Ezin garaipena lortu, Mundarro eta Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 6a, 00:00

Aurreneko jardunaldia bi taldeek galdu egin zuten Añorga eta Errotaundiren aurka, hurrenez hurren.

Saskibaloia izan da, pasa berri den asteburuan, talde kiroletan lehendabizikoa hasten Gipuzkoa eta Euskadi mailako txapelketetan.  Bailaran bi taldek jokatu zituzten partiduak. 

Astigarragako Mundarro eta Hernaniko Nagusien lehenengo mailako taldeak izan dira lehiaketari ekin dioten lehenengo taldeak. Astigartarrak Benta Berrin jokatu zuten eta 71-65 galdu zuten. Hernaniarrek, kiroldegian, 44-49 erori ziren Errotaundiren kontra. Hala ere, pozgarria da taldeak bueltan direla ikustea. Partiduan zehar eta aurretik, babes neurriak hartu ziren aulkietan eta baita ere aldageletan. 

Mundarrok gertu izan zuen garaipena, baina azken laurdenean egin zion ihes. Lehendabiziko hiru laurdenak amaitutakoan bi puntugatik irabazten zuten moreek, baina azkenengo laurdenean donostiarrek 20-13ko partziala egin eta garaipena etxean geratu zen. 

Partiduan oso ongi sartu ziren astigartarrak eta bost puntuko aldea lortu zuten aurreneko laurdenean. Atsedenaldian eta hirugarren laurdenaren amaieran, oraindik ere aurretik ziren, nahiz eta abantaila txikia izan. Eta azkenean indartsuago amaitu zuten añorgatarrek. 

Hernanik bost puntugatik galdu zuen Errotaundiren kontra, 44-49. Azpeitiarrak bigarren laurdenean egin zuten ihes puntu gutxiko partiduan. 8 eta 19ko partzialarekin, hamabi punturen abantailarekin, 24-36, joan ziren bi taldeak atsedenaldira. Hirugarren laurdena parekatua izan zen eta azken erreakzioa ez zen nahikoa izan partiduari buelta emateko.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!