«Jendea kontzientziatu nahi dugu, natur ondare oso garrantzitsua baita Urumea»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 11a, 00:00

Hernaniko Udaleko, Ereñotzuko eta Foru Aldundiko ordezkariak batu dira gaur Urumeako erabilera masiboa salatzeko.

Atzo, Urumea bailaran gertatzen ari den erabilera masiboaren kezka azalarazi zuten Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, Unai Erroitzenea Ereñotzuko alkateak, eta Inma Lizaso, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Mendiak eta Habitatak kudeatzeko Zerbitzu teknikariak.

Atzo goizean, Fagollagako presa inguruan, Xabier Lertxundi, Unai Erroitzenea eta Inma Lizaso bildu ziren, Urumea ibaiaren bazterrean agertzen den zaborrari buruz jarduteko, eta dagoen «kezka» helarazteko. Aipatu dute, uda guztietan gertatzen dela erabilera hau, eta «beti sortu izan duela kezka». Hala ere, Lertxundik azpimarratu du uda hau berezia izan dela, eta «are eta egoera larriago bat sortu da hemen, Urumea bailara honetan». Hau guztia kontutan izanik, inguru honetan eskumena daukaten erakundeak elkarlanean hasi dira, eta «baloratu nahiko genuke uda hau nolakoa izan dan, eta gizarteratu Urumean egiten den aisialdirako erabilera masibo honek, arazo larriak sortzen dituela». Aipatu dute, jendea «kontzientziaraztea egoera larria dela».

Eremu honetan, hondakinen sorrera eta kudeaketa izaten da arazo larrietako bat. Hernaniko Udalaren aldetik, Lertxundik aipatu du, hondakinen bilketa indartua dagoela, izan ere, «bi bilketa puntu daude, bat hemen Fagollagakoa, eta bestea Ugaldetxokoa». Bilketa hau, egunero egiten da, hala ere, «jende askok ez ditu erabiltzen», eta nahiz eta hondakinak biltzeko puntu hauek egon, «jendeak ez ditu modu egokian erabiltzen, kanpoan uzten dute zaborra, eta noski bilketa hori konplikatu egiten da». Gainera, zabor bilketa hau, egunero egiten da, «baldin eta bere lekuan badago, eta ez bada horrela, ezin da bilketa ondo egin».

Uda honetan gainera, Foru Aldunditik, eta Hernaniko Udaletik, udaltzaingoaren bitartez kontrola «zorroztu egin da, espedienteak ere ireki dira, eta guk neurriak zorrotz betetzen jarraituko dugu, jendea kontzientziatzeko». 

Hondakin «ugari»biltzen dira Urumea ibaiaren ertzean.

Unai Erroitzeneak azaldu du,  ereñotzuarrentzat «natur ondare garrantzitsua dela Urumea», eta Auzo Udalak, ahaleginak egiten ditu, «bailara hau babesteko». Hala ere, Erroitzeneak dio, konturatu direla, Urumea bailara aisirako erabiltzen dela, baina azken urteetan izan duen bilakaerak, «talka» egiten duela Ereñotzuko Auzo Udaleko asmoekin. Izan ere, masifikazioak hainbat arazo ekartzen ditu, «ibilgailuen joan etorriak adibidez, trafiko intentsitatea asko areagotzen da, istripuak ere egon dira. Ibaiaren inguruan, suak pizten dira, eta debekatuta dago, azkenean ez gara kontzienteak gaizki itzalitako su batek, zein ondorio izan ditzaken, eta batez ere honelako eremu batean». Horrez gain,  txakurrak ere aipatu ditu Erroitzeneak, basa animalien artean eragina daukatela, azpimarratuz. Eta noski, ibai ertzetan uzten den hondakinek sortzen duten kalteari buruz ere iritzia eman du.

Inma Lizasok azpimarratu du Urumea ibaia, kontserbazio bereziko eremu bat dela, eta gainera «Aiako harriko parke naturalaren zati bat».

Hori horrela, basozainekin bigilantzia areagotu dutela azaldu du, eta gainera jendeari «pedagogia egin zaie, eta egingo zaie, babes leku bat baita Urumea ibaiaren eremu hau. Izan ere, hainbat jarduera ezin dira egin, eta jendea kontzientziatu nahi dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!