Euskaltegia

Buruntzaldeko euskaltegietan matrikulatzeko epea martxan da, eta «eskaintza zabala dago aurten»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 5a, 00:00

Eskualdeko herrietako euskara zinegotziak, teknikariak, irakasleak eta euskaltegietako ordezkariak atzo, Biterin.

Lan haundia egin dute 2020-2021 ikasturtea prestatzeko, eta Udal zein AEK-ko euskaltegietako kideek herritarrak parte hartzera animatu dituzte. «Ordutegi, maila eta erritmo zabalean aritu gara lanean guzti hau prestatzeko». 

Atzo prentsaurrekoa izan zen Bi­terin, Buruntzaldeako euskalte­gietan matrikulatzeko kanpainaren berri emateko. Bertan izan ziren kanpainari ahotsa jartzen Oier Agirresarobe Hernaniko Udaleko euskara zinegotzia, Mikel Arregi Andoaingo Udaleko euskara zinegotzia, Gurutze Salaberria Udal euskaltegietako ordezkaria eta Ixiar Era­sun, Hernaniko AEK-ko euskaltegiko irakaslea. 

Matrikulazio epeak irekita

Prentsaurrekoaren helburua herritarrak euskaltegietan izena ematera eta matrikulatzera animatzea izan zen. «Matrikulazio epeak irekita daude denetan eta oraintxe da izena emateko aukera». 

Irailaren 30a da izena emateko azken eguna. «Eskolak aurrez aurrekoak, presentzialak, izango dira maila guztietan, eta autoikaskuntzarako aukera ere egongo da», azaldu zuten. Autoikaskuntzan tutoretzak, programazio pertsonalizatuak eta mintza-saioak egingo dira. Eta aurrez aurreko eskoletan baita ere, ikasle bakoitzaren banakako jarraipena egingo da eta irakaslearekin tutoretzak egingo dira astero. 

Bi aukera horiez gain, online egiteko aukera ere badago.  Maila guztiak (euskalduntzeko zein mailak egiaztatzeko) eta itzulpengintza ikastaroa, 30 ordukoak dira. Eta bestalde, Foruko barnetegia urte osoan egongo da zabalik, baita ere. 

Eta matrikulazioaren inguruko informazioa helarazteaz gain, Agirresarobek prentsaurreko­an eus­­kera ika­si eta hobetzearen ga­­rrantzia eta onurak azaldu zitu­en, euskaltegiek duten ardura azpimarratzeko. «Euskara ikasteak herriko bizimoduan modu osoagoan parte hartzeko aukera ematen du eta, era berean, euskaraz bizi nahi dugunoi aukera zabaltzen digu hala bizi ahal izateko». 

Horrekin batera, euskal hiztunak sortu eta hizkuntzaren transmisioa garatzearen alde egi­teko mezua zabaldu zuten guztiek. 
Izan ere,  hori da euskaltegi­etako helburu garrantzitsuenetariko bat. Irakasle eta euskera teknikariek lan haundia egin dute beraien mailaren prestakuntza pertsonalean, eta euskaltegietako ikasleei gertuko arreta eta konpromisoa adierazi nahi diete, «gure pasioa ahalik eta hobekien transmititu nahi dugulako», esan zuen Erasunek.


Diru-laguntzak matrikulentzat

Helburua doako irakaskuntza izatea da. «Euskera doan ikasteko aukera izatea nahi dugu, hala nahi duten herritar guztiek» esan zuen Arregik. Eta horregatik, Buruntzaldeako udalek beka sistema sendoak dituzte. Matrikulak finantzatzeko aukeraz gain, denetan %85etik gorako diru-laguntzak daude. Diru-laguntzen inguruko informazioa euskaltegietan eta Udaleko euskara zerbitzuetan eskuratu daiteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!