«Talde sinistuta dago edozertarako gai garela, Kontxako Bandera irabazteko ere bai»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 5a, 00:00
Xabat Pastor Donostiarraren lokalean

Xabat Pastor hernaniarra Donostiarrarekin ariko da bihar eta datorren igandean Kontxako Banderan. Aurrean dabiltzan sei traineruak ikusten ditu irabazteko aukerekin.

Kontxako Banderaren 125garren edizioa jokatuko da aurten. Edizio berezia jendeari etxean geratzeko mezua helarazi baitzaio. Pandemiak eragindako egoera horretan Xabat Pastor hernaniarra Donostiarran, Kaiarriba ontzian, ariko da bi jardunalditan eta «irabaztera» irtengo dira.

Kontxako estropadara nola iristen da Donostiarra?

Egia esan denboraldia oso oso borobila egin dugu. Orain Ligako sailkapenari begirada bat ematen badiogu ez digula asko eskertzen, Zarauzko asteburuak min asko egin zigun eta sailkapenean, baina asteburu hori kenduta erregularrenetakoak izan gara. Alde horretatik oso pozik gaude. Kontxara begira taldea sinistuta dago edozertarako gai garela, Kontxako Bandera irabazteko ere bai. Tope gaude eta gozatzera irtengo gara. Etorriko da etorri beharrekoak.

Etxean estropada irabazi zenuten. Beste batzuetan garaipenetik oso oso gertu geratu zarete, Portugaleten bezala. Denboraldiaren balantze orokorra ona izanik Kontxa ginda litzateke?

Nik uste beste taldeekin alderatuta presio gutxiago dugula edo beraiek gehixeago izan dezaketela. Guri kinieletan askok ez digute kontuan hartzen, atzerago sartzen digute. Gu ez gara aukeratik urrun ikusten eta usten dut lehendabiziko sei traineruetatik edozeinek irabazi dezakeela Bandera.

Zarauzko ikurriña eta gero Ligan aukerarik gabe geratzeak Kontxako prestakuntzan lagundu du?

Asteburu horrek amorrua eman zigun. Sailkapenean oso gertu geunden aurreneko postutik, lehendabiziko lauetan eta txanda nagusian eroso genbiltzan. Hori galtzeak amorru puntu hori sortu digu eta Kontxara begira jarri ginen arantza hori ateratzeko modurik onena delako. Erakutsi nahi dugu zertarako gai garen.

Liga berdindua egon da sailkapenean eta estropadetan ere alde gutxi egon da aurreneko sei taldeen artean.

Horrela da. Beste urtetan bi-hiru taldek aldea ateratzen zuten edo faboritoago ziren. Besteek irabazteko aukera izaten zuten, baina urrutiago zeuden kondizioek lagunduz gero. Aurten berriz estropada joan eta inork ez zuen argi faboritoa, edo sei taldeetatik edonork irabazi zezakeenaren sentsazioa egon da. Bakoitzak bere asteburu ona edo momentua izan du. Prestakuntzak eragin haundia izango du.

Pandemiak hankaz gora jarri du kirola aurten eta arrauna ere bai. Nabaritu duzue?

Eragin zuzena izan zuen konfinatuta egon ginen ia hiru hilabete horietan ergometroan entrenatzen. Gero, egia esan, guretzako ezusteko ona izan zen traineruan hasi eta sentitzea hasiera hasieratik oso ongi zihoala ontzia. Alde horretatik ez genuen asko nabaritu. Hasieran gerritako eta abdominaletako minak izan genituen, baina segituan moldatu ginen.

Zalerik gabe arraun egitea nabari al duzue? Arraro egiten zaizue?

Bai, batez ere estropada konkretu batzuetan. Adibidez Zarauzko ikurriñan eta Lekeition asko, eta zer esanik ez Hondarribikoan. Espigoia jendez lepo egoten da eta gertutik igarotzen zara zaleen txaloen artean eta aurten ez zegoen inor ere ez. Bestetik, bere alde ona ere izan du eta arraunlariak eta trainerua lasaiago egon gara 'kuriosoen' begiradarik gabe.

Benetan hustasuna Kontxako estropadan egongo da.

Hor bai eta pentsa agian irabaziko da edo pozik irtengo gara eta ez da zalerik egongo arranplan zain. Moldatuko gara, nahiz eta oso arraroa izan.

Denboraldi berezi hau orokorrean nolakoa izan da Xabat Pastorrentzat?

Etxeko hiru hilabeteak kriminalak izan ziren. Saioak bideokonferentziaz egiten genituen, baina gogorrena hori izan da. Denboraldian zehar asko disfrutatu dugu talde bezala. Orokorrean oso pozik nago eta ea orain borobiltzen dugun. Ea Ligan ere lortzen dugun bi postu igotzea. Gure helburua laugarren postu hori lortzea izango da. Sei punturen desabantaila dugu eta zaila izango da traineru gutxiagok hartzen dutelako parte.

Arraunean bakarrik ez, denboraldian zehar Hernanin gaztetxoekin aritzen zara entrenatzaile lanetan. Jarraituko duzu?

Aurtengo denboraldia oso arraroa izan da denentzat eta datorren denboraldian lanean hasiko naiz eta horrek denbora kenduko dit. Hala ere, astean zehar klubera laguntzera joango naiz bi egunetan.

 

Hernaniarrak ariko dira Tolosaldean, Hibaikan eta San Juanen

 

Aurten ordu bete aurreratu da estropada eta neskak 10:00etan hasiko dira eta mutilak berriz 11:00etan, iraileko lehendabiziko bi igandeetan.

 

Kontxan arituko den arraunlari hernaniar bakarra ez da Xabat Pastor. Nesken Kontxako Banderan ere arituko dira neska hernaniarrak ontzi desberdinetan banatuta. Honela, Hibaika izango da hernaniar gehien dituen taldea eta bertan Xabaten arreba den Joane Pastor, Garazi Arabiatorre, Nerea Irastorza, Uxue Alberdi eta Estitxu Zabala ere bertan ariko dira. Tolosaldean Itxaso Aranburu eta Eider Barba daude. San Juanen ere arraunean dabiltza Olaia Barriuso, Naroa Lizarreta eta Nahia San Argimiro.

Kontxako estropadak aurten ordu bete aurreratu dira eta neskak 10:00etan hasiko dira bi txandetan banatuta. Mutilen estropada 11:00etan hasiko da. Arraun Lagunak, Tolosaldea, San Juan eta Hondarribiak osatzen dute nesken lehendabiziko txanda eta Orio, Donostiarra, Zumaia eta Hibaikak bigarrengoa. Mutiletan aurrenekoan doaz Santurtzi, Urdaibai, Zarautz eta Donostiarra. Bigarren txandan egingo dute arraun Oriok, Hondarribiak, Zierbenak eta Cabo Cruzek.

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!