Koronabirusa

Hernanin, batez ere, eta Astigarragan nabarmen igo dira Koronabirus kasu positiboak azken astean

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 26a, 00:00

Maskarilla babes neurria da eta erabili beharrekoa.

Azken zazpi egunetan 25 kasu berri atzeman dira Hernanin eta guztira 115 pertsona kutsatu dira pandemia hasi zenetik. Sei kasu berri daude Astigarragan eta denera 32 pertsonek eman dute positibo martxoaz geroztik.

Koronabirusaren bigarren olatuan gaudela ez dago dudarik eta Gipuzkoan, azken aste honetan ari da edukitzen indar haundia. Hernani eta Astigarraga ez dira salbuespena eta kasuak asko igo dira azken astean.
Astigarragako Udalak ohar batean adierazi duen bezala. «Azken astean 0tik 6ra igo da koronabirus kutsatuen kopurua Astigarragan. Martxotik maiatzera 21 kasu positibo erregistratu ziren herrian. Ekainean eta uztailean, datuen arabera, ez zen kutsaturik egon; eta azken astean 6 kasu positibo berri zenbatu dira. Azken asteko sei kasuak kontrolpean dauden arren, erne egon behar dugu eta segurtasun neurriak zorrotz bete».
Atzoko datuak batuta Astigarragan pandemia hasi zenetik 32 izan dira kutsatuak edo hobe esanda kutsatu direla baieztatu­ak. Esan behar da horiek ez direla aktiboan dauden kasuak, kutsatutako gehienak edo ia denak alta jaso baitute dagoeneko. 
«Goranzko joerarekin amaitzeko zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko eskatzen dizuegu» dio Astigarragako Udalak. 

Hernanin azken astean martxoa osoan adina kasu eta apirilean baino gehiago
Astigarragan bezalaxe, Hernanin ere azken astean eta batez ere az­ken ostegunetik gorakada nabaria egon da kasu positiboetan. 
Azken astean 25 kasu berri atzeman dira eta guztira 115 pertsonek eman dute positibo martxoan krisia hasi zenetik. Uztailetik eboluzioa goranzkoa da nabarmen. Ekainaren 1era arte 60 kasu batu ziren Hernanin. Ekainean sei gehitu ziren eta 66 ziren uztailaren 1ean. Uztailean hasi zen goranzko joera eta abuztuaren 1ean 78 ziren kasuak. Abuztuan dagoeneko 36 kasu berri gehitu dira eta kutsatu gehien bildu den hilabetea izaten ari da alde haundiarekin. Martxoa eta apirilaren gainetik. Lehenengo hilabetean 27 izan zen zenbakia eta apirilean 20 gehitu ziren. 
Beraz, hilabetez hilabete datuak kontuan hartuta abuztuan 36 kasu atzeman dira oraingoz, martxoan 27, apirilean 20, 13 maiatzean, sei ekainean eta 12 uztailean. Eta lehen aipatu bezala azken astean, 25ekin, ia martxo osoko kasuak egon dira. 
Segurtasun neurriak: Musu­koa erabili, eskuak maiz garbitu, beste pertsonekiko segurtasun dis­tan­tzia mantendu, pi­laketak eki­din eta leku itxiak sai­hestu.  Sin­to­mak edukiz gero, etxe­an gel­di­tu eta osasun zentrora deitu be­har da.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!