Euskaraldia

«Euskeraren aldeko jauzia egiteko garaia da, eta denek dugu aldaketa hori emateko zeregina eta ardura»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 3a, 00:00

Leire Otxotrorena eta Marian Apezetxea, Euskaraldiko ikurrekin.

Herri bakoitza inurri lana ari da egiten euskera sustatu eta hizkuntza-ohiturak aldatzen saiatzeko, eta elkarlanean egindako ariketa soziala izango da.

Ariketa sozialaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko da, eta Urumea Bailarako herriek parte hartuko dute hizkuntza-ohiturak aldatzeko jardueran. 15 egunetan ahobizi edo belarriprest roletan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek, eta rol bakoitzak ariketa egiteko modua adieraziko du, «ez hizkuntza-gaitasuna». 
Euskaraldian 16 urtetik gorakoek izena eman dezakete, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitu helburu ekimenak. Euskera ulertzeko ga­­itasuna gutxienez izan behar dute partaideek, baina hortik a­urrera, bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena.

Beraiei euskeraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira belarriprest; euskera ulertzen dute eta beraiekin euskeraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Kasu honetan, arduradunek adierazi dute gakoa jokaeran dagoela, eta ez gaitasunean.  

Eta bestalde, euskeraz ulertzen duten guztiekin egingo dute euskeraz ahobiziek. Euskeraz u­lertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskeraz izango da; mintzakideak euskeraz ulertzen badu, euskeraz jarraituko dute beti. «Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da», eta beraz, jokaerak definitzen du rola.

Azken hilabeteetako lanak pandemiak baldintzatuta egin dira herriz-herri antolatuta da­uden batzordeetan. Hala ere, lehen edizioan ariketa sozialera batu zen herri kopurua gainditu dela nabarmendu dute antolatzaileek; hain justu, izena eman duen herri kopurua 412koa izan da, eta aurreko edizioan, berriz, 405 herritan egin zen.
2018. urteko edizioko parte hartzaileen profila «oso anitza» izan zela azpimarratu dute antolatzaileek. Izan ere, 16 urtez gorako adin guztietako emakume eta gizonek parte hartu zuten Ahobizi eta Belarriprest modura. «Aurten ere aniztasun horri eustea izango da helburua». 

 

«Hizkuntza-ohiturak aldatzea eta euskera sustatzea epe luzeko helburuak dira, eta Euskaraldia da lehenengo urratsa»

 

Entitateen izen-ematearen balorazioa «oso positiboa» izan da Hernanin, eta norbanakoen txandan aurreko edizioko marka «parekatzea eta gainditzea» espero dute antolatzaileek; «oso pozik gaude erantzunarekin». 

HERNANI

Arrakasta haundia izan du entitateen izen emateak Hernanin. Jada 160 taldetik gora daude izena emanda, eta norbanakoen Euskaraldirako «aurreko denboraldiko marka parekatzea eta gainditzea espero dugu». Leire Otxotorena da ariketa sozialaren koordinatzailea Hernanin, eta Herri Batzordearekin eta Dobera Euskara Elkartearekin batera lan haundia egin du proiektua aurrera eramateko. 

«Hasieran aurreikusita genuena baino askoz ere hobea izan da entitateen izen-ematea. Gure buruari hasieran helburu zehatz bat jarri genion, kontuan izanda egoera zaila zela eta zailtasun haundiak izango genituela guk eta taldeek ere; baina aurreikuspenak gainditu ditugu, luze», azaldu du Otxotorenak.

Herri Batzordeko kidea den Marian Apezetxearen esanetan, «kontuan izanda pandemiak gehien kolpatu duen sektorea merkatariena izan dela, azpimarratzekoa da merkatariek izan duten jarrera irekia eta baikorra». Otxotorena ere ados dago horretan: «lankidetza oso emankorra sortu da». Izan ere, merkatal guneak euskera sustatzeko gune «argiak» dira, eta arigune bilakatuko dira Euskaraldian; alegia, euskeraz hitz egiteko guneak izango dira. «Berriak merkataritza taldeak ere laguntza haundia eman digu; hasieratik sinistu dute ekimenean eta lanpetuta egon diren arren, merkatarien artean ekimena zabaltzen eta izen-ematean izugarri lagundu digute», gehitu du Otxotorenak.

Harreman «estua» dugun per­tso­nekin zailagoa da nonbait, hizkuntza-ohiturak aldatzea. Horregatik, «helburu txikietatik» hastea gomendatzen du Apezetxeak. «Pertsona batzuekin errazagoa da hizkuntza-ohiturak al­da­tzea, beste batzuekin baino; hor­taz, has gaitezen hortik». 

Lan haundia dago ariketa sozial honen atzean, baina ohitura horiek aldatzea «epe luzeko» helburua dela ziurtatu du Otxotorenak. «Hau hasiera bat da jakiteko hemen Hernanin zein egongo litzatekeen prest horrelako plangintzetan edo ekimenetan parte hartzeko, eta guk ere gure arteko sarea trinkotzeko, eta aurrera begirako urratsak martxan jartzeko». 
Horregatik, diote, «norberak bere buruarekin egin beharreko lanketa bat da». Izan ere, dinamika honekin lortuko dena da  herritarrak aktibatzea. «Bakoitzak hausnartzeko eta bere burua nola ikusten duen ezagutuko du ariketa sozial honekin. Eta ondoren, batzuk lanean jarraituko dute, besteak agian ez, eta beste batzuk behintzat horren inguruan pentsatuko dute, eta hori ez da gutxi». 

Norbanakoen izen-ematea, eta egitasmo ugari aurretik

Taldeen izen-ematea amaitu bada ere, bakarkakoena martxan da jada. Bestalde, plangintza zabala antolatu dute Hernanin Euskaraldirako.Datozen hilabeteetan Joxerra Gartziaren Euskara bizi, hizkera zorrotz tailer-ikastaroa izango da, eta izena eman daiteke. Urriaren 15etik azaroaren 5era egingo dute, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Doberako bazkideentzat 20 euro, eta gainerakoentzat, berriz, 25 euroko prezioa izango du. 

 

 

«Goizuetan uneoro euskaraz egitea bermatu dezaketenak 
gehiengoa dira, baina gu ere hemen gaudela erakutsi nahi dugu»

 

Herri euskalduna den arren, euskera sustatzen jarraitzea da goizuetarren apustu nagusietako bat, Euskaraldiarekin. Eta bestalde, gutxi badira ere, herritar batzuen hizkuntza-ohiturak aldatzera bideratuko dute ariketa: «Gutxi, baina badira erderaz mintzatzen diren koadrila batzuk».

GOIZUETA-ARANO

16 entitate daude izena emanda aurten hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozialean, Goizuetan. Aranon, entitateen lanketa ez dute egin, «baina norbanako gisa izena emateko aukera izanen da», azaldu dute. Horregatik, «aranoarrek Aranon bertan eman ahalko dute izen». 

«Herri moduan kausarekin bat egin nahi genuen», kontatu du.  «Guk normalean aseguratua dugu herrian euskeraz egitea; zerbitzuetan euskeraz mintzatzen dira gehienbat, eta gu, zorionez, euskerari dagokionez egoera onean gaude», azaldu du Ainhoa Zabaletak, Goizuetako Euskaraldiko lantaldeko kideak.

Horregatik, Goizuetan ere euskeraren alde egiten dutela erakutsi nahi dute. «Honekin erakutsi nahi dugu gu ere hemen gaudela», azpimarratu dute.  Gainera, analisia egin ostean, «zerbitzu bakar batek soilik» omen zuen erderaz egiteko joera, «baina honekin ere lanketa egingo dugu».

 Entitateei zuzendutako ariketa da aurtengoa, eta bailarako gainerako arduradunek adierazi moduan, Zabaletak ere merkatarien jarrera positiboa gailendu du. «Momentu honetan zerbitzu eta negozioek egoera zaila bizi duten arren, ekimenean parte hartzera animatu dira eta eta ez zaie deus kosta baiezkoa ematea». 

Norbanakoen izen-ematea martxa onean doa Goizuetan, eta herritarrak parte hartzeko prest daude aurtengo edizioan ere. «Jendea ez zen ongi enteratu duela bi urteko edizioan eta gero penarekin geratu ziren, parte hartu nahi zutelako». 
Barne komunikazioak ez du huts egiten, Goizuetan WhatsApp taldetik bideo bat zabaldu zuten herrian, Euskaraldiaren berri emateko. Eta gero, «bilera bat ere egin genuen, ekimena zer-nolakoa izango den azaltzeko». Izan ere, herrian izaten diren gertaera garrantzitsuen berri emateko eta antolatutako ekimenak zeintzuk diren jakinarazteko, WhatsApp talde bat dute Goizuetan, herritar askorekin. 

 

«Esperientzia korapilatsua izan da... baina bizigarria, entitate guzti-guztietan ondo hartu eta adi entzun gaituztelako»

 

«Erronka galanta» den arren, Astigarragan gogotsu daude azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo den ariketa soziala aurrera eramateko. «2018ko Euskaraldiak erakutsi zigun ariketa bukatu ostean euskeraren erabilerak gora egin zuela, eta horretan jarraituko dugu». 

ASTIGARRAGA

 

Bailarako gainerako herrietan bezala, Astigarragan ere  buru-belarri ari da dira Euskaraldiaren plangintzarekin. Egoera «konplikatua» bizitzen ari garelako, hizkuntza-ohiturak aldatzearen ariketa sozialaren prestakuntza lana «korapilatsua eta bizigarria» izan dela azaldu du Anartz Bilbaok, ekimeneko koordinatzaileetako batek. 

«Korapilatsua izan da, egungo egoeraren eraginez, denborak neurtu eta entitateengana gerturatzeko momentu egokia asmatzea nekeza egin zaigulako; eta beste batetik bizigarria, guztiontzat ere garai nahasiak diren arren, komertzio, elkarte, sagardotegi eta gainontzeko entitate guzti-guztietan, Euskaraldira batu ala ez, ondo hartu eta adi entzun gaituztelako». 

Aurten 70 entitatetik gora eman dute izena Astigarragan. Lanketa batez ere herritarrekin «harreman zuzen eta estua» duten entitateekin egin da, eta ez horrenbeste industria-guneetan, aitortu du Bilbaok. Hala ere, loturak egiten jarraitu nahi dute: «badugu lana hor, hurrengo edizioetarako».

«Erronka galanta dugu» 

Astigarragaren kasuan, denbora laburrean bizkor hazi da herria,  «astigartar berri mordoa etorri baikara bertara azken urteotan», kontatu du Bilbaok. «Eta jakina, horrek aldaketak eragin ditzake, baita hizkuntzari dagokionean ere». Horren aurrean, erronka galanta dutela helarazi dute, baina badakitela beraien esku dagoela euskeraren erabileran aurrera egitea. «Egungo egoeran, herriaren hazkundea eta osaera soziolinguistikoa ezagututa, euskera talde bat sortzeko premian gaudela esango nuke. Primeran letorkiguke, eta ea lortzerik dugun!». 

Entitateen izen-ematearekin amaitu dute hemen ere, baina norbanakoen txanda heldu da eta aurreikuspen onak dituzte izen-ematerako. «Norbanakoen kasuan ere beste horrenbeste lortu nahi genuke. 2018an 600 astigartar inguruk parte hartu bagenuen Euskaraldian -ahobizi rolean batez ere-, aurten herritar gehiago batu nahiko genituzke ekimenera, geure artean saretu eta ahalduntzeko, aurrekoan horretarako ere balio izan zigun-eta». 

Ariketa sozialaren indarraz jabetzea garrantzitsua dela azpimarratu dute arduradunek. «Ahalduntzeaz haratago -harrotasunez jantzi zuten askok txapa bularrean, eta poz hori ere beharrezkoa da batzuetan-, ariketaren benetako indarraz jabetu beharra dugu».  

Ilusioz eta indarrez helduko diote hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskeraren erabilera sustatzen jarraitzeari. «Ohiturak aldatzea beti da zaila, baina gutxika-gutxika eta astiro bada ere, bagoaz aurrera». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!