2020 Behobia-Donostia lasterketa bertan behera gelditu da, inguru erabat segurua bermatzea ezinezkoa zelako

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 2a, 00:00

Aurten ez da Behobiarik egingo, baina antolatzaileek hainbat aukera eskaini dituzte aurten izena emanda zeuden korrikalarientzat.

Dagokien erakundeei galdetu ondoren, Fortuna Kirol Elkartetik jakinarazi du «tamalez» 2020 Behobia-Donostia ez dela egingo. «Hilabete zailak izan dira, baina baita ahalegin, irudimen, analisi, azterketa eta ilusio handikoak ere, zeinetan lasterketa garaiko egoerara egokitzeko lasterketa plan bat landu dugun. Hala ere, pandemiaren egungo bilakaerak aurre egin beharreko aldagai gehiegi ditu», azaldu dute antolatzaileek.
Fortuna Kirol Elkartearen e­sanetan, «funtsezkoa» da Behobia osa­­­tzen duten pertsona eta lan talde guztiaren segurtasuna bermatzea: par­taideak, bolunta­rioak, osasun langileak, eta ba­ita ikusleena ere. Eta jakitera eman dutenez, «uneotan pertsona horiek guztientzat inguru erabat segurua bermatzea gure ahalmenetik kanpo dago».

Izena emanda daudenentzat, zenbait alternatiba
Hiru aukera azaldu dituzte antolatzaileek, aurtengo lasterketan izena emanda zeuden korrikalarientzat. Lehenengo aukera da izen ematea 2021eko (azaroak 14) edo 2022ko (azaroak 13) lasterketarako uztea. Bigarrena, izen ematearen salneurria bueltatzea, gehienez, 18 hilabeteko epean (kudeaketa gastuen 6 euro kenduta). Eta azken aukera izen ematearen kopuru osoa edo zati bat Fortuna Kirol Elkarteari dohaintzan ematea da.
Izen ematea ondorengo edizio baterako gordetzen dutenei, hurrengo egunetan Behobia Birtualerako 10 euroko deskontua bidaliko zaie e-postaz. Nolanahi ere, hiru aukeretako zeinen alde egiten den jakinarazteko epea irailaren 30ean amaituko da. «Galdetegiari erantzunik jaso ez badugu, izen ematea zuzenean gordeko dugu 2021eko lasterketarako», azaldu dute.
Joan den urtean bailarako 248 korrikalarik bukatu zuten lasterketa, eta CD Hernaniko Mikel Campos aurreneko postu­an hel­­mu­garatu zen, Behobia Txikian. Aurten, ordea, ez da Behobiarik izango, baina antolatzaileek esperantza mezua helarazi dute: «Badakigu kirola egitea onuragarria dela, horregatik, berme guztiekin egiten jarraitzera animatzen zaituztegu. Hurrengoan elkar ikusiko dugu. Aupa Behobia!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!