Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak eta Santos Indurain Osasun kontseilariak aurreko ostiralean jakitera eman zituzten Nafarroako ikastetxeetan hartuko diren neurri berriak, COVID-19ak sortutako pandemia egoera dela eta Kronikan argitaratu bezala, baina Euskal Autonomi Erkidegoan oraindik ez da planik argitaratu. Protokolo batzuk daude aurreikusita pasa den ekainetik agertoki desberdinen aurrean eta gaur biltzekoa da Hezkuntza Batzordea.
Dagoeneko 13 egun baino ez dira falta 2020-2021 ikasturteari hasiera emateko, eta, COVID-19ak eragindako ziurgabetasunaren testuinguruan, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) oraindik zalantza ugari daude ikasgeletara itzultzeko orduan ezarriko dituzten neurrien inguruan. Dena dela, koronabirusari aurre egiteko jarraibide orokorrak jasotzen dituen jarduera-protokolo orokor bat landu du Eusko Jaurlaritzak.
Ikastetxe bakoitzak bere beharretara egokituko ditu neurriak eta PCR probak ez irakasle guztiei
Zehazki, ikastetxe bakoitzaren esku egongo da neurri orokor horiek bere beharretara egokitzea, betiere protokoloan ezarritako jarraibideak kontuan izanez. Protokolo hori ekainean prestatu zuen Jaurlaritzak, eta pertsonen segurtasun eta osasun-baldintzak bermatzea du helburu.
Horren harira, ikasturtea hasi aurretik irakasleei PCR probak egingo dizkietela adierazi du Osasun Sailak, baina ez guztiei. Hala, transmisio arrisku gehien duten irakasleen artean gaitza atzemateko detekzio-probak modu selektiboan egitea aztertzen ari da Jaurlaritza.
Ildo horretatik, Nekane Murga Osasun sailburuak atzo SER irratian egindako elkarrizketan adierazi zuenez, adituekin lanean ari dira jada proba horiek zeini eta zein egoeratan egin behar diren ikusteko, «benetan eraginkorrak izan daitezen».
«Sukarrarekin ez da ikastetxera joan behar»
Hori dela eta, ikasturte berriaren hasierari begira, COVID-19arekin bateragarriak izan daitezkeen sintomak (sukarra, adibidez) dituzten haurrak ez direla ikastetxera joan behar adierazi zuen Murgak, eta ikasgelan balizko kasuren bat atzemanez gero, gainerako klasekideetatik isolatu eta haien kontaktu estuak identifikatuko dira.
Eusko Jaurlaritzak ez du aurreikusi, oraingoz behintzat, irakasle guztiei PCR proba egitea ikasturte berrira itzuli aurretik, Galizian ez bezala (han irakasle guztiei egin nahi dizkiete probak). «Pertsonei behaketa sistematikoak egitea batzuetan ez da baliagarria, gaitza egun batetik bestera aldatzen den infekzioa baita», gaineratu du Murgak.
'Burbuil taldeak', ikasleak azpitaldeetan banatuz
Bizikidetza egonkorreko taldeak, 'Burbuila taldeak' izenekoak, beste maila batzuetara zabaltzeko aukera aipatu zuen Osasun sailburuak, hasiera batean Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako 2. mailara arte aurreikusita zeudenak. Osasun-lokarri birtualak ezarri nahi dira, eta ikasleak azpitaldeetan banatu. Azpitaldeetako kideek ikastetxean dauden bitartean soilik izango dute harremana elkarren artean. Hau da, bai gelan, bai eremu komunetan, hala nola jolastokietan.
Gaur egun, Hezkuntza Sailak ez du aurreikusten gelako espazio fisikoa zatitzea, eskolak normaltasunez garatzea eragotziko lukeelako eta irakaskuntzari eragingo liokeelako.
Kezka HEIZE euskal eskola publikoko zuzendari elkarteak
Eskolak hasteko bi asteren faltan, plan zehatzik ez edukitzeak kezka eragin du HEIZE euskal eskola publikoko zuzendari elkartean. Argi dute aurrez aurreko eskoletara itzultzea lehenetsi behar dela, baina horretarako hezkuntza eragileekin harremanak sendotu eta lidergoa hartzea eskatu diote Jaurlaritzari.
Sindikatuen ustez «ez dira nahikoak eta ez dira egokiak dagoen errealitaterako»
Euskal irakaskuntza publikoko sindikatuek Hezkuntza Sailak diseinatutako ikastetxera itzultzeko planaren aurka egin zuten aurreko astean, bai edukiagatik, bai sektorearekin elkarrizketarik ez izateagatik. Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek adierazi zutenez, Hezkuntza Sailak ikasturte hasierarako proposatutako babes neurriak «ez dira nahikoak eta errealitaterako ez dira egokiak». Gainera, Cristina Uriarte sailburuari leporatu diote «bat-batean» erabaki izana, «Hezkuntza agenteekin kontatu gabe eta sindikatuen proposamenei entzungor egin ostean».
Sindikatu guztiak bat etorri ziren Sailari «langile gehiago kontratatzea, osasun babesaren inguruko prestakuntza handiagoa eta eskolei segurtasunez aurre egiteko baliabide gehiago» eskatzeko.
Ildo horretan, ikasgelako ikasle-ratioa murriztea eta jarduteko protokolo «bakarra, argia eta adostua» eskatu zuten, «Kutsadurarik gertatuz gero jarduteko».
Kritikoago agertu da ELA sindikatua, «udan lanik egin ez eta pisu guztia ikastetxeen gain utzi nahi izatea» leporatu dio Eusko Jaurlaritzari.