PALA

Hernaniarrak elkarren kontra gaur, jubeniletan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 3a, 00:00

16:00etan hasiko da jaialdia, kiroldegian, eta neska jubenilen bi partiduekin batera, ariko dira lehenengo mailako mutil nagusiak.

Jaialdi erakargarria izango da, gaur arratsalderako antolatu dutena, Hernaniko kiroldegiko frontoian, 16:00etan hasita. Palako hiru partidu jokatuko dituzte, eta bost bikote hernaniar izango dira tartean, elkarren kontra ariko baitira horietako lau, neska jubeniletan.

Iriondok eta Minerrek, batetik, Tolaretxipi eta Barrenetxea herrikideak izango dituzte aurrez aurre. Eta bestetik, Arruti eta Martinez ariko dira, Macicior eta Kerejetaren kontra. Azkeneko bikote horrek hasi du ondoen Gipuzkoako Txapelketa, aurreneko bi partiduak irabazita; hain justu, beste bi bikote hernaniarren kontra.

Neska jubenilek ez ezik, mutil nagusiek ere badaukate zita gaur arratsaldean, Hernanin, lehenengo mailako partiduarekin. Aurreko astean galdu ondoren, garaipenaren bidera bueltatu nahi dute Ramosek, Zubimendik eta Lujanbiok. Lagunak taldea izango dute aurrean.

Bailarako beste bi bikotek ere jokatuko dute gaur, baina etxetik urrun. Batetik, Zumaian ariko dira Zugasti eta Arraras astigartarrak, neska jubeniletan, eguerdiko 12:00etan hasita, bertako taldearen kontra. Eta bestetik, Zestoan jokatuko du Zurutuza, Arandia, Agirre eta Manterola hernaniarrek osatutako taldeak, mutil nagusien bigarren mailan, 16:00etan Abantzu taldearen kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!