Euskaraldia

«Komunitatea trinkotzeko eta ilusionatzeko elementu bat izan behar du, euskerak berak»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 3a, 00:00

Kike Amonarriz Gorria, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria. Argazkia: Itzea Urkizu

Esparruz-esparru lanean jarraitu behar da hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskeraren alde egiteko, eta horretarako antolatu da aurten Euskaraldia ariketa soziala. «Norberak bere hautua egin behar du, eta baldintza sozialak sortu behar dira, jauzia ahalik eta kolektiboena izateko». 

Zergatik bideratu da Euskaraldia aurten entitateengana? 

Euskaraldia diseinatu zenean, lehenengo edizioa norbanakoengana bideratu zen. Hala ere, ikusi zen beharrezkoa zela, norbanakoenarekin jarraitzeaz gain, urrats bat ematea eta era guztietako entitateetara jauzia ematea. Azken batean, euskeraren biziberritze prozesuak hiru oinarri ditu: herritarrak, eragile sozialak eta erakundeak. Eta orain, kasu honetan, hiru hanka horiek inplikatzen ditugu Euskaraldian. 

Euskalgintza eta erakundeen artean harreman hobea dagoela entzun da azkenaldian. Egia da hori?

Uste dut elkarlan bideak zabaldu direla azken urteotan, beti egon diren arren. Denok ohartu gara, denon beharra dugula. Konturatu gara hizkuntzaren biziberritze prozesuak modu sendoan aurrera egingo badu, ezinbestekoa da herritarren inplikazioa, eragile sozialena, eta erakunde eta administrazioaren bultzada. Azken urteetan ikusi dugu herrietan eta maila nazionalean ere, hanka instituzionala eta hanka soziala, hizkuntzaren normalizazioaren aldeko jarreretan egotea, eta elkarlanean aritzea. Euskaraldia ere bada gobernantza partekatuaren esperientzia bat, bere zailtasun guztiekin.  

Euskaraldiak zer ekar dezake?

Bizitzen ari garen testuinguru zail honetan, Euskaraldiak balio behar du euskeraren alde lanean jarraitzen dugula ezagutarazteko eta gizarteratzeko. Ilusioa eta motibazioa izateko, eta hizkuntzaz gain, bizitzaren alde aurrera egiten jarraitzen dugula adierazteko balio behar du honek. Gainera, ikusi dugu jendeak estimatu duela horrelako egoera  zail batean poza eta ilusioa ekartzen duen heldulekua eskaintzea, eta hori euskeraren bidez egitea
Gertutasunetik egiten dugu lana, eta hori oso garrantzitsua izango da adierazteko gure bizitza soziala indartu behar dugula adierazteko: lantegiak, dendak eta komertzioak zaindu behar dira, eta horretarako balioko du Euskaraldiak, baita ere. 

Zergatik lotzen dira ariketa sozial honetako rolak jarrerarekin?

Bi parametro guztiz ezberdinak direlako. Daukazun maila daukazula, aukera gehiago edo gutxiago izan ditzakezu inguruan. Horregatik, garrantzitsua da adieraztea norberak duen mailatik eta bizi duen egoeratik abiatuta, urratsak eman ditzakeela erabileren alde. Adibidez, ulertu bakarrik egiten duen batek, adierazi dezake «mesedez» bereari euskeraz egiteko.

Txikitan gaztelaniaz egiten zenuen zuk, ezta?

Ez guztiz. Egia esan etxean beti euskeraz egin izan dugu beti. Hala ere, eskolan ia dena erdaraz ikusi nuen. Horregatik, Tolosan, ez zegoen euskera hutsean egiten zuen kuadrilla osorik. Esan dezaket 14 urterekin, familiakoak kenduta, lagun guzti-guztiekin erdaraz egiten nuela. 

Nola lortu duzu hizkuntza-ohiturak aldatzea?

Euskal udalekuetara joatea izan zen niretzat gakoa, Abaigarrera joan nintzenean. Han ohartu nintzen euskeraz bizi zitekeela eta nik euskeraz bizi nahi nuela. Orduan hasi ginen banan-banan hizkuntza-ohiturak aldatzen; ba­tzuekin asko kosta zitzaidan, ba­ina beste batzuekin erraz egin nuen. 

Argitaratu zenuen liburuan euskara bidegurutzean dagoela diozu. Zer esan nahi duzu horrekin?

Gure inguruaren adibidea jarriko dut. Esan genezake Hernanin eta bere inguruan 25 urtetik beherako gazte guztiek euskeraz badakitela, salbuespen gutxi batzuekin. Horrela, gazte horiek hurrengo 10 edo 20 urtetan euskeraz egitea lortzen ez badugu, hurrengo belaunaldian  gazteek ikusiko dute beraien gurasoek euskeraz badakitela, baina erabiltzen ez dutela. Alegia, aukera haundiak ditugu euskeraren normalizazio prozesuari modu indartsuan ekiteko, baina arriskuak ere baditugu, irabazitako bidean atzera egiteko; horregatik esaten dut euskeraren bidegurutzean gaudela. 

Euskaltzaleen Topaguneko buru zara orain, zer moduz daramakizu kargua?

Oso gustura eta ilusio haundiz. Aurretik ere Topagunearen sorreran egon nintzen eta Tolosako Galtzaundi Euskara Taldearen sorreran ere, eta bertan jarraitzen dut orain. Horregatik, etxe barruan nengoen nolabait eta eskaini zidatenean zalantza batzuk izan banituen ere, momentu honetan erantzukizun horri heltzeko gai nintzela pentsatu nuen. 
Pandemiaren garaia tokatu zaigu eta egia da zailtasunak ekarri dizkiola mugimenduari, baina uste dut Topaguneak jakin duela egoera zail honi erantzuna ematen eta aurre egiten. Errealitate berri honetara egokitzen jakin dugu, eta ikusten ari naiz mugimendu sendo bat dagoela, ilusionatua. Horrekin, gure helburua litzateke Euskaraldiak sortzen duen energia sozial hori egonkortzea eta mugimendu euskaltzalea indartu eta zabaltzea, hurrengo urteetan. 

Euskaraldira bueltatuta… Nola eragin dio COVID-19ak egitasmoari?

Dena gelditu behar izan zen, martxoan. Herri batzorde batzuk lanean jarraitu zuten, baina gehiengoak geldirik egon ziren. Horrek lan erantsi bat eskatu du. Hala ere, pozik nago ikusi dugulako aurtengo edizioan 2018koan baino udalerri gehiagok eman dutela izena, eta albiste ona dela iruditzen zait. Kontziente gara zaila izango dela aurreko edizioak sortu zuen olatu hori lortzea, baina COVID-19ak ere erakutsi du hizkuntzaren alde egiten jarraitzea beharrezkoa dela, eta positiboa da hori. 
Euskaraldia izango da helduleku indartsu bat, euskera agenda sozio-politikoaren eta komunikatiboaren erdigunean berriro jartzeko. Hizkuntzaren alde egiten jarraitu behar dugula konturatzeko balioko du, eta pandemia batek hizkuntzaren biziberritzea eten ezin dezakeela konturatzeko ere balioko du ariketa honek.

Eta orain, euskara elkarteak nola daude?

Denetatik dago. Elkarte indartsuak eta ahulak daude. Hala ere, konturatzen ari gara, Euskaraldiaren bidez, euskara elkarterik ez zegoen hainbat lekuetan ere egiturak sortzen ari direla. Horregatik, gure asmoa da mugimendu euskaltzalea indartzen jarraitzea; ezinbestekoa iruditzen zaigu mugimendu euskaltzale indartsu bat izatea Euskal Herri osoan zehar. Gure helburua da egitura zaharrak indartzea eta sortzen ari direnei bultzada ematea, eta elkarteen arteko harremana sustatzea.

Euskaraldiaren ondoren, zer? 

Intentsitatez 15 egunetan egingo da, baina gero jarraipena izango du. Izena eman duten entitate guzti horiei begira jarraipen lan batzuk bideratuko dira, eta oraintxe hori nola egingo dugun aztertzen ari gara Topagunean.

Hizkuntzaren ezagutzan eta erabileran saltoa dago askotan. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?

Faktore asko daude tartean, baina nik beti galdetzen dut: zeintzuk dira euskeraz egin dezakegun kasuetan, euskaldunok euskeraz ez egiteko faktore nagusienak? Eta beti hitz bat azaltzen da: ohitura. Beste arrazoi asko ere badaude (hanka sartzearen beldurra, ezagutza eskasa, ingurukoen jarrera...). Baina guzti horiek hitz bakar batean bilduz gero, ohitura da erantzuna. Horregatik, Euskaraldiaren bidez hizkuntza-ohitura horiek aldatzea da helburua.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!