ESKU PELOTA

Jaialdi bana gaur eta bihar goizean, Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 3a, 00:00

Paul Ojuel pelota zaila jasotzen, aurreko asteburuko partiduan.

Goizeko 11:00etan hasiko da jaialdia bi egunetan, eta 14 esku pelotari hernaniar eta astigartar ariko dira, sei partidutan.

Bi jaialdirekin gozatzeko aukera izango dute asteburu honetan ere, esku pelota zaleek, Hernanin. Bai gaur eta bai bihar, goizeko 11:00etan hasiko dira partiduak, eta zazpi jokatuko dira guztira, bailarako 14 esku pelotari tartean direla.

Gaur, hasteko, jubenil mailako bi partidu izango dira, bi bikote hernaniarrekin. Aurrena, Arluziagak eta Laboak jokatuko dute, Alde Zaharrako bikotearen kontra. Eta ondoren, Oiartzabal eta Etxari ariko dira, Lapkeren kontra; ezin dute huts egin, azken fasea jokatzeko aukera izan nahi badute. Segidan jokatuko da nagusien mailako partidu bat ere: Salaberria eta Ortiz de Urbina, Aretxabaletaren kontra.

Bihar, berriz, kadete mailakoak izango dira hiru partiduak: Iturbe eta Urdangarin hernaniarrak, Epleren kontra; Elizazu eta Artola hernaniarrak, Aloña Mendiren kontra; eta Manterola eta Martin hernaniarrak, Arabaolaza herrikidearen eta Goñi astigartarraren kontra.

Bihar ariko dira bailarako beste bi esku pelotari ere, Deskarga eta Elizegi, Sopelako Baserria Km0 Txapelketan. Zaldibar izango dute aurrean, 12:00etan.

Gainerakoek, atzo jokatu zituzten partiduak: besteak beste, Astigarragako Loidik eta Santxezek, eta Lizeaga anaiek, bolada onari segida emateko; eta Hernaniko Ojuelek eta Lizeagak, bigarren garaipena lortzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!