Ekonomia

Aldundiak 74.000 euro bideratuko ditu Beterri eskualdean ekonomia suspertzeko plan bat garatzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 27a, 00:00

Helburua da krisialdiak enpleguan eta jarduera ekonomikoan duen eragina arintzea, eta susperraldirako oinarriak ezartzea. Guztira 825.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuen eskualdeko ikuspegiaren ekarpenaren bidez Gipuzkoako sare sozioekonomikoa suspertzeko programaren diru-laguntzak emango direla. Diru-laguntza horietara 825.000 euro bideratuko dira 2020. eta 2021. urteen artean.  Programa horren bidez, eskualde mailako estrategiak, gaitasunak eta dinamikak bultzatzen dira, eremu sozioekonomikoa berraktibatzeko, helburutzat hartuta jarduera ekonomikoa, enplegua, gaitasun lehiakorra eta eskualdeen kohesio soziala mantentzea eta indartzea.

Diputatuak azpimarratu zuenez, lurraldeko eskualde guztiek jasoko dituzte deialdi honetako laguntzak.  Andoaingo Udalak 74.000 euro jasoko ditu, Beterri eskualdean ekonomia suspertzeko plan bat garatzeko. Hor sartzen dira Hernani, Astigarraga eta Ereñotzu.

Deialdiaren helburua da, epe laburrean, Covid-19aren eragina minimizatzea, eskualde mailako erakundeen gaitasunak indartuz, ETEei eta autonomoei lehentasuna emanez.  Epe ertain-luzera, eskualde mailako sareak eta aliantzak sendotu nahi dira, eskualde bakoitzaren berezitasunetara egokitutako sustapen ekonomikoko estrategiak garatu ahal izateko, haien indarguneetan eta ahulguneetan oinarrituta, pandemiak ekarritako erronka eta aukera berriei erantzuna emateko.  «Funtsean, garapen agentzien eta eskualdeko eragileen hurbiltasuna, haien ezagutza eta sare ekonomikoan sartzeko gaitasuna aprobetxatu nahi ditugu, krisiak enpleguan eta jarduera ekonomikoan duen eragina arintzeko, eta lankidetzan, ahalik eta azkarren suspertzeko oinarriak jartzeko», adierazi zuen Imanol Lasa diputatuak. 

Suspertze sozioekonomikoa bultzatzen laguntzen duten prozesuak eta dinamikak sustatzen dituzten proiektuak lehenesteko egin da. «Jarduera ekonomikoaren sustapenean oinarritutako ikuspegia partekatzen dugu eskualdeekin, Gipuzkoak bereizgarri duen gizarte-kohesioa indartzeko oinarri gisa.  Gure egiteko modua ezaugarritzen duten balio batzuk daude, eta horiei esker lehenago ere gainditu ahal izan ditugu oso egoera zailak, eta oraingoan ere  horrela izango da», errebindikatu du Lasak.

Lehiakortasunari lotuta eta krisiari aurre egiteko, Beterrin

Nolanahi ere, proiektu bakoitzak bere berezitasunak izan­go ditu, eskualde bakoitzaren errealitate so­­zioekonomiko­ari eta pandemi­ak eskualde ba­­koi­­t­ze­an duen eraginari egokituta. 

Oarsoaldeak, Urola Erdiak, Urola Garaiak, Beterrik eta Debagoienak krisiaren aurkako eta lehiakortasunari lotutako hainbat jarduera egingo dituzte. Jarduketa horiek 2020ko martxoaren 14tik 2021eko apirilaren 30era bitartean egin beharko dira. 

Ekonomia Sustapeneko Departamentuko oinarrizko deialdietan bezala, programa honen aurrekontu zuzkidurari eutsi zaio, eskualdeetako eragileei ere baliabideak errazteko; izan ere, epe laburrean ahaleginak egin behar izan dituzte krisiaren ondorioak arintzeko, eta horrek eragina izan du haien egoera ekonomikoan.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!