«Denon artean jartzen baditugu Emakumeen Etxearen oinarriak, gure sentituko dugu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 8a, 00:00
Belen Olaziregi eta Leire Goiburu, partaidetza saioen kartelarekin.

Hiru saio ireki antolatu dituzte Astigarragan, nolako Emakumeen Etxea behar duten erabakitzeko. Gaur izango da aurrenekoa, 18:00etatik 20:00etara kultur etxe zaharrean, eta herriko emakume guztiak gonbidatu dituzte.

Bete-betean sartuta dago Astigarraga, bere Emakumeen Etxea izateko prozesuan. Eta horretan, pauso bat gehiago emango dute gaurtik; pauso garrantzitsua, gainera: herriko emakumeekin batera jarri nahi dituzte, Emakumeen Etxearen oinarriak.

Hiru saio ireki antolatu dituzte horretarako. Gaur bertan izango da aurrenekoa, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, kultur etxe zaharreko areto nagusian; eta urriaren 22an eta azaroaren 5ean egingo dituzte beste biak, ordu eta toki berean.

«Denen artean jartzen baditugu Emakumeen Etxearen oinarriak, gure sentituko dugu etxe hori. Indarrak batu behar ditugu horretarako», nabarmendu dute Leire Goiburu Berdintasun teknikariak, eta Belen Olaziregi Aztifemiak taldeko kideak.

Beste bi Emakumeen Etxetako esperientziak ezagutzeko aukera, gaurkoan

Herriko behar bati erantzuten dio, Emakumeen Etxea edukitzeko proiektuak. «Udalak aurrez zeukan mahai gainean, eta herriko talde feministek ere eskatu dute», azaldu du Goiburuk. Berdintasun Sailak egin du aurreneko lanketa, eta herriko talde feministek ere, Aztifemiak taldeak eta Harituz elkarteak, egin dute beraien hausnarketa. Horiek bateratuta abiatuko dute partaidetza prozesua, Prometea  enpresak gidatuta, «denon artean erabakitzeko, zer nolako etxea nahi eta behar dugun».

Gaurko saioa izango da «gakoa», aurreratu dutenez, «bertan jarriko direlako bide-orria izango diren oinarriak. Bertan elkartuko diren emakumeak, izango dira talde motorea, hurrengo bi saioetan lantzeko Emakumeen Etxearen diseinua». Izan ere, Azpeitiako eta Zumaiako Emakumeen Etxeetatik etorriko dira, beraien prozesua, jarduna eta kudeaketa eredua azaltzera. «Nahi genuen Astigarragarekin ahalik eta antzekoenak izatea, gurean aplikatzeko modukoak izan daitezkeelako», azaldu du Berdintasun teknikariak.

Esperientzia horietatik abiatuz, erreferentzia bat izan nahi dute, zer eta nola egin daitekeen ikusteko; eta hurrengo bi saioetan, landuko dituzte Emakumeen Etxearen oinarri zehatzak: zein ezaugarri izango dituen, non kokatu daitekeen, zertarako erabili nahi den, zein espazio izango dituen, zein kudeaketa eredu, funtzionamendua, bazkidetza sistema behar duen, araudiak, ordutegiak...

«Saio horietan jasotzen dena hartuko dugu oinarri, Emakumeen Etxea martxan jartzeko, herriak dauzkan baliabideekin», azaldu du Goiburuk.

Hiru-lau belaunalditako emakumeak, elkarlanean

Antolatuta dauden taldeek bakarrik ez, herriko emakume guztiek parte hartzea nahi dute saio hauetan, talde anitza izatea, «etxe hau emakume guztiontzako delako». Eta aniztasun hori ari dira lortzen, Emakumeen Txokoan. Uztailean jarri zuten martxan, Emakumeen Etxearen zain egon gabe, behin-behineko espazio bat izateko.

«Duela ia bi urte hasi ginen elkartzen gu igandero, kalean, kaleak gureak zirela irudikatzeko ideia horrekin. Baina ikusi genuen behar genuela espazio fisiko bat eta azpiegitura bat, eta espazio hori nola bete feminismoz, berdintasunez...», azaldu du Olaziregik. Itxialdian zabaldu zuen inkesta bat Aztifemiak taldeak, Emakumeen Etxearen inguruan; eta jasotako erantzunak aztertuta, gaiaren inguruko eztabaida hasi zuten. Baina lanketa horiek egiteko, lokal baten premia ikusi zuten itxialditik bueltan, eta Udalak eskaini zizkien lokalen artean, aukeratu zuten Emakumeon Plazan dagoena: «bertan egonda oso aproposa ikusten genuen».

Ia astero elkartu da ordutik, aste batzuetan ia egunero ere bai, herriko mugimendu feminista: bat egin zuten Aztifemiak taldeak eta Harituz elkarteak, eta beste emakume asko ere animatu dira ordutik: «txiki geratzen ari zaigu Emakumeen Txokoa. Aurreko larunbatean, hiru taldetan banatu behar izan ginen, ekintza burutzeko. 25 emakume elkartu ginen, eta aniztasun haundia izan genuen. 19 urte zeuzkan gazteenak, eta 76 urte helduenak. Beraz, hiru edo lau belaunaldi elkartu ginen. Emakume migranteak ere ari dira hurbiltzen. Espazio anitza izatea nahi dugu».

«Etsita dauden emakumeak, edo ixilik daudenak, hasi dira hitza hartzen, eta ikusten beraien iritzia garrantzitsua dela. Eroso sentitzen dira espazio horretan»

Saio horietan aritu dira lantzen, Emakumeen Etxearen beharrak eta helburuak. «Oinarri bezala jarri ditugu zenbait ideia, eta oso gogotsu gaude prozesu honi ekiteko», dio Olaziregik. Identifikatutako behar horietako hiru eman ditu aditzera: «aurrenekoa da, feminismoa zer den garbi izatea. Batzuentzat da gauza bat, eta besteentzat beste bat. Hori guztia da feminismoa. Iritzi guztiak jaso nahi ditugu, eta hortik abiatuta hasi lanean. Nahi dugu, baita ere, jabekuntza eskola bat sortu. Emakume askok esan digute, feminista izan nahi dutela, baina ez dakitela zer den hori. Jabetze prozesu hori hasi eta jarraipena eman nahi diogu, formakuntza saioekin, solasaldiekin, tailerrekin... Eta azkenik, udal politiketan zeresana izatea da gure helburuetako bat. Guk feminismoa hartzen dugu, baita ere, konpromiso politiko batekin».

«Garrasi egiteko espazioa izan daiteke Emakumeen Etxea»

Orain arte gerturatu direnek, zein gainerako emakumeek, denek parte hartzea garrantzitsua dela uste dute biek. «Beraiek daukate ahotsa, jartzeko oinarriak emakume guztiontzako izango den espazio horretarako. Ez da gauza bera Udalak jartzea etxea modu batera, edo emakumeek beraiek esatea zer nolako etxea behar duten. Beharrak asetzeko eta denen bizi-kalitatea hobetzeko izango da. Horiek dira berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea lantzeko espazio aproposenak, eta herri guztiak irabaziko du», dio Goiburuk.

Bileretako batean ateratako poema labur bat eman du aditzera Olaziregik:

Emakumeon ametsak eta
etsipenak, ahots eta hitz
xuxurlari dantzariak,
giltzapeko direnean,
bihotzean garrasi.

«Garrasi egiteko espazio bat izan daiteke Emakumeen Etxea. Etsita dauden emakumeak, edo isilik daudenak, orain arte hitza izan ez dutenak, hasi dira hitza hartzen eta esateko dutena esaten, askatzen; eta ikusten, beraien iritziak ere kontutan hartzen direla eta garrantzitsuak direla. Eroso sentitzen dira, espazio horretan», kontatu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!