Ikus-entzunezko Beldur Barik Jarrera! lehiaketa ireki da

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 30a, 00:00

11 edizio beteko ditu aurten, bost Hernanin, eta parte hartu dezakete 12-26 urte arteko gazteek. 

Beldur Barik programak Bel­dur Barik Jarrera! lehiake­ta­ren 11. edizioa antolatu du eta Her­naniko lehiaketak be­rriz bosgarrena beteko du. Lehiaketa programaren ekintza nagusietako bat da eta aurtengo edizioa berezia izango da, koronabirusak markatuta datorrelako. 

Ezohiko egoera honek gazteengana iristeko sare sozialetan eta webgunean indar haundia jartzea ekarri du. Hala, inoiz baino gehiago ikusi da Beldur Barik Jarrera edonon eta edozein egoeratan sustatu beharra dagoela diote. Horregatik, aurtengo lehiaketak hiru lelo ditu: Nik, etxean eta kalean Beldur Barik Jarrera; Nik, bakarrik eta taldean Beldur Barik Jarrera; eta Nik, gau eta egun Beldur Barik Jarrera. Urte berezi honetan ematen ari diren egoera guztietan Beldur Barik jarrera bultzatzea da lema hauen helburua.

Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek neska-mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakutsi behar dute; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin.

Ikus-entzunezko lanak bakarrik, azaroaren 5era arte hiru kategoriatan

2020ko edizio honetan, iazkoarekin alderatuta, ikus-entzunezko lanak bakarrik aurkeztu ahal izango dira, eta bideoak aurkezteko epea azaroaren 5era bitartean zabalik egongo da. Parte-hartzeko hiru kategoria daude: lehen kategorian, 12-13 urte bitarteko parte-hartzaileak izango dira; bigarren kategorian, 14-18 urte bitartekoak; eta hirugarrenean, 19-26 urte bitarteko gazteak.

Sariak 400 eta 200 euro artean  eta tokiko sariak 100 euro

Sariak honako hauek izango dira: kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko herri-bozkaketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria emango zaio. Lan sarituak 2020ko azaroaren 20an ezagutzera emango dira. Herri-bozketa azaroaren 11tik 13ra bitartean gauzatuko da, beldurbarik.eus webgunearen bidez. Tokian tokiko lehiaketak ere jarriko dira martxan 100 euroko sariekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!