Sorginen Lasterketan 9garren, Hodei Lujanbio

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 26a, 00:00

Pandemiaren aurretik bezala, onenen artean ibili zen goizuetarra, lehiara bueltan. Bihar, bailarako 7 korrikalari izango dira Beasainen.

Pixkanaka ari dira bueltatzen, mendiko zein errepideko lasterketak ere. Oraingoz, proba gutxi batzuk besterik ez dira, baina Urumea bailarako zenbait korrikalarik izan dute aukera, dagoeneko, dortsala berriro jartzeko.

Horietako bat da Hodei Lujanbio goizuetarra. Joan den larunbatean bueltatu zen lehiara, Bizkaian, Atxondoko Sorginen Lasterketan. Eta pandemiaren aurretik bezala, onenen artean ibili zen berriro ere. 9garren postuan sailkatu zen, ia 18 kilometroko ibilbidea 1:45:05 denboran osatuta; Gontzal Murgoitio elorriotarrak, probaren irabazleak, 1:37:52 egin zuen. Lujanbiok aurretik izan zituen asko, Euskal Selekzioko korrikalariak dira.

Josetxo Imaz Memorialean bihar, bost hernaniar eta bi astigartar

Errepideko korrikalariek, berriz, bihar dute aukera Beasainen, Josetxo Imaz Memorialean. Gipuzkoako aurreneko lasterketa izango da, eta Urumea bailarako zazpi korrikalari ariko dira bertan: Antxon Korta eta Gorka Alvarez astigartarrak; eta Ania Arregi, Aitzol Arregi, Alexander Iturralde, Oscar Fernandez eta Ekain Nogueira hernaniarrak.

Goizeko 10:30etan abiatuko dira korrikalariak, Beasaindik, eta 10 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, Lazkaora joanda aurrena, eta Ordiziara ondoren, Beasainera bueltatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!