Hezkuntza

500 euroko saria, aurkezten den Gradu Amaierako Lanik onenari

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 21a, 00:00
Azaroaren 26an banatuko da saria, ikerketak ezagutzeko saioan. Argazkia: Mintzola.

Urriaren 16a baino lehen aurkeztu beharko da lehiaketan parte hartzeko eskaera.

Iaz egin bezala, aurten ere Gradu Amaierako Lanentzako (GRAL) Saria eskainiko du Mintzola ahozko mintegiak, elkarlanean, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin. 2018-2019 edota 2019-2020 ikasturtean aurkeztutako lanak izan behar dute, ahozko kultur sorkuntzari buruzkoak.  Aurkeztutako ikerlan guztien artean saridun irteten denak 500 euroko saria eskuratuko du.

Euskerazko ahozko kultur sorkuntzari buruzko ikerketa bultzatu nahi du deialdiak; hori horrela, antzerkigintza, kantagintza, bertsolaritza, kontalaritza, bikoizketa edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bat ikertzen duten lanak hartuko dira aintzat.

EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak bigarrenez deitu du sari hau. Bi erakundeek, elkarlanean, hainbat ikerketa sustatzen dituzte, besteak beste, ikerketa kontratuen eta proiektu sarien deialdien bidez.

Ikerlan saridunak 500 euro eskuratuko ditu, eta azaroaren 26an izango da sari banaketa, Mintzolak eta Laboa Katedrak ahozkotasunaren inguruan egin diren eta egiten ari diren ikerketak ezagutzeko antolatu ohi duten saioan.

Lanak PDF formatuan bidali behar dira, eta eskariak Mintzola Fundazioaren Zuzendaritzari (administrazioa@mintzola.eus) eta Mikel Laboa Katedraren Zuzendariari (jm.hernandez@ehu.eus) bidaliko zaizkie. Lanak aurkezteko eskaera orria eskuragai dago, Mintzola Fundazioaren atarian: https://www.mintzo­la.eus.
Kalitatea, garrantzia eta originaltasuna baloratuko dira

Ikerlan onena aukeratzeko, zenbait irizpide jarraituko dira.  Ikerketa-gaia eta helburuak ondo zehaztuta egotea, metodologia egokia izatea eta ondo garatuta egotea da ebaluazio irizpide garrantzitsuetako bat. Lanak jakintzari egindako ekarpena, eta maila teorikoan zein metodologikoan egindako berrikuntza ere kontuan hartuko da. Ikuspegi interesgarria eskaintzea eta etorkizunerako lan ildoak irudikatzea baloratuko da lanak ebaluatzerakoan, eta euskerazko proiektuak lehenetsiko dira.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!