Maskarilla, gel hidroalkoholikoa eta tenperatura kontrolak «normaltasun berria» bilakatu dira eskolan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 12a, 00:00

Ikasleak eskolatik txandaka irteten, segurtasun neurriak betetzeko.

Uda amaierarekin batera ikasturte berria hasi da; egunerokotasuna, ordea, ezberdina izango da ikasle, irakasle zein eskoletako langileentzat. Errutinak aldatu egin dira eta bete beharreko prebentzio-neurri ugari ezarri dira zentroetan.

Astelehenean hasi zuten Urume­a Bailarako eskolek ikasturte be­rria. Umeen aurpegietan urduritasuna eta zirrara ziren protagonistak; izan ere, martxotik beraien ikasgelak eta gelakide asko ez zituzten ikusi, oraindik. Hala ere, itzulera ez da guztiz erraza izan.  Edo behintzat, ikasle, irakasle eta eskolako gainerako langileak ez dira ohiko moduan bueltatu eskolara. Maskarillen atzean ezkutatu dira ikasleen arteko irrifarrak, eta aurten ez da besarkadarik egon irakasle eta ikasleen artean. Baina maskarilla jantzita bazuten ere, bailarako ikasleen begiraden atzean ikasturtea hasteko emozioa agerian geratu da.

Hernani, Astigarraga, Goizu­eta eta Ereñotzuko eskoletako ba­koitzak bere modura antolatu du eskolara itzulera, Hezkuntza Sailak zehaztutako jarraibideen barruan. Zentro bakoitzaren eza­­ugarriak kontuan hartuta (eraikuntza, gela bakoitzeko espazioa, ikasle kopurua...), erabaki bat edo­ beste hartu da.

Aratz ikaste­txeak, esaterako, ikasgelan na­hikoa leku dutelako eta ikasleen ratioa Sailak ezarri zuen muga betetzen duelako, bur­buila ge­la delakoak sortu di­tu. Prebentzio sistema honekin, gela bakoitzeko ikasleak beraien gelakideekin egongo dira eta ikastetxeko ikasleen arteko harremana minimizatzea lortuko da. Neurri horren helburua da talde bereko haurren eta beste bizikidetza-talde batzuen arteko interakzioa saihestea. «Burbuila» geletan antolatzeak kontaktu kopurua murriztuko du eta koronabirusagatik kasu positiboren bat baieztatuz gero, haur eta ikasleen artean miaketa-lana erraztuko da.

Ohitu beharreko errutinak

Koronabirus gaixotasunaren hedapena gel­di­a­­razteko ezinbestekoak dira prebentzio-neurriak har­­­tzea. Hori bermatzeko, be­te beharreko neurri batzuk ze­­haztu zituen Hezkuntza Sailak. Horregatik, eskoletan hartu diren neurri guztiekin, maskarilla, gel hidro­al­koholikoa eta tenperatura kon­­­trolak «nor­­maltasun berria» bilaka­tu dira hezkuntza zentroetan. Eskolara sartzeko eta bertatik ateratzeko horiek dira egunerokotasunean ikasle zein iraskasleek bete behar dituzten jarraibideak.

Gela barruan ere, bete beharreko neurriak zehaztu dira. Eta jangela eta jolastokia bezalako espazio komunetan, jende pilaketak saihesteko neurriak ezarri dira eskoletan. Aurtengo egoera honetan umeek ilara egin beharko dute eskolara sartzeko. Ikasgela bakoitza eskolako gune zehatz batean bilduko da eta ondoren, irakaslearekin, bakoitza bere gelara joango da. Modu ordenatuan egingo da guztia, umeen arteko kontaktua ahalik eta murritzena izateko eta kasu positiboak saihesteko.

Jangelan ere txandak egingo dira. Ume guztiek ezingo dute batera bazkaldu eta adin-tarte bakoitzak bazkalordu zehatza izango du.

Eta bailarako eskolek beraien ne­urriak zehaztu badituzte ere, es­kolako ikasle edo lan­gileren ba­tek sintomak izanez gero, kontuan izateko protokolo bat sortu du Hezkuntza Sailak. Hartutako neurrien artean daude COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten ikasle, irakasle edo langileak ez direla eskolara joango. Eta noski, positiboa denak ere ezingo du eskolara joan. Gainera, etxean norbaitek COVID-19aren diagnostikoa badu, eskolak honen berri izan beharko du.

Eta Sailak sortutako protokoloaren barruan dago ere, eskola bakoitzak higiene eta aireztapen neurri egokiak betetzen dituen «isolamendu-gela» bat izatea. Ber­tara joan beharko du gaitzaren ­sintomak dituen pertsonak. «Eskolako gela normal bat da, baina arduradun bat egongo da bertan eta zehaztutako protokoloa jarraituko du berak». 

Umeak eskolan irakaslearen azalpenak entzuten, segurtasun neurriak betetzen dituztela.

 

«Iaz bezala gaude hemen, baina maskarillekin eta gel hidroalkoholikoarekin... ez dakigu zer gertatuko den»

Protokoloa eta kontingentzia-plana zehaztuta dituzte Langilen, baina «gauzak egunero aldatzen dira eta ziurgabetasuna ere badugu».

Hasiera «arraroa» izan da Langilen. «Irakasle, ikasle, zein eskolako langileak pixkanaka ari gara egoera honetara egokitzen, eta ez dakigu zer gertatuko den». Diote, Hezkuntza Sailak protokoloa bidali ziela eta zenbait maskarilla eta gel hidroalkoholiko ere, «baina ez dugu beste ezer», esan dute.

Bailarako gainontzeko eskolen moduan, Langilen ere esfortzu haundia egin dute protokoloa eta kontingentzia-plana prestatzeko. «Ikasle asko gara hemen eta 23-25eko ratioak ditugu. Orain arte ikasleak ziren gelatik gelara mugitzen zirenak, baina orain irakasleak dira ikasleengana joaten direnak. Hori izan da aurtengo ikasturteko aldaketa nagusia».

Eskolaz kanpoko jarduerak bertan behera gelditu dira, baina bestelako ekintzak egiteko asmoa dute Langilen. «Ikastolan bakoitzak bere taldea du orain, eta ikasleak ezin direnez nahastu, aterpetxeetara gaua pasatzera ezin dugu joan. Hala ere, eguneko irteerak egitea pentsatzen ari gara», azaldu dute. 

Ikasleak komunean eskuak garbitzeko ilaran, segurtasun distantziak mantenduz.

 

«Kontzientziatuta gaude egoera berri honekin»

Hezkuntza Sailak sortutako protokoloa kontuan izanda, Aratzek bere propioa egin du egoera kontrolpean izateko.

Eskolako lehenengo egunak «arraroak» ari dira izaten Aratzen. Diote, «hasiera ezberdina» eman diotela ikasturteari, hartu behar izan dituzten neurriek horrela behartu dutelako.  Hala ere, «ikasleak gogotsu etorri dira eta neurriak modu egokian betetzen ari dira», azaldu dute. «Informatikari garrantzia ematen ari gara; konfinatzen bagaituzte ezinbestekoa iruditzen zaigu ikasleek informatika nozioak izatea etxetik eskolak ondo jarraitu ahal izateko», adierazi dute.

«Burbuila gelak» sortu dituzte Aratzen, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzarako. «Irakasle bakoitza bere ikasleekin egoten da une-oro, eta ikasle taldeak ez dira beraien artean nahasten. Eta jolastokian ere bakoitzak bere espazioa du».

Sailak protokoloa azaldu bazien ere, Aratz ikastetxeak bere propioa sortu du. Diote Sailak emandako kontingentzia-plana «oso berandu» heldu dela. Gainera, inolako laguntzarik jaso ez dutela esan dute: «Hezkuntza Sailak 1.000 irakasle berrien kontratazioaren aukera jarri zuen mahai gainean, baina guk ez dugu horren berri izan».

Egoera hau dela eta zenbait ikasle ez dira eskolara joan lehenengo egunetan. «Protokoloa azaltzeko bilera egin bagenuen ere, familiak beldur dira eta zenbait ume ez dira eskolara etorri. Hala ere, gogorarazi diegu eskolatzea nahitaezkoa dela eta beraz, egoera ulertu arren, eskolara etortzera animatu diegu».

Irakaslea ikasleekin eskolatik irteten, txandaka.

 

«Familiek erantzun oso ona izan dute egoearen aurrean»

Urumeako zuzendaritza taldea ekainean hasi zen lanean ikasturte berri honi aurre egiteko protokoloa prestatzen.

Bailarako gainontzeko eskolen moduan, Urumean ere buru-belarri aritu dira lanean egoera honi aurre egiteko kontingentzia-plana eta protokoloa prestatzen. Ekainean hasi ziren horretan irakasle eta zuzendaritzako kideak, eta abuztuan ere zehaztapenak egiten jarraitu dute.

Ezjakintasunaren aurrean familiek kezka azaldu zuten hasieran, baina protokoloaren berri izan zutenean lasaitu egin ziren. «Ikasle eta gurasoek oso erantzun ona izan dute egoeraren aurrean; hasieratik errespetuz jokatu dute eta ezarritako arauak bete dituzte», azaldu dute.

Urumean ere «burbuila-taldeak» egin dituzte, eta modu honetan ikasle taldeak ez nahastea errazagoa da. «Irakasle espezialistak bakarrik mugitzen dira gela batetik bestera».

Hala ere, Hezkuntza Sailaren lana «desastre hutsa» dela esan dute hauek ere. «Eskola guztiak esfortzu haundia ari gara egiten beharrezko materiala gure kabuz erosi eta protokoloa ahalik eta zehatzena izateko. Sailak materiala bidali digu, baina oso gutxi, eta beraiek sortutako protokoloaren berri oso berandu izan genuen». Irakasleek ikasturte berri hau hasteko formakuntza ere Urumeako zuzendaritza taldeak emandako da: «goitik ez zaigu erreferentziako pertsonarik etorri».

«Ikasle taldeak nahastea ezinezkoa da» eta horregatik, momentuz eskolaz kanpoko jarduerak eta goizetako zaintzak bertan behera gelditu dira eskolan.

Umeak eskolako atean, lurrean margotutako marren barruan, ikasgelarako sartzeko zain.

 

«Zortez espazio aldetik arazorik ez dugu eta horregatik, nahasketak saihesteko talde egonkorrak sortu ditugu»

Normaltasun-berri honetara «ohitzen saiatzen» ari direla diote Goizuetako Xalto eskolakoek.

Xalto eskolako ikasle guztiak joan dira eskolara lehenengo egunetik. «Etxekoen aldetik kezka haundia sumatu dugu, baina zehaztutako kontingentzia-planaren berri izan dute guztiek eta lasaitasuna sumatu dugu; mezuak, e-mailak eta telefono deien kopurua gutxitu egin da azken egunetan».

Talde bakoitzak eskolara sartzeko sarbide propioa du Xalto eskolan. «Hiru bloke ezberdin ditugu, eta bakoitzean bi talde daude. Lehenengo, bigarren eta hirugarren mailakoak sarrera nagusitik sartzen dira eta bakarrik daude goiko pisuan. Bosgarren, seigarren eta DBHko ikasleek beste ate bat dute eta orduan, sarrerak eta irteerak ez dute kointziditzen», azaldu dute.

Errekreoan ere «burbuila gela» bakoitzak bere eremua du. «Frontoia, futbol zelaia eta eskolako gainerako eremuak zatitu eta talde egonkor bakoitzak bere eremua du orain».

«Ongi ari gara funtzionatzen. Hala ere, zenbait eskaera egin ditugu eta orain arte ez dugu laguntzarik jaso. Plantilla zabaltzeko eskatu dugu esaterako, baina ikuskariaren erantzunaren zain gaude».

Haurrak Andres Nabarte Xalto eskola kanpoan, gelara sartzeko ilaretan, segurtasun distantzia mantenduz.

 

«Martxan gaude eta ikusiko dugu ea zer gertatuko den»

Egoerak nola «eboluzionatzen» duen pixkanaka ikusiko dute astigarragakoek, baina gogoz ekin diote ikasturteari.

Urduritasuna eta ezjakintasuna dira ikasrturte berri honen hasiera definitzen duten hitzak. Irakasleak, ikasleak eta eskolako langileak aurrerantzean gertatuko denearen esperoan daude. Hala ere, guztiek zuten eskolara bueltatzeko gogoa. Martxotik etxetik aritu dira lanean eta neketsua eta «arraroa» izan da eskolan ez egotea. Astigarragako Herri Eskolakoek uztailan zehaztu zuten kontingentzia-plana: «uztailaren bukaerarako prest genuen guztia».

Urumea Bailarako beste zenbait eskolen moduan, Astigarragan ere «burbuila» taldeak egin dituzte. Izan ere, nahikoa leku dute eskolan eta egoerak baimendu egin die modu honetan antolatzea. Eta gainerakoan, «maskarilla, segurtasun distantziak eta gel hidroalkokolikoa erabiltzen ditugu egunerokotasunean», gehitu dute.

Ia ikaslego guztia joan da eskolara lehenengo egunetik. «662 ikasletik 5 bat edo ez dira etorri, baina jakinaren gainean gaude», azaldu dute. Familien aldetik kezka nabaritu badute ere, «prestatutako protokoloaren berri eman genien eta ikasleren bat etorri ez den arren, orain lasaiago daude». Eta irakaslego eta eskolako langileen plantillari dagokionez ez da kontratazio berririk egin: «berdin jarraitu dugu eta ez da aldaketarik egon».

Eskolaz kanpoko jarduerak bertan behera gelditu dira Astigarragan, baina horiei ekiteko asmoa dute: «ikusiko dugu zer egin egoera aurrera doan heinean».

Astigarragako Herri Eskola
 
 

«Urduri etorri gara ikasturte berrira, ezjakintasunarekin»

«Gogo haundiz» itzuli dira Txirrita Herri Eskolakoak, hala ere, ezin ukatu «egoera honek sortutako urduritasuna».

Ereñotzuko Txirrita Herri ikastetxean, «pozik, ilusioz, indartsu eta gogo haundiz» hasi omen dute ikasturtea, hala ere, irakaslegoak dio, «urduri» hasi direla, «ikasturte berezia izango baita, eta ezjakintasun askorekin hartu dugu». Hamaika zalantza etorri zaizkie burura, hala nola, «egoera berrira nola moldatuko ote gara? Haurrak nola ote datoz? Nola daude familiak? Nola pasa ote dute uda?».

Ereñotzun ere, protokolo bat jarraitu dute, izan ere, «neurriak, eskolako kontingentzi planean jaso ditugu, departamentutik eskatu baitziguten». Hori horrela, Ereñotzuko Txirrita Herri Ikastetxean hainbat neurri ezarri dira. Haien artean, 6 urtetik gorakoek musukoa eraman behar dute, ikastetxera sartzeko eta ateratzeko taldeak egingo  dira, tenperatura hartuko da, eskuen garbitasuna «maiz», distantziak eta eskolaren garbitasuna haundituko da.

Txirritan, 3 urtetik gorako ikasle guztiak astelehenean hasi zuten ikasturtea, aldiz 2 urtekoak egokitzapena dela eta, asteazkenean hasi ziren, eta «Haur Hezkuntzan badira familia pare bat ez hastea erabaki dutenak». Familietan ere «emozio asko» nabaritu dute Txirritako irakasleek, eta diote «pena» ere somatu dutela, «beraien haurrak ahoa tapaturik ikusi dituztenean».

Egoera zaila izan arren, Txirritako irakaslego plantila egonkorra da aurtengoa, «eta horrek indar berezi bat ematen dio eskolari, lasaitasuna alegia».

Mendi buelta egin zuten atzo, Txirrita eskolakoek, neurri prebentiboak kontutan hartuta.

 

«Arreta berezia jarriko dugu online prestakuntza ematen»

Aurretik prestatu zuten protokoloa zentroan: «Ekainean argi ikusi genuen prest egon behar dugula etor litekeenerako».

Hernaniko Lanbide Heziketan ikasleek oraindik ez dute hasi ikasturtea. Irakasleek, ordea, denbora daramakite  egoera honi aurre egiteko protokoloa eta kontingentzia-plana prestatzen.  «Eskolak hastean ikasleei prebentzio neurri guztien berri emango diegu eta bilera egingo dugu Oinarrizko Lanbide Heziketako gurasoekin», azaldu dute.

Hiru txanda antolatu dira eskolako ikasleak ikasturtearekin hasteko. Goi mailako 2garren mailakoak astelehenean hasiko dira, eta lehenengo mailakoak, asteazkenean. 2garren mailako Erdi mailako ikasleak hilaren 21ean hasiko dira, eta 23an lehenengokoak. Eta azkenik, Oinarrizko Lanbide Heziketakoak irailak 28an hasiko dute ikasturtea 2garren mailakoek eta 30ean lehenengokoek.

Pilaketak saihesteko hamaika prebentzio neurri hartu dituzte. «Talde batzuk 08:00etan sartuko dira, eta beste batzuk 08:10etan; irten ere bi txandatan irtengo dira. Gela eta tailerretan, sartu-irten bakoitzean ikasle bakoitzak erabilitako mahaia, ordenagailua eta tailerreko tresnak garbituko ditu; horretarako gela guztiak egongo dira produktu egokiez horniturik. Bestalde, gelak 20 minuturo, eta klasea hastean eta amaitzean aireztatuko ditugu».

Aurten «arreta berezia» jarriko dute online prestakuntzan; moodle ikastaroak egin dituzte eta online erabiltzeko materiala prestatu dute. Izan ere, diote, «talde bat konfinatu behar bada, etxetik lan egiten jarraitzea nahi dugu». 

Hernaniko Lanbide Heziketako irakaslegoa, prestatutako protokoloa aztertzen.

 

«Oinarrizko neurriak aplikatu ditugu, egoerak eskatutakoak»

Institutuan pixkanara ari dira martxa hartzen, eta datorren astean hasiko dute ikasturtea ikasle guztiek.

Institutuko ikasle guztiek ez dituzte eskolak hasi oraindik. «Erdizka hasi dugu ikasturtea, eta ohitzen ari gara oraindik». Izan ere, DBHko lehenengo eta bigarren mailakoak astelehenean hasi ziren eskolak hartzen, baina hirugarren eta laugarren mailakoek eta batxilergokoek, datorren astean hasiko dute aurtengo ikasturtea.

Lehenengo egunak dira eta hezkuntza zentroetan zer gertatuko den inork ez daki. «Desikasi edo ikasi egin behar dugu», onartu dute institutuan.  Bertan ez dira «burbuila» taldeak sortu, «ezinezkoa delako». Ikasle asko daude DBHko lau mailetan eta batxilergo osoan. «Hala ere, gauzak ahalik eta hobekien egiten ahalegintzen gara. Burbuila bat ezin da sortu hemen, baina gelaka egoten saiatzen gara, talde egonkorretan».

Gainera, institutuko ikasleak «ez dira umeak», azaldu dute bertakoek. «Gelan edo jolas-orduan elkartzen ez badira, ziurrenik talde ezberdinetako ikasleak elkarrekin etorriko dira institutura edo gero arratsaldea elkarrekin pasatzeko geratuko dira». Baina azaldu dute Hezkuntza Sailak eta gainerako erakundeek emandako protokoloak kontuan izanik, institutuan ere beraien kontingentzia-plana sortu dutela. «Ahalik eta zehatzen egiten ahalegindu gara».

Eskolako irteerak bertan behera gelditu diren arren, «aukera dugunean egun pasak egin eta aire freskoa arnastera aterako gara, ziur».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!