Pandemia-aro honetan, Zinemaldiaren 68garren edizioa zine ikusle eta zaletuengana distantziarekin gerturatzea, derrigortu du antolakuntzak. Eta nola hurbildu urrun egonda? Imaginazioarekin eta berrikuntzekin. Berrasmatu egin behar da eta atzoko inaugurazio galan erakutsi zuten nola egin. Zinema-aretoetara itzultzeko premia izan zuten hizpide Kursaalean, Jon Maya dantzari eta koreografoak zuzenduta, eta Harkaitz Cano idazlearen gidoiarekin.
Aforoa %30 eta %60 artean murriztu da aretoetan
Donostia Zinemaldiko lehendabiziko hiru egunetarako 9.463 sarrera saldu ziren salmenta lehen egunean, salgai zeuden sarreren %90 baino gehiago. Zenbakia beste edizioetako datuetatik urrun dago termino absolutuetan, baina ez erlatiboetan: iaz 66.000 sarrera saldu ziren bederatzi egunetarako %100eko aforoarekin eta aurten, berriz, hiru egunetarako batez besteko %40ko aforoaren araberako portzentaje baliokidea 8.800 eserleku ingurukoa izango litzateke.
«Zinemaldiko lantaldeak eskerrak eman nahi dizkie ikusleei, urte zail honetan izugarri ondo erantzun dutelako», azpimarratu berri du Jose Luis Rebordinosek, Zinemaldiko zuzendariak.
Covid-19 pandemiaren aurrean, segurtasun neurri zorrotzak hartu ditu Zinemaldiak: aretoetako aforoa %30 eta %60 artean murriztu egin da, Belodromoa bezalako egoitzak bertan behera gelditu dira eta 2019. urtean baino 159 emanaldi eta 64 film gutxiago programatu dira.
Sarreren salmenta online izan da soilik, sansebastianfestival.janto.es webguneren bidez. Mailakatutako salmentaren alde egin du Zinemaldiak. Atzotik aurrera, zinema-aretoetako leihatiletan erosteko aukera ere izango da.
Gehien saldu diren saioak honakoak izan dira: Rifkin's Festival, Akelarre, Été 85 eta Druk / Another Round filmak Sail Ofizialean; Limbo eta Umibe No Kanojotachi / Along the Sea New Directors sailean; El prófugo / The Intruder Horizontes Latinos sailean; Wife of a Spy eta Nuevo Orden Perlak sailean; eta Nora Zinemiran.
Zinema aretoetara itzultzeko premia azpimarratu da
Zinemaldia hasi aurretik eta inaugurazio ekitaldian zinema aretoetara itzultzeko premiari egin zaio azpimarra, orain gutxi ireki baitira konfinamendu-hilabeteak igarota, eta 68. edizioaren kartelean ageri diren loreei aipamen bat baino gehiago egingo zitzaion, June San Sebastián ilustratzaileak loreekin egindako animazioak tarteko.
Aurkezpen-oharretan Harkaitz Canok dioenaren arabera, «aurrez genituen ziurtasunak pitzatu, eta oinen pean amildegi bat ireki zaigula dirudien pandemia-garaiotan, distantzia hitzak duela hilabete batzuk imajinatzen zaila zen zentzua hartu du. Horregatik, distantzia, banatzen gaituena, bai; baina baita salbu ipintzen gaituena ere».
Woody Allen etxean eta Viggo Mortensen-ek ohorezko saria
Donostia Zinemaldiaren 68garren edizioak gonbidatu-zerrenda luzea izango du, guztiak ere parte hartu duten filmak eta proiektuak aurkeztera etorriak hirira. Gaur-gaurkoz, bertaratuko direla baieztatu dute Hollywoodeko izar batzuek, Europako eta Latinoamerikako zinemako izar ezagunek, eta zinema espainiarraren eta euskal zinemaren ordezkaritza handi batek.
Johnny Depp zen ezagunenetako bat da, Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan (Sail Ofiziala, lehiaketan) dokumentalaren ekoizle-lanetan aritu dena oraingoan. Julien Templek zuzendutako dokumentalak The Pogues taldeko buru Shane MacGowan du hizpide. Zuzendaria aurkezpen-emanaldietan egongo da. Aurten, gainera, beste film musikal bat dago Sail Ofizialean, El gran Fellove (emanaldi berezia, lehiaketaz kanpo), Matt Dillonek zuzendua. Dillon Donostiara itzuliko da Donostia saria jaso zuenetik 14 urte igaro diren honetan.
Zuzendari-lanak ere hartu dituen Viggo Mortensen aktoreak jasoko du aurten, hilaren 24an, ostegunarekin, Zinemaldiak ematen duen ohorezko sari gorena, eta Falling aurkeztuko du, estreinako zuzendari-lana.
Woody Allenek, Rifkin’s Festival filmaren zuzendariak (Sail Ofizialaren inaugurazioa, lehiaketaz kanpo), New Yorketik bitarteko telematikoen bidez hartuko du parte, baina bertan dira emakumezko bi protagonistak: Gina Gershon estatubatuarra eta Elena Anaya espainiarra.
Euskadiko zinemagile eta zinemagintza ere aurten protagonista izango da.