Koronabirusa

Irakaslegoan eta eskoletan «zalantza gehiago» sortu dute Jaurlaritzaren neurriek «soluzioak eman baino»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 30a, 00:00
Eskolara buelta desberdina izango da eta aurten maskarilla eraman beharko da.

Hezkuntzako sindikatuak aurka agertu dira eta beraien arabera, protokoloa «berandu eta gaizki» iritsi da. Zuzendari batzuk adierazi dutenez, neurriek ez dituzte ikasgeletara itzultzearen kontu garrantzitsuenak argitzen.

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak  egun batzuk aurretik egin bezala, ikasturte berrirako neurriak plazaratu zituen ostiralean. Oihartzun haundia izan dute Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ezagutarazitako neurriek eta hezkuntzako hainbat sektore aurka agertu dira. Horien artean daude ELA, Steilas, CCOO eta LAB sindikatuak. «Kontratazioak oso berandu egin dira uztailean ikasle kopurua zenbatekoa zen jakina zenean. 6.000 irakasle berri behar dira eta irailaren 2an baja asko egongo dira irakasle asko eta asko arrisku faktore direlako eta isolamenduan daudenak ere badaudelako».
Protokoloa «berandu eta gaizki» iritsi dela salatu dute, eta beraien ustez, protokoloak «zehaztasun eza, inprobisazioa eta aldebakartasuna» ezaugarri dituzten neurriak jasotzen ditu. 
Neurrien artean, «mailakako itzulera da berritasun bakarra, eta horrek ez dakar osasun prebentzioaren berme gehigarririk», eta protokolo berria Jaurlaritzaren «propaganda hutsa» baino ez da. «Ez daude garbiketako eta sukaldaritzako langileen birusen aurkako prestakuntza espezifikoa, ikasleei eskola jantokietan arreta emateko araudi espezifikoa eta hezkuntza laguntzako langileentzako oinarrizko jarraibideak».
Sindikatuak ez dira zalantza duten bakarrak. Eskoletako zuzendari eta zuzendaritza taldeek beraien zalantzak adierazi dituzte. «Iragarritako neurriek ez dituzte ikasgeletara itzultzearen kontu garrantzitsuenak argitzen. Zalantza gehiago sortu dizkigute, soluzioak eman baino» diote. 
Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak harturiko erabakiek Hernaniko Institutua, Lanbide heziketa, Aratz ikastetxea, Urumea ikastola, Langile ikastola, Txirrita eskola, Astigarragako Herri Eskola eta Goizuetako Xalto eskolari eragiten die.

DBH 3-4 eta Batxilergoa irailaren 15ean hasiko dira
Aldaketa nabarienetakoa ikasturtea hasteko egutegian egongo da. Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHko lehen eta bigarren mailan: irailaren 7an hasiko dira aurreikusten zen bezala. Baina DBH 3garren eta 4garren mailako ikasleak eta  Batxilergokoak irailaren 15ean hasiko dira. Lanbide Heziketakoak irailaren 14an hasiko dira. Goi mailako eta bigarren mailako zikloetan, eta 16an lehenengo mailakoak. Erdi mailako zikloak geroago hasiko dira: bigarren mailakoak, hilaren 21ean, eta lehen mailakoak, 23an. Oinarrizko zikloetan, irailaren 14tik 30era itzuliko dira. Nafarroan irailaren 4an. 

Maskarak 6 urtetik gora eta positibo batekin harreman estukoek isolamendua
6 urtetik aurrerakoek erabili beharko dute maskara, baita 1,5 metroko tartea mantendutakoan ere. Salbuespen bat egingo dute: LH1eko eta LH2ko bizikidetza talde egonkorretan maskara kendu ahal izango dute aire zabaleko ekintzetan, ikasleen artean kontakturik ez badago.
Positibo emandako haurra bizikidetza talde egonkorrekoa denean, kontaktu estutzat hartuko dituzte taldeko guztiak; ez denean, berriz, ikastetxeko harreman estuak identifikatuko dituzte. Horiek etxean egon beharko dute berrogeialdian.

Agerraldia hiru positibo daudenean eta kontrolik gabe itxi egingo da
Agerralditzat hartuko dute hiru pertsonak edo gehiagok positibo ematea. Hiru egoera aurreikusi dituzte: agerraldi «kontrolatuak» edo noizbehinkako kasuak, agerraldi «konplexuak», eta «kontrolik gabeko» transmisio komunitarioa egotea. Hirugarren egoera horretan, beste neurri batzuk hartzea aztertuko dute, eta, azkenik, baita ikastetxeko eremu bat edo ikastetxea bera ixtea ere.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!