Gazteok Bidean

Izan Bidea dinamikaren harira, gazte ekimena egingo dute larunbat honetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 24a, 00:00

Hernani eta Errenteria-Orereta lotzea da gazte martxaren helburua. Astigarragan amaituko da dinamika, 12:30etan egingo den ekitaldian.

Euskal presoek bizi duten egoera salatzeko helburuarekin, larunbatean Hernani eta Orereta-Errenteriako Sarek elkarlanean gazte ekimena antolatu dute. Dinamika mendi martxa bat izango da, eta bi zutabe izango ditu. Alde batetik, Orereta-Errenteriatik aterako den zutabea. Hau 09:30etan aterako da Foru plazatik (Xenpelarretik). Bestetik, Hernaniko zutabea; Gudarien Plazatik aterako da hau, goizeko 10:00etan.

Bi zutabe hauek Astigarragan bat egingo dute. Eta ekimenari amaiera emateko, ekitaldia burutuko da Astigarragako Foru enparantzan, 12:30etan.

 

Milaka kilometro egitea da dinamika honen erronka

Larunbateko gazte ekimen hau Sareren Izan Bidea ekimenaren baitan kokatzen da. «Preso eta iheslarien etxeratzearen, konponbidearen eta bakearen alde kilometroak egiteko batu garen milaka eta milaka herritarrek abiatutako dinamika da», azaldu dute.

Eta dinamika hau erronka batean oinarritzen da: 3.127.326 km egitea; hau da, Euskal Herriak dituen biztanle adina kilometro egin nahi dira. «Kilometro hauek era ezberdinetan egingo ditugu, gure aldarriak soinean hartu eta ibilian dabilen herri bat garela erakutsiz. Eta gazteok ere bide horretan lehen lerroan gaude!».

Hernaniko eta Orereta-Errenteriako Sarek deialdia luzatu di­­ete herritarrei larunbatean ekimenean bat egiteko. Baina a­zaldu dutenez, gehienbat gazteei zuzendutako deialdia da. «Jantzi zapatilak eta etorri gurekin etxerako bidea egitera! Denon artean lortuko dugu! Gazteok bidean!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!