«Jokalariak gogotsu daude, baina egoera honetan zaila izango da liga bat modu normalean jokatzea»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 3a, 00:00
Mundarroko neskak erasoko jokaldi batean, aurreko denboraldiko partidu batean.

Saskibaloiak emango die hasiera, taldekako kirol lehiaketei; baina hasi dira aurreneko zailtasunak: estreinako partidua atzeratu behar izan dute, Mundarroko 1go mailako neskek. Mutilen 1go mailan, gaur arratsaldean ekingo diote Hernanik eta Mundarrok.

Martxan jarrita dira dagoeneko, lehenago edo beranduago, banakako edo binakako hainbat kirol lehiaketa. Baina taldekako kirolik ez da izan Urumea bailaran, asteburu honetara arte. Eta saskibaloiak egingo du estreinako saiakera hori, pandemiaren aurrean liga jokatzeko.

Gaur arratsaldean hasiko dute liga, Hernaniko eta Mundarroko mutil seniorrek, Gipuzkoako 1go mailan. Etxean jokatuko dute hernaniarrek, 18:00etan kiroldegian, Iraurgiren kontra. Astigartarrak, berriz, Donostiako Benta Berriko kiroldegian ariko dira, ordu berean, Añorgaren kontra. 14 talde ariko dira guztira, aurreko urtean bezala, eta 26 jardunaldi daude aurreikusita, maiatza hasierara bitartean.

Mundarroko neska seniorrek, debuta atzeratu behar

Lehenengo zailtasunak, ordea, dagoeneko geratu dira agerian. Izan ere, Mundarroko neska seniorrek egin behar zuten debuta aurrena, atzo arratsaldean bertan, Gipuzkoako 1go mailan. Partidurik ez zen izan, ordea: atzeratu egin dute aurrenekoa, urriaren 30era. «Aste eta erdi bakarrik izan dugu entrenatzeko, jokalari batzuk min hartuta dauzkagu, beste bat konfinatuta... Eta jokalari batzuek ez dute jokatu nahi, ez arriskatzeko. 6-7 taldekide bakarrik dauzkagu jokatzeko moduan, eta horrela ezin genuen hasi», azaldu du Aitor Lopez entrenatzaileak.

Astelehenean hartu zuen erabakia Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak, maila gorenetako ligak hasteko, «nahiz eta talde batzuek kezka azaldu genuen, taldeko jokalari batzuek ez dutelako jokatzera arriskatu nahi».

«Familiak eta lagunek ezingo dute ikustera joan; ez dauka zentzurik, maila honetan»

Neurri bereziak izango dira saskibaloi partiduetan, liga hasiera honetan. Aldagelak ezingo dituzte erabili, eta partiduak publikorik gabe jokatuko dira: «afizionatu mailako liga bat da hau, ondo pasatzeko jokatzen dugu. Jokalariak gazteak dira, eta gurasoek eta lagunek ikustera joateko aukerarik ez izatea... Ez dauka zentzurik, maila honetan. Arraroa da baldintza hauetan jokatzeko arriskua hartzea», dio Aitor Lopezek.

Orain, Eskoriatzan daukate hurrengo partidua beraiek, datorren ostiralean; eta ez dakite jokatzerik izango duten: «Federazioak esan zuen, komeni zela 4-6 aste entrenatzea gutxienez, aurredenboraldiko saioak eginez, martxotik gaudelako entrenatu gabe. Orain hutsetik hasi eta zuzenean partiduak jokatzea, arriskutsua da. Gurean, aurreneko entrenamenduan hartu zuen min jokalari batek, eta lesio larria izan daiteke gainera; belauna dauka minduta».

«Bigarren talde bat ere izango dugu aurten, baina ezingo dugu hori aprobetxatu»

Taldea osatzeko ohiko zailtasunei, pandemiak eragindakoak gehitu zaizkie aurten. «6-7 jokalari oso gutxi dira. Batzuek entrenatu bai, baina ez dute jokatu nahi oraingoz, aurrenekoa lana eta egoera pertsonala delako, eta ez dutelako arriskatu nahi. Dena den, badaukagu asmoa fitxa gehiago egiteko, bueltatuko diren jokalariekin, aurrerago hasteko asmoa dutenekin... Eta baita beste talde batzuetatik etorri daitezkeenekin ere. Izan ere, talde batzuek ez dute lehiatuko, eta jokalari horiek talde gabe geratu dira. Aste honetan bertan etorri zaigu bat horrela. Beraz, akaso hilabete barru hobeto ikusiko ditugu gauzak».

Edonola ere, jokalariak gogotsu ikusi ditu Lopezek, aurreneko entrenamendu saio hauetan: «talde gaztea daukagu, eta gogotsu daude lehiatzeko. Ondo ari dira entrenatzen, nahiz eta aste eta erdi daramaten bakarrik».

Pandemiak beste traba bat ere ekarri die, taldea osatzeko garaian: «aurten, abantaila bat izan behar genuen, bigarren mailan ere taldea edukiko dugulako, eta jokalariak igotzeko aukera geneukalako. Baina egoera honetan, ezin dugu elkarrekin entrenatu bi taldeek, eta beraz, abantaila hori ere ezingo dugu aprobetxatu, hasiera batean behintzat», azaldu du. Zailtasunak zailtasun, eta egoera honetan helburuak markatzea arrotza bada ere, mailari eutsi nahi diote astigartarrek, denboraldi honetan.

«Ez dakit nola bukatuko dugun... Beharbada tokatuko zaigu hiru edo lau partidu jokatzea asteburu berean»

Liga jokatzeko izango diren zailtasunen erakusle da, atzo aurreneko partidua atzeratu izana: «egungo egoerarekin, ez dut uste liga bat modu normalean jokatu daitekeenik. Guk aurreneko partidua atzeratu dugu, eta orain bi partidu izango ditugu asteburu berean. Baina horrelakoak gehiago gertatu daitezke. Ez dakit nola bukatuko dugun... Beharbada tokatuko zaigu hiru edo lau partidu jokatzea asteburu berean. Edo batek daki, agian hirugarren jardunaldian etengo dute liga. Ez dut garbi ikusten, lehiaketaren etorkizuna», dio entrenatzaile astigartarrak.

Bitartean, lanean jarraituko dute, denboraldia ahalik eta ondoen joan dadin. «Gustura ari gara entrenatzen, baina egoera honetan denoi tokatuko zaigu esfortzu berezia egitea. Entrenamenduetan, ari gara neurriak hartzen, dena desinfektatzen, gel hidroalkoholikoa ematen... Zaila egiten da, baina ari gara horretan, gazteek kirola egiteko aukera izan dezaten».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!