Neurri eskasak hartu direla salatzeko, irailaren 15erako EAEko hezkuntzan grebara joko dute

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 5a, 00:00
Haurrak ikasgelara sartzeko zirraraz, joan den urteko ikasturte hasieran.

Sindikatu guztiek, ELA, LAB, Steilas, CC.OO. eta UGTek grebarako deialdia egin dute elkarrekin, Eusko Jaurlaritzak ikasturte berriari aurre egiteko hartutako neurriak eskasak direla salatzeko.

Ikasturte berria hastear dago, eta horrekin batera, sindikatu guztiek greba deialdia luzatu dute. Joan den ostegunean agerraldia egin zuten, Eusko Jaurlaritzak ikasgelara bueltatzeko hartutako neurriak eskasak direla azalduz. «Eskoletara aurrez aurre itzultzeko Hezkuntza Sailaren kudeaketak onartezina eta arduragabea izaten jarraitzen du», azaldu zuten sindikatuetako bozeramaileek. Eta hezkuntza munduan lan egiten duten langileen ezinegona salatzeko, eta baita ikasle zein familien «ziurgabetasuna» salatzeko, irai­­la­ren 15erako EAEko hezkuntzan grebara deitu zuten.

Antolatu dutena hezkuntza osoari eragingo dion greba deialdia da. Eta pasa den ostegu­nean egindako agerraldian e­mandako arrazoien artean, sindi­katuek azaldu zuten ikasturte berezi honen hasiera prestatzeko Eusko Jaurlaritzak ez dituela langileak kontuan hartu. Jakitera eman zuten Hezkuntza Sailak ez duela bilerarik egin sindikatuekin eta beraz, langileen ahotsa eta iritzia itzalean geratu dela helarazi zuten.

«Sailak ez du argitu aurreikusitako zein eszenatokitan gaudela ulertzen duen ere»

«Ikasgeletara itzulera segurua eta adostua exijitzeko deialdia»

Hezkuntza Sailak eskolara aurrez aurre bueltatzeko kudeaketa «onartezina, arduragabea, aldebakarrekoa eta adostu gabekoa» dela azaldu zuten joan den eguneko prentsaurrekoan. Horregatik, sindikatuek ikasgeletara bueltatzeko baldintza seguruak eskatuko dituzte, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak «eskasak» direlako.

Sindikatuek azaldu zutenez, joan den maiatzean Hezkuntza Sailak ikastetxeetara aurrez aurre itzultzeko asmoa aurkeztu zuenean, sindikatuek abian jarri zuten eskoletara itzulera seguru eta adostu baten aldeko dinamika. Eta dinamika horren baitan, hainbat mobilizazio, idatzi eta ekimen gauzatu zituzten. Besteak beste, datorren ikasturteari begira, ekainean Sailari oinarrizko aldarrikapen komunak betetzea exijitu zieten, erregistratutako idatzi baten bidez. Dokumentu horretan oinarrizko aldarrikapen komunak betetzea exijitu zieten Sailari: kurtso hasierarako plangintza eta irizpide orokorrak eragileokin eta sindikatuekin negoziatzea; gertatu litezkeen 3 eszenatoki ezberdinei egokituriko osasuna eta segurtasuna bermatzeko protokoloak langileen ordezkariekin negoziatu, adostu eta betetzea; eta pandemiak sorturiko egoerari aurre egiteko beharrezko diren baliabide, ratio jaitsiera eta langileen gehikuntza arautzea, dagokion kasuan baliabide ekonomiko, pe­da­gogiko, formatibo eta pertsonalez hornitzeaz batera.

Hala ere, sindikatuen esanetan, eskaera guzti horiek ez dituzte bete. «Ekimen, eskaera eta idatzi haiek ordea, ez zuten erantzunik izan, eta ikasturte berriaren atarian, Hezkuntza Sailak jarrera berberarekin jarraitzen du», jakinarazi zuten joan den osteguneko prentsaurrekoan.

 

«Sindikatuokin interlokuziorik ez dago»

Joan den eguneko prentsaurrekoan Hezkuntza Sailak hartutako erabakien aurrean desadostasuna adierazi zuten langileen ordezkariek. Jakitera eman zu­tenez, «Sailak ez du argitu aurreikusitako zein eszenatokitan gaudela ulertzen duen ere». Sindikatuen esanetan, Sailak ez du  beraien hitza kontuan hartu, eta horregatik, bi aldeen artean interlokuziorik ez dagoela salatu zuten. «Neurriak aurrera eraman beharko dituzten langileen ordezkariekin ez da bilera bakar bat egon, aldebakarrez prestatu dituen protokoloen berri komunikabideen bitartez izan dugu».

Egindako adierazpenean, gai­­ne­ra, salatu zuten Sailak langileen ordezkariak eta ondorioz, langileak, «etengabe mespretatxen» dituela.  Izan ere, azaldu zu­­ten, «itunpeko patronalekin bil­­du den bitartean gurekin bildu gabe ere jarraitzen du».

Sindikatuen bozeramaileek adierazi zuten 2020-2021 ikasturterako aurkeztutako protokoloak «oso berandu» datozela, eta Sailak hezkuntza sare guztietarako irizpide komun eta argirik ez duela ezartzen helarazi zuten, erantzunen eske. Horregatik, sailak hartutako neurrietan «inprobisazioa nagusi» dela ere aipatu zuten.

Eta aipatutako beste gai bat abuztuko 28ko prentsaurrekoan sailburuak 1.000 irakasleen kontratazioaren aukera izan zen. «Kopuru eskasa izateaz gain, ez dakigu zein irizpideren baitan egingo diren, noiz egingo diren, ez eta egingo diren ere. Aukera hau gainera irakasleetara soilik mugatzen da, gainerako kolektiboetan ere plantila gehikuntzak erabat beharrezkoak liratekeenean». 

«Neurriak aurrera eraman beharko dituzten langileen ordezkariekin ez da bilera bakar bat egon, aldebakarrez prestatu dituen protokoloen berri komunikabideen bitartez izan dugu»

 

Hainbat eskaera egin dizkiote EAEko Hezkuntza Sailari

Egoera ikusita, sindikatuek hainbat eskaera egin zizkion EAEko Hezkuntza Sailari.

Lehenik, langileen ordezkariekin itzu­lerari begirako plangintza elkarbanatu, negoziatu eta adostu ahal izateko, Hezkuntza Sailak eta baita Patronalek interlokuzioa eta negoziazioa ak­ti­ba­tzeko eskatu zuten. Bestalde, lehenengo egunetik lanpostu guz­­tie­tan ordezkapenak betetzea exi­ji­tu zuten, eta horrekin batera, ikas­leen ratioak jaistea. Zehazki, ikas­geletan pertsonako 3 metro ka­rratu izatea, 1,5 metroko segurtasun distantzia eta espazio oku­pazio egokia bermatzeko, beti ere ikasgeletan 10-15 ikasleko gehienekoarekin. Eta aurreko es­ka­kizunarekin lotuta, garbiketa­ko ratioak egokitu eta metrajea ze­haz­teko ere eskatu zuten, «langile propio gehiago kontratatuz eta azpikontratazioari mugak jarriz».

Egindako beste eskaeretako bat jangela zerbitzua ikasle guztientzat bermatzea izan zen. Horretarako, azaldu zuten beharrezkoa izango zela «distantziak mantentzeko beharrezko neurriak hartzea eta berrantolatzea, ratioak egokituz eta lanpostu guztiak mantenduz». Eta eskolako zerbitzuekin modu seguruan jarraitzeko, eskola garraioan ere segurtasun eta garbitasun neurriak eskatu zituzten.

Sindikatuek EAEko Hezkuntza Sailari egindako beste eskakizun bat arrakalak bideratzeko neurriak ezartzea izan zen. Beharrezkoak ikusten dituzte «arrakala pedagogiko, sozial, tek­nologiko, eta bereziki euskarari dagokionari erantzuteko bitartekoak», ikasturte berri hau hasteko. Izan ere, ikasgelan landu behar diren gaiak jorratzeko beharrezkoak dira hainbat baliabide. Eta horren inguruan ere egin zuten eskaera: curriculumaren egokitzapen eta murriztea eskatu zuten, ikasgelan landu beharreko errealitateei arreta jarriz: doluaren tratamendua, irakaskuntza telematikoak sortu duena, etab.

Zaurgarrienak diren eta osasun arazoak dituzten langileak babesteko neurriak ezartzeko exijitu zuten sindikatuek, eta egoera honen aurrean «kontziliatzeko arazoak» izango dituzten langileentzat ere segurtasun neurri horiek eskatu zituzten.

Eta azkenik, azken hilabeteotan oihartzuna izan duen gaiari eutsi zioten: langileen plantila gehikuntza. Zehazki eskatu zuten irakasle zein hezitzaile plantila gehitzea aipatutako ratioak betetzeko beharrezko kopuruan, eta jarduera osagarrietan beharrezko plantilan gehikuntzak egitea eta propioen kontratazio gehigarriak gauzatzeko eskaera egin zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!