Koronabirusa

Neurri berriak ezarri dira EAEn eta Nafarroan

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 19a, 00:00

Gainontzeko neurriez gain, maskarillaren erabilera derrigorrezkoa dela gogorarazi dute.

Osasun larrialdia dekretatu ondoren, lehen neurriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Nafarroan ere neurri berriak hartu dira.

Astelehenean ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia eta atzo bildu zen Labi batzordea (Larrialdiari Aurre Egiteko Bidea) lehen neurriak zehazteko. Iñigo Urkullu, sailburuak eta diputazioetako ahaldun nagusiak izan ziren bileran. Guztien artean adostu zituzten neurriak aste honetan jarriko dira martxan.

Koronabirusaren agerraldi­ak EAEn eta Nafarroan izandako gorakada nabarmenari aurre egi­­teko asmoz ezarri dira neurri mu­­­rriz­­taile berriak. Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak iraga­rri­­tako neurrien artean, kalean zein leku itxietan gehienez 10 per­tso­na elkartu ahal izango dira, jar­duera edozein dela ere; ez da onar­tuko hori baino jende kopuru altuagorik elkartzea ez terrazetan, ez parkeetan eta ez kirol jar­dueretan ere. Taberna edo jatetxeetan, eserita egon be­har­ko dira. Barra zerbitzuan, ma­hai­en ar­tean eta terrazetan 1,5 metroko dis­tantzia bermatu be­harko da. 

Ostalaritzarekin jarraituz, 01:00etan itxiko dira taberna eta jatetxeak, eta ezingo da bezero berririk onartu 00:00etatik aurrera. Elkarte gastronomikoek eta peñek ere 01:00etarako itxita egon beharko dute. Diskoteka, dantzaleku eta gisakoek itxi egin beharko dute. 


Erretzea debekatuta 2 metroko distantzia mantendu ezin bada

Debekatuta dago erretzea bide publikoan edo aire zabaleko espazioetan, pertsonen arteko 2 metroko distantzia mantendu ezin denean. Alkohola edatea ere debekatuta dago kalean, bide publiko, parke edo plazetan. 

Adinekoen eta desgaitasunen bat duten pertsonen egoitzetan, gehienez 72 orduko au­rre­­ra­penarekin egingo zaie PCRa sarrera berriei, baimen eta opo­rre­tatik itzultzen diren langile­ei eta langile berriei. Bisitei dagokioenez, egoiliar bakoitzeko pertsona bakarra onartuko da (bi­­zi­tzaren amaieran egonez gero izan ezik), eta bisitak mailakatzea bermatuko da.

Kaleko jardueran, garraio publikoan eta gurtza lekuetan ere, neurri berriak

Federatuak ez diren kirol eta jarduera fisikoak, aire librean, indibidualki edo taldean egin ahal izango dira, kontaktu fisikorik gabe eta eta gehienez 10eko taldeetan. Igerilekuetako eduki­erak %60ra murriztuko dituzte, eta gehienez ere hiru orduz egon ahal izango da bertan. 

Eusko Jaurlaritzak iragarritako beste neurrietako bat garraio publikoaren ingurukoa da. Autobusak, metroak, trena eta bestelakoak, 01:30ean amaituko dira. Gainera, bi orduko bidaiak baino laburragoak direnetan, ezingo da jan. Eta gurtza lekuei dagokioenez, hartutako beste neurrietako bat da beilatoki eta hiletetan gehienez 30 pertsona egon ahalko direla, barruan zein kanpoan izan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!