Abuztua Donostian ekimenaren barruan kirolak izango du gaur protagonismo nagusia eta kirolaren barruan batez ere arraunak. Emakumezkoen modalitateko traineru estropada jokatuko da Urumea ibaian. Mundaizetik irten eta bertara helduko dira. Estropada 20:00etan hasiko da eta bertan zazpi traineruk hartuko dute parte erlojuz kontrako estropadan.
Gainera Euskotren liga eta ETE Ligako traineruak elkarren aurka ariko dira, baina Orio eta Tolosaldea, bi garaileak faltako dira.
Donostiarrak antolatzen du estropada eta bertan izango dira Liga nagusian bigarren sailkatu diren donostiarrak eta beraiekin batera Hondarribia, Zumaia edota Hibaika besteak beste. Gogoratu behar da Hibaikako taldean Hernaniko hainbat neska dabiltzala arraunean.
Pelota partiduak Trinitate plazan eta Antiguon
Pelotak ere leku berezia izango du. 11:00etan eta 16:00etan Trinitate plazan txapelketako partiduak jokatuko dira eta 18:30etan Antiguoko 72. Pilota Txapelketako emakumezkoen txapelketa eta gizonezkoen semifinalak, Antiguoko frontoian. Antton Apezetxea goizuetarrak, Fernandez bikotearekin batera, Unai Alberdi eta Santamariaren aurka lehiatuko dira.
Txapelketako final haundia larunbatean jokatuko da, goizeko 11:00etan. Goizuetarrak txapela irabazteko aukera du.
Bestetik, egun osoan zehar Escape street: La leyenda del mercader de relojes jokoan ariko da gazte talde bat, eta Txaranga ibiltariak hirian zehar.