Hausnarketa ikuspuntu partehartzailetik, krisi garaiari eta erronka berriei buruz

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 7a, 00:00
Beste bi saio egin dituzte orain arte, Beterri Saretuz programaren barruan.

Bihar egingo dute hirugarren jardunaldia, Hernanin, partehartzean oinarritutako enpresentzako ekosistema sortzeko. Beterri Saretuz programaren baitan, eskualdeko enpresa eta eragileei zuzenduta dago saioa.

Hernaniko Biteri kultur etxean bilduko dira bihar, Beterri esku­aldeko hainbat enpresa eta era­gile, egungo krisi garaiari eta erronka berriei buruz hausnar­keta egiteko, «ikuspuntu parte­hartzaile eta eraldatzailetik». Izan ere, hiru­garren jar­­dunaldia egingo dute, Beterri Saretuz pro­gramaren baitan, parte­har­tze­an oinarritutako enpre­sen­tzako ekosistema sortzeko.

Goizeko 09:30etatik 12:30etara izango da saioa, eta parte hartu nahi duten enpresa eta eragileek, aldez aurretik eman dezakete izena, labur.eus/U55hd webgunean dagoen formularioa beteta. Biharko saioan, aurretik egindako lanaren emaitzak aurkeztuko dituzte, batetik; eta aztertuko dute enpresa eta eragileek nola egin dioten aurre COVID-19ak eragindako krisiari.

«Hainbat hilabete dira, azkeneko aldiz elkartu ginenetik, ekonomia sozialean murgilduta dauden enpresak, eta baita beste erakunde eta eragileak ere», azaldu dute.

Krisi garaietan enpresetan partehartzea sustatzearen garrantzia, hizpide

Koronabirusaren ondorioak eta horiei aurre egiteko aukerak izango dira, hortaz, biharko gai nagusia. Biterin elkartuko diren enpresa eta eragileak, ariko dira krisi garaietan enpresetan partehartzea sustatzeak duen garrantziari buruz.

Beterri Saretuz programa jarri zen martxan, partehartzean oinarritutako enpresen ekosistema bat sortzeko helburuarekin, Aldundiaren eta eskualdeko Udalen laguntzarekin. Orona Ideon egin zuten aurreneko saioa, iazko azaroan, hainbat esperientzia ezagutzera emanez; eta otsailean izan zen bigarrena, partehartzea bultzatzeko gakoak identifikatuz. Eduki hori guztia landu eta antolatu ondoren, gida bat osatu dute, bihar aurkeztuko dutena. «Hainbat balio eraldatzaile eta ideietan oinarritutako materiala sortu dugu, enpresetan partehartzea sustatzeko lagungarri izan daitekeelakoan, eta orain artekoaren aitortza gisara», diote.

Saioaren bigarren zatian, berriz, hitz egingo dute azken hilabeteotan lantokietan hartu behar izan dituzten erabakiei eta izandako bizipenei buruz. Eta era berean, hausnartuko dute aurrera begirako erronken inguruan. Horrela, hizpide izango dute «proiektu partehartzaile honek izan dezakeen baliagarritasuna, pandemiak azaleratutako krisi ezberdinei aurre egiteko», aurreratu dutenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!