Eskola kirola egingo da Urumea bailaran ere, baina behin programa berrantolatuta

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 17a, 00:00
Neskak futboleko topaketa batean, joan den urtean.

Gipuzkoako eskola kiroleko entrenamenduak urritik aurrera hasiko dira, «kontaktu fisikoa mugatuz eta ingurune seguruetan»; eta begirale guztiek prestakuntza ikastaroa egin beharko dute. Lehiaketak urtarrilera arte atzeratuko dira.

Kirol erakundeekin, ikastetxeetako koordinatzaileekin eta ikasleen gurasoekin izandako bileraren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak astelehenean erabaki zuen eskola kiroleko lehiaketak urtarrilera arte atzeratzea, infantil eta alebinetan.

Hala ere, ziurtatu dute eskola kirola urrian hasiko dela,  «kontaktu fisikoak murriztea lortzen bada». Horretarako, parte hartuko duten begirale guztiek prestakuntza ikastaro bat egin beharko dute, aurreratu dutenez.   

2020-2021 denboraldiko eskola kiroleko programetan parte hartu ahal izateko, kirol diziplinetako jarduerak eta lehiaketak antolatzen dituzten erakundeek bermatu beharko dute, jarduerak eta lehiaketak kontaktu fisikorik gabe eta pertsonen arteko gutxieneko segurtasun distantzia mantenduz egingo direla. Eta behar izanez gero, arau hori betetzeko, «joko arauak egokitu» egingo dituzte.

Parte hartuko duten begirale guztiek, berriz, Kirolaren Euskal Eskolak abian jarritako prestakuntza ikastaroa egin beharko dute, horretarako.

Urumea bailarako eskolek bilera egin zuten atzo

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak eskola kirolarekin hasteko baimena eman duen arren, «eskola bakoitzaren esku» utzi dute entrenamenduekin hasteko era­bakia. Atzo izan zuten bilera, Astigarraga eta Hernaniko eskola kiroleko koordinatzaileek, eta jarraitu beharreko pausoak markatu zituzten.

Horrela, adostu dute eskola kirola egingo dela, baina horretarako, ekainerako prestatu zen programa berrantolatuko dute aurrena, egungo egoerara egokituta. Hori horrela, urrian ez da hasiko eskola kirola bertan, beranduago baizik.

Edonola ere, printzipioz bi herrietako eskola guztiek erakutsi dute asmoa, lanketa horri heltzeko; baina ez da segurua denek parte hartzea eskola kirolean, arazoak tarteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!