Esku Pelota

Eñaut Lizeagak lehenengo garaipena lortu du, Jakes Elosegi azpeitiarrarekin batera DV-Bankoa Torneoan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 6a, 00:00
C.D. Hernaniko Manterola eta Martinek 22-19 irabazi zuten Mundarroko Arabaolaza eta Goñiren aurka.

Mundarroko pelotaria promesa mailako txapelketa ari da jokatzen jubenila izan arren. Hernanik sei garaipen eta sei partidu galdu ditu.

Eñaut Lizeaga, Mundarroko pelotari astigartarra, DV-Bankoa Torneoa ari da jokatzen, Jakes Elosegi azpeitiarrarekin batera. Bikote jubenila da, baina promesa mailan ari dira jokatzen eta lehenengo kanporaketan 22-17 irabazi zuten Erkiaga II (Zeanuri) eta Ballarenaren (Elizondo) aurka. Hurrengo kanporaketara pasa dira eta bertan, hilaren 24an, Hormaetxe eta Ibañez izango dituzte aurkari. Abel Barriola Txapelketan Exposito astigartarrak eta Garateak 16-22 galdu zuten, Julen Alberdi eta Iruretaren kontra. 


Gipuzkoako Txapelketan C.D. Hernaniko pelotarientzat asteburu erregularra izan da eta denetariko emaitzak egon dira.  Guztira sei partidu irabazi dira eta beste sei galdu dituzte, baina partidu garrantzitsuenak izan dira galdutakoak.


Emaitza onenak bigarren mailako kadeteen garaipenak izan dira; Txintxurreta-Artola eta Manterola-Martin bikoteek partidurik galdu gabe jarraitzen dute eta azken fasea jokatzeko sailkapena ezin gertuago dute. Manterola eta Martinek, Mundarroko Arabaolaza eta Goñiri irabazi zioten 22-19. 


Ojuel-Lizeaga eta Salaberria-Ortiz de Urbina seniorren garaipenak ere garrantzitsuak izan dira. Bi bikoteek azken faserako sailkatzeko aukerak dituzte eta azken bikoteak gainera galdu gabe jarraitzen dute.


Emaitza txarrenak Deskarga-Urdanpilleta kadeteek, Jara-Insausti II, Oiartzabal-Etxarri, Arluziaga-Laboa jubenilek eta Arizmendi-Altuna seniorrek jasan dituzte. Bost bikoteek azken bala erabili dute eta txapelketan ezin izango dute azken fasea jokatzera sailkatu. Guztiek sailkapen fasean geratzen zaizkien partidak jokatzea eta irabazten saiatzearekin konformatu beharko dute. Mundarroko taldean ere denetarik egon zen.


Umore Onak-ek, bi irabazi eta bat galdu
Goizuetako pilotari gaztetxoenak, sein mailan, ere hiru partidu jokatu zituzten ostiralean, Goizuetan, Leitzako Aurrera taldeko ordezkarien aurka. Lehenengo partiduan bigarren mailan Larinek 18-3 irabazi zuen Alkortaren kontra. Bigarren patiduan, lehenengo mailan, Sagarduik 18-6 garaitu zuen Lekuona leitzarra eta hirugarren partiduan, Zurutuza goizuetarrak galdu egin zuen, 18-6, Andiarenaren kontra, lehenengo mailan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!