Hezkuntza greba

Urumea bailarako hainbat eskolek greba egin zuten, hartutako neurriak «eskasak» direlako

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 16a, 00:00
Urumea Ikastolako sarrera atzoko egunean patio orduan, ikaslerik gabe.

Ikasgeletara itzulera «seguru eta adostua» eskatu zuten atzo egindako greban. Sindikatuen arabera %65eko jarraipena izan zuen grebak langileen artean, eta Hezkuntza Sailaren arabera, aldiz, %45,2koa izan zen.

Sindikatu guztiek, ELA, LAB, Steilas, CC.OO. eta UGTek grebarako deialdia egin zuten elkarrekin, eta hauekin bat egin zuten atzo Urumea bailarako hainbat ikastolek; hala nola, Urumea, Elizatxo, Langile, Txirrita, Astigarragako Herri Eskola eta Hernaniko BHI Institutua. Eusko Jaurlaritzak ikasturte berriari aurre egiteko hartutako neurriak eskasak direla salatu zuten, eta ikasgeletara itzulera «segurua eta adostua» exijitu zuten atzoko manifestazioetan.

Pasa den ostegunean, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntzan grebara deitu zen, «eskoletara aurrez aurre itzultzeko Hezkuntza Sailaren kudeaketak onartezina eta arduragabea izaten jarraitzen duelako, eta hezkuntza munduan lan egiten duten langileen ezinegona salatzeko, eta baita ikasle zein familien ziurgabetasuna salatzeko». Hori horrela, Urumea bailarako hainbat ikastolak egin zuten bat, atzoko grebarekin. Zerbitzu minimoak eskaini zituzten hezkuntza zentro askok, «beharrezkoak baitira».

Zerbitzu minimo horiek eskaintzeko, ordea, ikasturtea hasteko hartutako osasun neurriak betetzea «zaila» izan da eskola batzuetan. Ikasle gehienak eskolara joan ez ziren arren, zenbaitetan jakinarazi zuten burbuila gelak mantetzea «ezinezkoa» izan zela. Urumea Ikastolan, esaterako, 24 ikasle joan ziren gelara. «Adin eta maila ezberdinetako ikasleak badira ere, ez genuen maila bakoitzeko umeentzat irakasle bat. Hala ere, gehienez 6 ikasle elkartu dira gela bakoitzean eta segurtasun neurriak mantendu dituzte beraien artean», adierazi zuten. Institutuan ere gauza bera gertatu zen atzo.

Bestalde, Elizatxora ez zen ikaslerik joan eta Ereñotzuko Txirrita Eskolan familia bereko bi ume izan ziren eskolan eta beraz, elkarrekin egon ziren.


Ikasle abertzaleek ere greba egin zuten

Egoerari aurre egiteko antolakunde eta eragileek grebara deitu zuten, eta Ikasle abertzaleek ere bat egin zuten. Hala ere, beraien deialdi propioa egin zuten, beste arrazoien artean, Ikasle Sindikatuak deitutako greba «kolpe mediatiko bat emateko helburuarekin» egin zela uste dutelako.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!