Kronika

Googleren 5.000 dolarreko dirulaguntza jasoko du Kronikak, tokiko hedabideei laguntzeko funtsetik

Kronikako langileak, bulegoan lanean.

COVID-19aren pandemia hasi zenetik, tokiko hedabideek bete duten «funtsezko funtzioa» nabarmendu du Googlek. Horregatik jarri zuen martxan JERF funtsa, eta mundu osoko 12.000 hedabidek baino gehiagok egin dute eskaera.

Googleren dirulaguntza jasoko du Kronikak, tokiko hedabideei COVID-19aren aurrean laguntzeko sortu duen funtsetik: Journalism Emergency Relief Fund (Kazetaritzari Laguntzeko Emergentziazko Funtsa). 5.000 dolar estatubatuar jasoko ditu Kronikak; 4.248 euro, hain justu.

Googlek nabarmendu du, tokiko hedabideek «funtsezko funtzioa» betetzen dutela, momentu onetan «komunitateak konektatuta mantentzeko»; eta funtzio hori «are garrantzitsuagoa» izan dela, COVID-19aren pandemia hasi zenetik, «lokal, eskola zein parkeen itxieren berri emanez, etxean geratzeko aginduak helaraziz herritarrei...».
Hori horrela, pandemiak eragindako krisiaren eraginari aurre egiteko, eta tokiko hedabideen garrantzia aitortzeko, Kazetaritzari Laguntzeko Emergentziazko Funtsa sortu zuen Googlek, Google News Initiative proiektuaren bitartez; kalitatezko kazetaritza babesteko proiektua da. Apirilean sortu zuen funtsa Googlek, eta mundu osoko tokiko hedabideei zabaldu zien deialdia, dirulaguntza eskaerak egiteko. Aktualitateko tokiko gaiak lantzen dituzten hedabideek egin zezaketen eskaera, betiere «informazio originala» sortzen ari direnak, bi eta 100 kazetari artean bazituzten, eta gutxienez urtebeteko esperientzia bazuen hedabideak.

Tokiko 12.000 hedabidek baino gehiagok, eskaera

Guztira, mundu osoko 12.000 tokiko hedabidek baino gehiagok egin zuten dirulaguntza eskaera, 100 herrialde baino gehiagotakoak. Eskaera egin zuen Kronikak ere, eta 5.000 dolarreko dirulaguntza aitortu dio konpainiak. Egun hauetan sinatu dute dirulaguntza hitzarmena, bi aldeek. Euskerazko beste hainbat hedabidek ere jasoko dute Googlen laguntza, izan lurralde mailakoak edo tokikoak.

Pandemia hasi zenetik, eguneroko argitalpenari eutsi dio Kronikak, herritarrak egunero informatuta egoteko, etengabe aldatu den egoera baten aurrean. Horrek suposatu du, Kronikaren kostuak mantendu egin direla; ez ordea diru sarrerak. Izan ere, alarma egoeran itxita egon ziren komertzio, enpresa eta zerbitzuen krisialdiak, zuzenean eragin zion Kronikari ere, publizitatearen fakturazioa  ia erdira murriztuz. Hori guztia izan du kontuan Googlek, Kronikari dirulaguntza emateko.
Googlek aipatutako «funtsezko funtzio» hori, audientzia datuek ere erakutsi dute, Kronikaren kasuan. Izan ere, nabarmen egin dute gora kronika.eus webgunean bisitariek eta bisita kopuruak. Pandemiaren aurreneko bi hilabeteetan, bereziki nabarmena izan zen igoera: %92 haunditu zen kronika.eus webgunearen bisita kopurua martxoan (63.983 bisita guztira), iaz baino 9.406 bisitari gehiagorekin; eta %77 areagotu ziren bisitak apirilean (62.624 bisita guztira), 10.112 bisitari gehiagorekin.

Gorako joerari eutsi dio ordutik, eta abuztuan, %37 haunditu da bisita kopurua, iazkoaren aldean. Bisitariak 2019ko abuztuan baino %26 gehiago izan dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikalari gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez Kronikalari!