Hondakinak

Mendi publikoetako aisialdirako lekuen erabilera arduratsua egiteko eskatu du Foru Aldundiak

Kronika - Erredakzioa 2020ko abu. 17a, 00:00
Aiako Harrian edukiontziak gainezka eta zaborra lurrean aurkitu daitezke.

Ereñotzuko Auzoudalak eta Goizueta eta Aranoko Udalek ere eskatu dute ibaia zaintzea. Hondakinak egokitutako edukiontzietan utzi behar dira, eta hauek egon ezean hiriguneetako edukiontzietara eraman behar dira.


Mendi publikoetan kokatutako hainbat aisialdi leku daude Gipuzkoan; atsedenerako eta aisialdirako egokitutako gune naturalak dira hain zuzen. Naturarekin loturiko aisialdirako guneak dira, non  hiriko erritmotik deskonektatu eta familian edo lagunartean landa gunean egun bat pasatzeko egokiak diren. Aisialdi gune hauek hainbat hornikuntza dituzte gipuzkoarren gozamenerako: mahaiak, iturriak, zerbitzuak, haurrentzat jolasak eta erregailuak kasu batzuetan.
Aurten, COVID-19 gaitzak eragin duen ezohiko egoeragatik agian,  gune hauen erabiltzaile kopurua nabarmen igo da. Gipuzkoako Foru Aldundiak gune hauen erabilera arduratsu bat egiteko eskaera egin du, osasun sailak emandako segurtasun distantziak mantenduz eta higiene eta prebentzio neurria errespetatuz. 
Horretaz gain, herritar batzuk ez dute sortutako hondakinaren kudeaketa zuzena egiten eta ondorioz, Aldundiak gogorarazten du hondakinak egokitutako edukiontzietan utzi behar direla eta hauek beteta egongo balira, berriz, hondakinak egokitutako hiriguneetako edukiontzietara eraman behar direla. Lurrean utziz gero, animalia basatiek poltsak zabaldu eta hondakinek sakabanatuta amaitzeko arriskua baitago.   
Bestalde, aisialdirako gune hauetako batzuetan ez dago zaborrontzirik, mendiko landa eremuan kokatzen direlako, eta kasu hauetan sortutako hondakinak hiriguneetako edukiontzietara eraman behar dituzte erabiltzaileek. Aldundiak, guztien onerako, gune hauek topatu bezala uztea eskatu die herritarrei. Gogorarazten da, basozainak beharrezkoa dela ikusi ezkero, 100 eta 1.000 euro arteko isunak jar ditzakeela gune hauen erabilera okerragatik. Web orrialde honetan topa daiteke Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituen aisialdirako guneen inguruko informazioa: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/mendiak-eremunaturalak/aisia-natura/atsedenlekuak.

Urumea ibaian ere arazo berdina dago
Mendi publikoetako arazo berdina pairatzen dute Ereñotzu, Arano eta Goizuetako Auzoudal eta Udalek udara guztietan. Behin eta berriz eskatu izan dute jendea arduratsua izatea. Azken urteetako arazo potoloetako bat da, Urumea bailaran, bisitariek ibaiaren bazterrean uzten duten zaborra. 
Behin eta berriro eskatu dute bailarako udal ezberdinetako ordezkariek, ibai bazterrak garbi mantentzea; baina arazoak bere horretan jarraitu egin du, eta areagotu ere egin da, zenbaitetan.
Horregatik, uda hasieran, «arduraz jokatzeko» mezua helarazi nahi izan zuten berriro, eta bertatik bertara egin zuten hori, Aranoko eta Goizuetako alkateek; Joxan Ruizek eta Unai Mirandak, hain justu.
Ekaina amaieran, ibai bazterrera hurbildu ziren, bisitariengana, zaborren bilketari buruzko informazioa banatu eta arduraz jokatzea eskatzera. Eta bide batez, bertan zeuden zaborrak bildu zituzten. «Espero dugu honek eragina izatea, eta zaborren inguruko kudeaketa on bat eginez, denok zentzuz jokatzea». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!