Aste Nagusirik ez da izango aurten Donostian. Hala ere, jai egitarau berezia antolatu du Udalak, eta egiteko ugari daude abuztuko hilabete osoan zehar. Aste honetan ere, ez da aspertzeko unerik izango hiriko kaleetan.
Gaurko egunean pilotak izango du protagonismoa. Izan ere, eguerdian eta arratsaldean ere, txapelketak jokatuko dira. Eguerdikoa Trinitate plazan izango da, Alde Zaharrean. Egitarauaren arabera, 15:45etan hasi eta 17:15etan bukatuko da. Gero, arratsaldean, 72garren Antiguako Pilota Txapelketa izango da, 19:00etatik 21:00etara bitartean. Antiguako frontoian jokatuko dira partiduak.
Pilota ez ezik, beste egitekoak ere izango dira Donostian. Izan ere, beste zenbait egunetan egin duten moduan, txaranga ibiltariak kaleak alaituko ditu 18:30etatik 20:00etara bitartean. Antolatzaileek diote, «kalean ez da faltako musika, ekitaldi ibiltari bihurtuta».
'Escape Street', egun osoan
Erlojuen saltzailearen kondairan emozioz eta asmamen-jokoz betetako 120 minutu izango dituzte parte hartzaileek, Donostiari buruz kontatuko dizkieten kondaira eta istorioekin girotuta. «Joko berritzaile honetan hiriaren ingurunearekin elkarreraginean arituko zarete eta hiriaren historia ezagutuko duzue, inoiz pentsatu ez duzuen bezala», aurreratu dute.
Jarduera 2 eta 4 lagun bitarteko taldeentzat dago antolatuta. Izen ematea doakoa da eta online egin behar da. Hala ere, jakinarazi dute plazak mugatuak direla eta horregatik, parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena.