Santiomendira eta ekialdeko mugetara bisita igandean, Beterri-Buruntzako irteera gidatuetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 14a, 00:00

Sei irteera antolatu ditu Behemendik, eskualdeko sei herrietan. Astigarragan izango da igandekoa, eta Hernanin irailaren 26koa, Igorin eta Akolan.

Herritarrek eskualdea ezagutzeko asmoz, sei irteera antolatu ditu Behemendik Beterri-Buruntzako udalerrietan; bakoitze­an, irteera gidatu bana.

Joan den larunbatean egin zuten aurrenekoa, Andoainen, Buruntza mendiko magaletik Zumearako eliza eta dorretxeen inguruko historia eta istorioak ezagutuz. Eta bigarrena, datorren igandean bertan, Astigarragan egingo dute: Santiomendi eta ekialdeko mugarriak bisi­tatuko dituzte, goizeko 09:30etatik 13:30etara, Murgia jauregitik abiatuta. «Mugarik gabeko bis­tez gozatzeko aukera izango dugu, landaguneko eta gizatiartutako lurraldeak uztartzen diren ibilbide zirkular honetan. Mugarrien historia, Done Jakue Bidearena... ezagutzeko aukera ere izango dugu», aurreratu dute.

Irteeran parte hartzeko, hori bai, aldez aurretik eman beharko da izena: donostialdea@behemendi.eus helbidera ida­tzi; edo 656 705 243 tele­fonora deitu, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara. Bederatzi laguneko taldea osatuko dute ge­hienez.

Igorin eta Akola inguruko trikuharrietara bisita, irailaren 26an

Horren ondoren, Hernanin egingo dute hurrengo irteera gidatua, irailaren 26an. Ereñotzu in­­guruan izango da, Igorin eta Akola inguruko trikuharriak ezagutuko baitituzte.

Urriaren 4an, Lasarte-Orian egingo dute irteera, herriko muralak eta eraikinak bisitatuz, herriaren historiako pasarte ezberdinak ezagutzeko. Urnietan egingo dute urriaren 10ekoa, Adarramendiko inguruaz gozatzeko eta bertako aztarna mega­litikoak ezagutzeko. Eta urriaren 18an izango da azkenekoa, Usurbilen: Urdaiaga auzoan ba­rrena, bertan zeuden zeta, bur­dinola eta baserrien historia eza­gutuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!