Sagardogileentzako bertako sagar gutxiago egoteak, sagarra kanpotik gehiago ekarri beharra suposatzen du, baina ez hori bakarrik. Zelaia sagardotegiko Oihana Zerainek bertako sagar gutxiago edukitzeak zer suposatuko duen sakonago aztertzen du. «Lan egiteko era aldatu egiten da, logistika aldetik ere. Barietateak desberdinak dira eta kanpoko sagarrarekin gehiago lan egin behar baduzu beste era batera lantzen duzu bodega.
Bestetik, azkenengo urteetan gero eta euskal sagardoa gehiago egin da eta bertako sagarra erabili da. Orain tokatuko zaigu, urte honetan, nahi beste bertako sagarrarekin egindako sagardo nahi beste ez edukitzea».
Zerain hala ere ez da kezkatzen. «Nik uste ez urtea izan arren eta bertako sagar gutxi egon arren, lasaitasunarekin hartu behar dela, bertako sagardo nahikoa egongo delako. Ez da sagardo faltarik izango». Jatorri Deiturako sagardoan eragina izango du, baina «Euskal Sagardoa egongo da, ez dudarik izan».
«Bakanketa egin behar da eta sagasti berriak sagarra ematen hasiko dira»
Hemendik 15 urtera begira Foru Aldundiak, sagardogileek eta Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak sagardo produkzioaren %100a bertako sagarrarekin egitea lortu nahi dute. Hori lortzeko Oihana Zerainek gako batzuk ematen ditu.
«Erronka potoloa da eta sagar ez urtea denean sortzen diren oztopoak gainditzeko aurreko astean Villabonan, Otalarrean, gakoak eman zituzten. Hasteko lantzen ari gara sagasti gehiago izan ditzagun. Ari gara sagastiak sortzen, baina urte batzuk behar dira sagasti horiek
sagarra ematen hasi aurretik. Bestetik, oso garrantzitsua da ekilibrioa lortzea. Hau da, ahalik eta urte orekatuenak izatea lortu behar da. Hori aklareoarekin edo euskeraz bakanketarekin lortzen da. Sagastiak ongi ezagutu behar dira horretarako, ez hain dastrikoak izateko. Teknika hori ongi ezagutu behar da, ikasi egin behar da. Teknikoak hor dabiltza sagasti guztietako datuak lortzen, ikusten, zer joera duen jakiteko. Sagastiei buruz ikasten ari dira eta ongi jakin arte ezin dira herraminta guztiak jarri. Hori da, helburua». Aurten gainera dena batu da. «Ez urtea eta gainera klimak ez du lagundu. Lehorra izan da».
Sagardogile batzuk Frantziatik egin dute enkargua
«Frantziatik egin dugu sagarraren enkargua» diote sagardogile batzuk. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardoan eragina izango du. «Bertako sagarra gutxitzean, bertako sagarrarekin egindako sagardoa gutxiago egiten da. Produkzio berdina egiten bada derriogorrez bertakoarekin gutxiago egiten da eta Jatorri Deituradun sagardo gutxiago dugu sagardogileek».
Urte hau amaitu baino lehen merkaturatu beharko duten sagardo kopurua, aldiz, iazko uztaren laurden bateko soberakinak izango dira. Izan ere, normala izaten da uzta oparo baten ondoren, sobratu egiten diren sagardo botilak saltzea. «Gaur egun gainera sagardoak ongi
irauten du». Urte batetik besterako ezberdinasunak nahiko nabarmenak izaten dira, uzta oparoak gaur egun bi urtetik behin ematen baitira.