Sagardoak elkartzen gaitu ekimena jarri zuen martxan, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Bertsozale elkarteak eta Musika Bulegoak. Sagardotegiek, bertsolaritzak eta musikak egin dute bat, uztailean eta abuztuan egin diren bost saio berezietan eta azkena larunbatean eskainiko da, 20:30etan, Irungo Ola Sagardotegian. Bertso afaria izango da eta bertan ariko dira bertsotan Angel Peñagarikano, Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze eta Andoni Egaña.
Herritarrek sagardoaren mundua beste modu batera ezagutzea, udara honetan, nahi izan da eta garai hauetan bertsolaritzak eta musikagintzak izan dituzten zailtasunetan horrelako ekimenek garrantzi berezia hartu dute. Aurrera begira espero da Bertsozale elkarteak eta Sagardogileen elkarteak elkarlanean jarraitzea. Gainera bertako produktua kontsumitzera bultzatu du osasun krisiak, baina «lan asko» dagoela egiteko oraindik diote protagonistek. Ekimenak «sagardogintzarekin daukagun altxorra nabarmentzeaz gain, euskal kulturari balioa» ematen dio.
Erreserbak egin daitezke
Azken saio honetarako ere erreserbak, bertsosarrerak.eus eta sagardoa.eus webguneetan 40 euroren truke. Udaran zehar Sagardogileen elkarteak antolatu dituen gainerako planak erreserbatzeko, sagardoa.eus web orrian bertan izango da aukera. Zuzenean egin daitezke erreserbak, eta bilaketak egitea ere erraztu nahi izan dute: menuaren arabera, familian joateko egokienak, herriaren arabera... Sagardoa ere erosi daiteke bertan, eta 44 sagardo ezberdin daude aukeran. Eskaera egin, eta etxera eramaten dute.