Sasoi onean ekingo diote, errepideko azken hilabeteari

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 26a, 00:00
Enekoitz Azparren, joan den larunbatean Seguran. Argazkia: Ander Perez

Emaitza onak lortu dituzte bailarako txirrindulariek irailean, eta urrian bukatuko dute denboraldia.

Errepideko denboraldia egokitu behar izan dute txirrindulariek ere, pandemiaren eraginez; eta ohi baino beranduago bukatuko dute, kadete, jubenil eta afizionatu mailetan: urriaren amaieran, hain justu. Hortaz, azkeneko hilabetea falta dute, eta sasoi betean ekingo diote, Urumea bailarako ziklistek.

Izan ere, maila ederrean aritu dira, abuztuan berriro lasterketei ekin zietenetik; eta emaitza onak lortu dituzte, irailean zehar. 23 urtez azpikoetan, esaterako, Euskaldun eta Lehendakari Torneoetako hainbat proba jokatu dituzte, eta aurrean ibili dira Ander Amonarriz hernaniarra eta Xabier Mikel Azparren astigartarra. Joan den larunbatean, Oñatiko Proba izan zuten, Lehendakari Torneokoa; eta zortzigarren sailkatu zen Amonarriz, onenen taldean iritsita. Hori baino lehen, irailaren 13an, berriro ere aurreko taldean sartu zen hernaniarra, Seguran, Euskaldun Torneoko San Juan Sari Nagusian. Bederatzigarren izan zen esprintean. Eta Altsasun ere jokatu zen Euskaldun Torneoko proba bat, irailaren 6an. Horretan, podiumean izan zen Azparren, hirugarren sailkatuta.

Azparrenek, gainera, Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketa irabazi zuen joan den igandean, Alegian. 44 segundoren aldea atera zion Xabier Isasa bigarrenari, iazko garaipena errepikatzeko. Azkeneko urtea izango du astigartarrak afizionatu mailan, Euskaltel-Euskadi taldearekin sinatu baitu kontratua, datorren denboraldian profesionaletan debuta egiteko.

Euskaldun Torneoko beste proba bat izango dute gaurkoan: Lazkaoko Proba jokatuko dute, goizeko 09:30etan Lazkaoko plazatik abiatuta. 123 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, eta Orendainera hiru aldiz igo ondoren, Lazkaomendin izango dute helmuga.

Enekoitz Azparren hiru bider podiumean, irailean

Sasoiko dabil Xabier Mikel Azparrenen anaia gaztea ere, Enekoitz, juniorretan: irailean, hiru aldiz izan da podiumean astigartarra. Joan den larunbatean, gainera, garaipena lortu zuen Segurako Sarian, denak atzean utzi eta ia minutu bateko tartearekin helmugaratuta.

Igandean, berriz, Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketan aritu zen bera ere, eta hirugarren sailkatu zen juniorretan, Asier Pozo eta Danel Casaisen atzetik. Eta hirugarren izan zen Oñatin ere, irailaren 12an, Mikel Deunaren Sarian. Danel Casais bera eta Unax Iztueta taldekidea izan zituen aurretik, orduan.

Gaurkoan, lasterketa laburra dute juniorrek, Antzuolan. Uzarraga Igoera izango da jokoan, arratsaldeko 16:00etan abiatuta; eta 59 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Deskarga igoko dute probaren aurreneko zatian, eta Uzarraga gainean bukatuko dute lasterketa.

Lehiatzeko oso aukera gutxi dutenak, Gipuzkoan behintzat, emakumezkoak dira. Naia Mangas hernaniarrak, esaterako, Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketa izan du aukera bakarra, eta beste probarik ezean, bertan aritu zen. Zazpigarren sailkatu zen, junior mailan.

Mutil kadeteak ere, lehian

Irailean bi lasterketa izan dituzte, aldiz, mutil kadeteek. Azpeitiako Saria jokatu zuten irailaren 13an, eta bertan aritu ziren bi hernaniar: 19garren sailkatu zen Aner Zilbeti, eta 67garren Unax Urretabizkaia.

Joan den igandean, berriz, Nafarroan aritu ziren biak, Lizarrako Proban. Horretan, 44garren izan zen Urretabizkaia, eta 62garren Zilbeti.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!