Uzta txikia izango denez azukre bainu altua izango du

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 26a, 00:00
Villabonako Otalarrean egin zuten aurkezpena Jatorri Deiturakoek aurreko astean.

Villabonako Otalarrea sagasti esperimentalean eman zituzten aurtengo produkzioaren datuak «2 milioi edo 2,25 milioi kilo batzea espero da».

Villabonako Otalarrea sagasti esperimentalean eman zuten prentsaurreko batean aurtengo produkzioaren datuak eman zituzten. Bertan, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako zenbait kidek, sagargilek eta instituzioetako ordezkarik esku hartu zuten. Agerraldian izen deitura horretan hobetsitako 24 sagarrak eman zituzten ezagutzera, onartutako sagar motak 115 direla goraipatuz. Guztira Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako 245 sagargileek egiten dute Euskal Sagardorako sagarra, 450 hektarea ingurutan

«Aurtengo sagar uzta bi milioi ingurukoa izango da, pasa den urtekoaren erdia baino txikiagoa, hain zuzen ere. Jada sagar bilketa abiatu dute Euskadiko hiru lurralde historikoetan barrena eta ondorioztatu ahal izan dutenez, aurtengo bilketa eskas xamarra izango da».

'Ez urtea' deritzona izanda ere, aurtengo uztan klimak eragin nabarmena izan du, negua nahiko epela izan baita, eta udaldi partean euriteak oso eskasak izan baitira. Horren harira, aurten bi milioi eta bi milioi eta laurden sagar kilo inguru batzea estimatzen dute.

Hortaz, uzta txikiagoa izango denez, sagarra «polifenol edo taninoetan ondo hornitutako uzta izango da. Sagarrok azukre bainu altua izango dute, eta horrek sagardoan eragin nabarmena izango du. Era berean, aurtengo sagar uztaren azukre maila pasa den urtekoarekin alderatuz gero, 11,9 puntu altuagokoa izango da».

Sagar motak, zonaldeak, heldutasun puntuak eta sagardogileen gustuek zehazten dute askotan bilketa garaia.

 

Bertako sagarraren ekoizpena haunditzea helburu

Euskal Sagardoaren barruan aipaturiko 245 sagargileen eta 450 hekatereetako sagarra Jatorri Deiturako 48 sagardotegietara joaten da, Euskal Sagardoa ekoizteko. Sagasti hauetan zahar eta berriak daude eta beste 100 hektarea dira datozen urteetan produkzioan sartuko direnak.

Sagasti berri gehien, Gipuzkoako lurraldean jarri da, Foru Aldundiak emandako laguntzapean pean gehienak, eta Bizkaia eta Araban ere bai zerbait. Bide horretan, sagasti berriak jartzen saiatzeko ahalegin eta konpromisoak ere aurrera darrai. Sektorea eta Foru Aldundien eskutik eta sagar sektorea profesionalizatzen jarraitzea ere helburua da, kalitatezko uzta ekilibratuak lortzeko bidean. «Pauso haundiak eman dira azken urteetan Euskal Sagardoa proiektuak bultzata eta datozen urteetan ere ezinbestekoa izango da sagar sektoreak egiten duen bidea, bai kalitatearen alde eta baita geroz eta bertako sagar gehiago izatearen alde ere. Izan ere, sektoreak eta administrazioak helburu garbi bat zehaztu zuten Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren sorreran: 15 urteren buruan %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo sagardo guztia; hau da, Euskal Sagardoa seilupekoa izatea ekoiztuko den sagardo guztia».

 

Jatorri Deiturako sagar sektorean lau proiektu estrategiko

Bide horretan, sagasti berriak jartzeaz gain, teknikoki garatu beharreko lehentasunezko hiru proiektu daude martxan Jatorri Deiturako sagar sektorean:

«Polinizazioa: bertako sagar motek elkar polinizatzeko duten gaitasuna aztertzen jarraitzea. Horrek sagasti bateko barietate nahasketa nolakoa izatea komeni den esango digu, polinizazio egokia izatea».

«Bakanketa: asko den urteetan sagarra bakantzea komeni da, uzta ekilibratuagoak egiteko eta hemengo orografia eta sagar motetara egokitutako bakanketa sistemak probatzen ari da sektorea».

«Aukeraketa: Bertako baserrietan beti egin den lana izan da, sagar mota bat txertatu nahi bada, mentuak sagarrik egoki eta emaleenari hartzea, barietatea hobetzen joateko. Lanketa hori modu antolatu eta jarraian egiten jarraitu nahi da, mintegietarako sagarrik onenetako mentu oinak eman ahal izateko».

«Lurra: Gero eta garrantzia haundiagoa ematen zaio lurraren lanketari eta horretan sektorea formatzea ezinbestekoa da uztak ekilibratzeaz gain, kalitatezko sagarra izateko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!