitz estrukturalei modu indibidualean aurre egin ezinik». Eta horregatik, elkar saretzeko beharra ikusi dute.


«Bizi dugun sistemak, kultura kontsumo eta aisialdi produktu soil bilakatu nahi duen garai hauetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da kulturgileok, sortzaileok, artistok, kulturako langileok... elkar saretu eta, gure eskubideak aldarrikatzearekin batera, gure izaera eta nortasuna indartuko duten elkarguneak sortzea», nabarmendu dute. Eta gaineratu dute, itxialdiak argi utzi zuela, artea eta kultura «lehentasunezko alderdiak direla gure bizitzetan.

Sorkuntza, argi izpi bilakatu zen bakardadez jositako zingira ilunean. Baina gure agintariek, horretaz ohartu eta itotzear den euskal kulturarekiko aitortza egin eta irtenbideak proposatu beharrean, berriz ere baztertuta utzi gaituzte. Ez da kasualitatea. Artea sormena da, mugimendua, dinamismoa. Norbanakoak eta, ondorioz, gizarteak as­tintzeko eta eraldatzeko gaitasuna duen motore iraultzailea», diote.

Hiru helburu nagusi, dinamikak
Egoera horretan, Buruntzaldeko Gazte Sortzaileen dinamika ja­rri dute martxan, hiru hel­bu­ru nagusirekin. Batetik, esku­al­deko gazte sortzaileek elkar ezagutu eta saretzea lortu nahi dute; eta horretarako, Burun­tzaldeko Gazte Sortzaileen Plaza sortu dute, webgune honetan: buruntzasortzailea.wixsite.com/buruntzasortzaile. «Plataforma di­gitala diseinatu dugu, esku­al­deko sortzaileen topagune eta elkar harremantze tresna iza­teko helburuarekin. Bertan bildu nahi ditugu, eskualdeko sor­tzaile ezberdinen profilak, kultur ekimenen agenda, di­na­mi­karen argibideak, proiektu berrien eta artista berrien beha­rren iragarki taulak, besteak beste. Bat egiteko, nahikoa da atarian ageri den galdetegia betetzea.


Bestetik, nahi diote modu bateratuan aurre egin, «euskal kulturgileok kolektiboki kolpatzen gaituen problematikari. Gure kultura pairatzen ari den bazterkeria salatu, eta honi arnasguneak eskaintzeko ekimenak eta aldarrikapenak gauzatzea dagokigu». Eta hirugarren helburua da, «inguratzen gaituen munduarekiko kritikoa eta konprometitua den kulturgilearen figura aldarrikatzea». Horretarako, gauzatu nahi dituzte eskualdeko herriak «zipriztinduko» dituen artegintza dinamika eta agogoeta proiektuak.

Aurkezpena Atsegindegin, datorren ostegunean
Hori horrela, deia luzatu diote eskualdean gazte sortzaile sentitzen den edonori, plataforman izena eman dezan, edo buruntzasortzaileak@gmail.com helbi­dean. Eta era berean, gonbitea luzatu dute, gaur zortzi, urriaren 15ean, Hernanin egingo duten aurkezpen ekitaldira. Atsegindegin izango da, 18:00etan, segurtasun neurriak beteta. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!