Beterri-Buruntza eskualdea ezagutzeko, hainbat irteera gidatu antolatu ditu Behemendik, aste hauetarako. Eta biharkoan, Astigarragan barrena egingo dute ibilbidea: Santiomendi eta ekialdeko mugak ezagutuko dituzte, goizeko 09:30etatik 13:30etara, Murgia jauregitik abiatuta: «gozatuko dugu mugarik gabeko bistez, eta ezagutuko ditugu mugarrien, Done Jakue bidearen eta abarren historia eta istorioak», aurreratu dute.
Parte hartzeko, baina, izena eman behar da aldez aurretik, donostialdea@behemendi.eus helbide elektronikora idatzita.
Eta datorren larunbaterako, Hernanin jarri dute hitzordua. Ereñotzuko inguruetan ibiliko dira, Igorin eta Akolako mendilerroa zeharkatuko baitute, eta bertako altxorrak ezagutu: Epelerreka ondoko baso, landaretza eta fauna, Igorin eta Akolako megalitoak, eta baita inguruko paisaiak ere.
Irteera hori egiteko, Epeletik abiatuko dira, Irubide jatetxearen ondoko aparkalekutik, goizeko 09:30etan; eta lau orduko ibilbidea egingo dute.
Biharkoan bezala, horretan parte hartzeko ere izena eman behar da aurretik: mezua idatzi donostialdea@behemendi.eus helbidera, edo deitu 656 705 243 telefonora, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 15:00etara.
Bederatzi laguneko taldea osatuko dute, gehienez ere.