'Izan bidea' ekimenaren baitan Astigarragan elkartuko dira bi zutabe, bat Hernanitik aterata

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 29a, 00:00

Mendi martxa gaur Gudarien plazatik irtengo da 10:00etan eta 12:30etan elkartuko dira Errenteriatik datorrenarekin, Foru Plazan.

Euskal presoen egoera salatzeko gaur Hernani eta Errenteriako Sarek elkarlanean gazte ekimen bat antolatu dute gaur. Ekimen hau, mendi martxa bat izango da eta bi zutabe izango ditu. Alde batetik, Errenteriatik zutabe bat aterako da 09:30etan Foru plazatik (Xenpelarretik). Bestetik, Hernaniko zutabea 10:00etan aterako da Gudarien plazatik. Bi zutabe hauek Astigarragan bat egingo dute. Ekimenari amaiera emateko 12:30ean ekitaldia burutuko da Astigarragako Foru enparantzan. «Ehunka dira oraindik ere espainiar eta frantziar espetxeetan dispertsaturik jarraitzen duten euskal presoak. Giza eskubide urraketa horri gehitu behar zaizkio Covid 19a dela eta presoek bereziki bizi behar duten egoera prekarioa. Horrez gain, ezin aipatu gabe utzi larriki gaixo dauden presoen egoera, hauen eskubideak birritan zapalduak geratzen direlako» dio Sarek.

3.127.326 kilometro egingo dira
Gazte ekimen hau Sareren Izan bidea ekimenaren baitan kokatzen da: «preso eta iheslarien etxeratzearen, konponbidearen eta bakearen alde kilometroak egiteko batu garen milaka eta milaka herritarrek abiatutako dinamika. Dinamika hau erronka batean oinarritzen da: 3.127.326 km egitea; hau da, Euskal Herriak dituen biztanle adina kilometro. Kilometro hauek era ezberdinetan egingo ditugu, gure aldarriak soinean hartu eta ibilian dabilen herri bat garela erakutsiz. Eta gazteok ere bide horretan lehen lerroan gaude!».
Beraz dei egiten die jendarteari eta bereziki gazteei ekimenean parte har dezaten. Egoera dela eta musukoak eramateko deia egiten dugu. Horrez gain, ekimen guztian zehar segurtasun neurriak bermatuak egongo dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!